Belfasteko egunotako lasaitasuna harrigarria da. Ipar Irlanda inflexio puntu baten atarian dago, garai historiko batean sartzear, baina hiriburuko kaleek ez dute ezagun egun garrantzitsua dela. Hautagaien iragarki txikiengatik eta alderdien mezuengatik ez balitz, ziurrenik Belfastera iristen diren bisitariak ez lirateke ohartu ere egingo gaur parlamenturako hauteskundeak dituztenik; diputatugaien publizitate gehienak, gainera, ez baitaude begien bistan hiriburuaren erdiguneko karriketan ibiltzean.
Ikusi gehiago:Sinn Feinen aukera
Ipar Irlanda duela ehun urte sortu zuten protestanteentzako, lurralde protestante eta britainiar bat izateko. Baina aldaketa bat gertatu da bidean, eta unionistak jada ez dira gehiengo beretzat dituzten lurretan; are, mende batean lehenengoz, Irlanda iparraldeak irlaren batasuna nahi duen lehen ministro bat izan lezake: Michelle O'Neill errepublikanoa.
Sinn Feinek irabaziz gero, bigarren aldia litzateke alderdi nazionalista batek lehen preferentziako boto gehien biltzen duela; SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristak ere jaso zuen babesik handiena 1998an, baina, sistema elektoralaren ondorioz, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak lortu zuen ordezkaritzarik handiena, eta, hortaz, lehen ministro kargua David Trimblerentzat izan zen.
SDLPk duela 24 urte lortu ez zuena lortu nahi du aurten alderdi errepublikanoak, eta, horretarako, kanpaina oso pragmatikoa egin du, polemikarik gabea eta oso arduratsua. Uste du dena aldeko duela, gobernuburu postua eskura duela, eta ez du hutsegiterik egin nahi izan; agian horrek azaltzen du, besteak beste, kanpaina zergatik izan den hain aspergarria eta gertakari esanguratsurik gabea. Alderdi errepublikanoak, behintzat, nahiago izan du auzi sozioekonomikoetan arreta jarri, garaipenerako bidean ezustekorik ez izateko
Praktikan, Sinn Feinen arrakastak ez du aldaketa handirik eragingo. 1998an Ostiral Santuko Akordioa sinatu zutenetik dago botere partekaturiko gobernuan, eta 2007tik izan du lehen ministrorde kargua; postu hori eta lehen ministroarena izenean besterik ez dira desberdinak, biek botere bera dutelako.
Hortaz, gaurko hauteskundeen emaitzen gakoetako bi izango dira alderdi errepublikanoaren balizko arrakastak izango duen sinbolismoa, eta unionismoak zein erreakzio izango lukeen, Jeffrey Donaldson DUP Alderdi Unionista Demokratikoaren buruzagiak ez baitu ziurtatu gobernuan sartuko diren Sinn Feinek irabaziz gero, eta Erresuma Batuak eta Europako Batzordeak Ipar Irlandarako Protokoloa erreformatzen ez badute.
Hain justu, Paul Givanek iragan otsailean eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, DUP haren alderdiak protokoloaren inguruan dituen desadostasunengatik. Londresek eta Bruselak adostu zuten testu hori brexit-aren negoziazioetan, eta, horren bidez, Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraitzen du ondasunentzat, eta Europako Batasunaren aduana legeak errespetatu behar ditu bere portuetan.
Horrek, praktikan, berekin dakar kontrolak Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean jartzea; Donaldsonen alderdiaren iritziz, erabaki horrek Ostiral Santuko Akordioa urratu eta kolokan uzten du Ipar Irlandak Erresuma Batuan duen tokia, bi eremuen artean muga bat sortu baitute.
Asteotan, horren kontra agertzeaz gain, DUPek beldurraren kanpaina ere egin du, argudiatuta alderdi errepublikanoaren garaipenak atea irekiko diola irlaren batasunari buruzko erreferendumari; nahiz eta, egiazki, Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak duen galdeketa horretara deitzeko eskumena. Estrategia horrekin, eta lehen ministro nazionalista bat izateko aukerarekin, DUPen buruak espero du TUV Ahots Tradizional Unionistara joandako boto emaileak erakarriko dituela —protokoloaren kontrako beste alderdi bat da—, eta lehen postuan jarraituko duela.
Estrategia horiek guztiek agerian utzi dute, beste behin ere, Ipar Irlanda blokeo politiko baten atarian egon daitekeela, eta Stormonten eta gobernabidearen etorkizunak kolokan egon daitezkeela. Eta, beraz, Erresuma Batuko Gobernuaren zuzeneko agintea berriz ere beharrezkoa izan daitekeela, DUPek bere jarrerari eusten badio.
Sistemaren erreforma?
Zenbait alderdi jada hasi dira argudiatzen Ostiral Santuko Akordioa moldatu beharra dagoela; tartean, bere burua ez nazionalistatzat ez unionistatzat duen Aliantza Alderdia, zeinak emaitzak bikoizteko aukera handiak dituen —aste honetako inkesta batek parez pare jarri ditu Aliantza Alderdia eta DUP, %18,2an—.
Bake itunaren osteko paisaia politikoaren eboluzioaren isla litzateke hori, boto kopuruan nazionalistek eta unionistek behera egin baitute 25 urteotan, eta lerratuta ez dauden indarrek, gora.
Bozen emaitzak ez dira inoiz hauteskunde egunean bertan jakiten; egun bat edo bi behar izaten dituzte, Ipar Irlandan botoa transferitzeko sistema erabiltzen dutelako.
Zerrendak irekiak dira: herritar bakoitzak nahi adina alderditako nahi adina hautagai aukera ditzake, baina zenbakiekin ordenatu behar ditu, gustukoenetik hasita. Botoen lehenbiziko zenbaketan, puntuazio gorena (1) jaso duten botoak soilik hartzen dira kontuan, eta beharrezko kuota betetzen duten hautagaiak zuzenean sartzen dira parlamentura. Kuota gainditzen badute, «sobera» dituzten botoak zerrendako bigarren hautagaira igarotzen dira, eta horrela 90 eserlekuak bete arte.
Ostiral Santuko Akordioaren arabera, Ipar Irlandako Asanblean ordezkatuta dauden alderdi guztiek dute eskubidea gobernuan parte hartzeko. Praktikan, batez ere DUPek eta Sinn Feinek baino ez dute osatu behartutako koalizioa, alderdi txikiagoek oposizioan egotea erabaki baitute. Halere, izan dira salbuespenak; kasurako, azken gobernuan (2020-2022) Aliantza Alderdia, SDLP eta UUP ere sartu baitziren lantaldean.
Aldiz, datorren agintaldian zer gertatuko den, ez dago batere argi. Batez ere Sinn Feinek garaipen historikoa lortzen badu, inkestek dioten modura.