Siriako gerra. Turkiaren inbasioa Rojavan

Gerrak jaialdia eten du

Kurdistan banatzen duen mugari itsatsita dago Serekaniye hiria. Turkiaren eta islamisten mehatxupean bizi izan da aspaldian, baina proiektu kultural eta politikoei eusten saiatu da.

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun

Serekaniye Turkiako Kurdistango mugaren ondoan dagoen hirietako bat da. Duela hilabete batzuetatik Rojavako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren laugarren edizioa prestatzeko lanetan ari zen Zinemaren Komuna. Izan ere, nahiz eta herritarrak etengabe mehatxupean egon, Serekaniyek sendo eutsi nahi izan die proiektuei, erakusteko Rojavako eredu politiko eta kulturalak egoki jarraitzen duela aurrera; eta ez hori bakarrik, baita geopolitikaren interesak herritarren beharrei eta nahiei gailentzen zaizkien gatazka horren irtenbide politiko bakarra dela aldarrikatzeko ere. Uda osoan Zinemaren Komunak haurrentzako filmak proiektatu ditu, baita herrixkarik txikienetan ere, eta azken aldian jaialdiaren edizio berrian parte hartuko zuten filmak aukeratzen ari ziren. «Sentimendurik nabarmenena, une honetan, etsipena da», esan du Azav Evdike zinema zuzendari, argazkilari eta irakasle ohiak. «Baina ez amerikarrengan konfiantza genuelako gure iraultza eta proiektua babesteko, AEBen erabakia bizkarretik labana sartzea bezala izan delako baizik».

«Mundu osoaren» arazoa

Kurduentzat emandako hitza negoziatu ezin den konpromiso bat da, eta Donald Trump AEBetako presidenteak hori zapaldu izana oso mingarria da. «Ohituta gaude gure konkistak bakarrik defendatzera, horregatik ez genuen ezer espero amerikarrengandik edo nazioartearengandik; konpromisoekiko errespetua, besterik ez», adierazi du Evdikek. «Gehienbat, ISISeko [EI Estatu Islamikoko] milaka atxilotu eta haien senideak gure atxilotze zentroetan eta zelaietan daudelako». Evdiken ustez, EI ez da «kurduen arazoa bakarrik, mundu osoarena baizik».

Serekaniyeri Ras al-Ain esaten diote arabieraz, eta Res Ayna arameeraz. K.a. 2000. urtean sortu zuten, Mitani inperioaren garaian, eta gaur egun, ekialderago dagoen Qamixli hiria bezala, bitan zatitua dago Turkiaren eta Siriaren artean. Hiria 2013ko urtarril eta uztail artean askatu zuten Al-Nusra Frontearen eta FSA Siriako Armada Askearen okupaziotik. Serekaniye barrutia Jazira kantonamenduan dago, eta 279 herrixkak osatzen dute. Kurduak, arabiarrak, aramearrak eta txetxeniarrak dira.

Duela hiru egunez geroztik Serekaniyeko herritar asko mugan elkartu dira. «Jendea giza ezkutu bezala ari da kokatzen», kontatu du Evdikek. «Herrixketako jendea gauza gutxi batzuk bildu eta Hasakara ihes egiten hasi da. Hura ere administrazio autonomoak kontrolatzen du, baina barrurago dago, mugatik urrutiago».

Ezerk ez badu gelditzen Turkiako armadaren eta aliatutzat dituen milizia islamisten ekinaldia, Serekaniyeko herritarrek atzeratu egin beharko dituzte haien zinema jaialdian ikusle eta protagonista izateko planak, haien lurraldean kokatu den potentzien arteko interes gerra baten desplazatu bihurtuko baitira.

Erdoganek, kritikak gaitzetsi, eta Siriako kurduen aurkako erasoak gogortu ditu

Meryem Kobane: «Atzo arte heroiak zirenak gaur ezin dira ikusezinak izan»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.