Petrolioaren aroaren amaieraren hasiera gerturatu ahala, urre beltzari ahalik eta zuku gehien atera nahian dabiltza ekoizleak. Zuku horri prezio bat jarri diote: ehun dolar upeleko. Helburu horretara hurbildu nahian, udaberrian hasitako ekoizpen murrizketari eustea erabaki zuten atzo Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek, LPEE+ izeneko taldeak.
Multzo horretako bi liderrek —Errusiak eta Saudi Arabiak—egindako iragarpenak ez du oraingoz eten Brent upelak azken astean izan duen beheranzko joera. Irailaren 28an, 97,5 dolarretara iritsi zen, baina orduz gero balioa galdu du, eta atzo arratsaldean 87 dolarrean salerosten zen.
Ikusi gehiago:Gasolina halako bi garestitu da gasolioa Euskal Herrian
Edonola ere, azken egunotan jaitsi den moduan igo daiteke hurrengoetan, merkatua estu baitago. Eskaintza ez da gai eskaera betetzeko, Asiaren eta bereziki Txinaren petrolio egarriak aise konpentsatzen duelako Mendebaldeko herrialde gehienetan ikusten den beheranzko joera.
Goldman Sachsen azken txosten baten arabera, urteko azken hiruhilekoan merkatuak behar dituenak baino 1,1 milioi upel gutxiago izango dira egunean, eta erreserbek bete beharko dute hutsunea. Horregatik, haren analistek ehun dolar inguruko prezioak espero dituzte hurrengo hilabeteetarako, eta ez dira hori esaten duten bakarrak. Ez dute espero askoz gehiago garestitzea, horrek eskaintza ahulduko bailuke.
Paradigma aldatzen ari da
Historikoki, petrolioaren kartelak oreka bat mantendu nahi izan du: ez du upela merke nahi, horrekin diru gutxiago sartzen zaiolako, baina ezta oso garesti ere, horrek krisiak sortu eta kontsumoa txikitzen duelako eta, gainera, beste energia iturri batzuk bilatzeko pizgarria delako.
Baina idatzi gabeko arau hori moldatu beharrean daude ekoizleak, planetaren berotzea moteltzeko saihetsezina delako erregai fosilen erabilera gutxitzea. Hau da, ekoizleen mamua ate joka ari dela dagoeneko, eta ekoizleek badakitela etxean sartuko dela.
IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, 2027ko joko du goia kontsumoak, eta, bizpahiru urtez egonkor egon ondoren, 2030etik aurrera behera egiten hasiko da, munduko hiru merkatu nagusietan —Txina, AEBak eta Europako Batasuna— auto elektrikoak zabaldu ahala.
Aurreikuspenetan ez da askotan fin ibiltzen IEA, baina oraingoan asko ez dela urrunduko esateko datu batzuk badaude mahai gainean: EBn, elektrikoek matrikulazioen %20ko langa gainditu zuten lehen aldiz abuztuan, eta dieselen gainetik daude. Are aurrerago doaz Txinan: irailean saldutako auto berrien %37 ziren elektriko hutsak. Saltzen den auto elektrifikatu bakoitzeko gutxitu egiten da petrolio eskaria, eta handitu, berriz, ekoizleek beren aberastasunaren iturri nagusiari lehenbailehen etekina ateratzeko grina.
Paradigmaren aldaketa datorrenez, ekoizleak petrolio upelaren prezio onargarriaren muga handitzen ari dira. Duela bost urte 60-80 dolar arteko prezioa zuen helburu Saudi Arabiak, baina orain 90-100 dolar ditu buruan.
Upela prezio horren inguruan mantentzen bada, eta kontsumoak espero duena egiten badu —105 milioi upeletara iritsi 2024-2025erako—, Riadek bere erreserbak handitu ahal izango ditu, eta horrekin finantzatuko du hidrokarburoekiko menpeko ekonomia batetik ekonomia dibertsifikatu baterako aldaketa. Horretan ari dela erakusten dute herrialdea turismora irekitzeak, atzerriko enpresetan egindako inbertsioek (Telefonica) eta haren futbol liga nazioarteko izarrez bete izanak.