Durangoko Azoka

Salmahairik gabeko azoka

Durangoko Azokak atari digital baten bidez egingo ditu 55. edizioko salerosketa guztiak, baina Plateruenan eta Landako Gunean hainbat zuzeneko emanaldi egingo ditu, sarrera mugatuekin

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria, aurtengo Durangoko Azoka aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Orain arte izan duenaz erabat bestelako itxura izango du Durangoko Azokak. Koronabirusaren eraginez, aurten ez da egongo argitaletxeen eta diskoetxeen salmahairik Landako Gunean, eta ez da azken urteetako jendetzarik bilduko ere. Halere, 55. azokaren edizioa egin egingo dela berretsi dute antolatzaileek, eta, saltoki fisikoen faltan, salmenta gune digital bat irekiko dute azokak iraun bitartean, abenduaren 4tik 8ra. www.durangokoazoka.eus orrian egin ahalko dira erosketak, baina, horrekin batera, zuzeneko hainbat emanaldi ere antolatuko dituzte Durangon. Eserleku kopuru mugatua izango dela iragarri dute, halere, eta izena aurrez eman beharko dela. Azoka seguru bat sortzea izan da antolatzaileen erronka, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariaren hitzetan: «Agian errazena izango zen aurtengo azoka bertan behera uztea, baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela azoka». Horregatik, kulturgile zein zaleei azokarekin bat egiteko deia ere egin zien atzo Plateruena antzokian egindako prentsaurrekoan. «2020ko Durangoko Azoka izan dadila arnasa euskal kulturarentzat».



Argitaratzaile guztientzat izango da tartea webgunean, zehaztu dutenez, eta argitaratzaile guztiek izango dute espazio bera, «txiki zein handi». Azokak iraun arteko egun horietan, azokaren webgunea izango da produktu horiek erosteko ezarri nahi duten modu bakarra. Azaldutakoaren arabera, erosketa prozesua «erraztea» da asmoa. Horregatik, erabiltzaileak saski bakar batean bildu ahalko ditu saltzaile baten zein bestearen produktuak, eta guztiak batera jasoko ditu etxean gero. Horretarako, biltoki modura baliatuko dute Landako Gunea, eta handik aterako dira erosleen etxeetara helduko diren poltsak. Salmenta horietako bakoitzaren %12 jasoko du Gerediaga elkarteak, kudeaketa lanei aurre egiteko.

Urtean bertan argitaratutako lanak izango dira nagusi saltoki digital horretan, eta orain arte izandako irizpide berberei eutsiko die Gerediaga elkarteak: nagusiki euskarazko produkzioari egingo zaio lekua, eta «euskal gaia» etiketapean kabitu daitekeenari, bestela, erdaraz diren produktuen kasuan.

Mujikak azokaren alde ekonomikoa ere hartu zuen kontuan atzokoan. Gerediaga elkarteak eta Siadeco ikerketa etxeak elkarrekin egindako azterketaren datuak izan zituen gogoan, esaterako: «Urteko fakturazioaren %22 dira Landako Guneko salmentek partaideentzat. Aurten inoiz baino garrantzitsuagoak dira diru sarrera horiek».

Egoera «iluna» dela ere adierazi zuen Mujikak, eta horregatik egin nahi izan zuten familia argazki zabala ekitaldian. Gerediaga elkarteko kideak ez ezik,aurkezpenean izan ziren azoka osatzen duten guneetako koordinatzaileak, Euskal Editoreen Elkarteko zein Musika Bulegoa elkarteko ordezkariak, erakunde publikoetako arduradunak eta azoka babestu duten hainbat enpresa pribaturen ordezkariak ere. Hartutako erabakia bilkura askoren ostean eta «elkarlanean» heldu dela nabarmendu zuten, eta batasun irudi hori eskaini nahi izan zuten.

Jaurlaritzaren «babes osoa»

Plateruena kafe antzokian eta Landako Gunean egingo dira zuzeneko ekitaldiak, eta streaming bidez ere jarraitzeko aukera izango da. Ahotsenea guneak jadanik aurreratua zuen kontzertuak eta liburu aurkezpenak egiteko asmoa, baina, Gerediaga elkarteko kideek atzo jakinarazi zutenez, azoka osatzen duten gune guztiek hartuko dute parte programazioa osatzeko. Azaroan emango dute haren berri. Gainera, egun bat gehiago izango du egitarauak, eta, ondorioz, 4an hasiko da azoka, eta ez 5ean. Euskal Herriko hamaika ikastetxetara zabaldu nahi dute ekintza digitalen sorta bat lehen egun horretan.

«Behar-beharrezkoa da Euskadirentzat». Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen esanetan, garrantzi handikoa da Durangoko Azoka. «Hau estrategikoa da sortzaileentzat, kultur industriarentzat; erakusleiho aparta da, eta honi eutsi egin behar zaio». Iragarri zuenez, Eusko Jaurlaritzak «babes osoa» emango dio azokari.

Azoka egin egingo dela nabarmendu nahi izan du Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta egoera berrira moldatzeko ahalmena txalotu zion Gerediaga elkarteari: «Durangoko Azoka erreferente izango da, ez bakarrik kultur sorkuntza plazaratzen, baita garai zailetara egokitzen jakiteagatik ere».

Hala Iturbek nola Bilbaok ere, biek onartu zuten azoka presentzialik ez egiteak kalte egin diezaiokeela euskal kulturaren ikusgarritasunari. Horregatik, esan zuten gaia mahai gainean dutela, eta iragarri zuten hurrengo asteetan neurri sorta bat aurkezteko lanean ari direla.

Bihotz bat, irudi

Azokak euskal kulturan duen inpaktua izan zuen gogoan Jose Mari Sors Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak. «Hemen egiten den salmenta oso garrantzitsua da arlo ekonomikoan, baina arlo kulturala ere ez dugu ahaztu behar, hor sortzen direlako harremanak, eta hortik etortzen delako kultura». Sortzailetik hasi eta eroslearenganaino doan kulturaren «balio kate osoa» babesteko deia ere egin zuen. Eta Aitor Bengoetxea Musika Bulegoa elkarteko lehendakariak ere bat egin zuen katearen aipamenarekin. «Lehen pauso bat da hau, baina nik uste dut ez dela azkena. Plateruena itxita dago, areto asko itxita daude, jaialdi asko erori zitzaizkigun; izan dadila lehen taupada hau guztion artean aurrera egiteko bultzada».

Kultura babesteko beharra nabarmendu zuen Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, eta elkarlanerako deialdia egin zien Kultura Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiari kultura berpizteko. «Bestelako industrietara laguntzak bideratzen diren bezala, euskal kulturarentzako ere laguntzak bideratu behar dira».

Aurtengo kartelaren aurkezpena ere egin zuten atzo. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktoreak jarri dio irudia edizioari, eta aurtengo leloa izan du horretarako abiapuntu: «TaudaDA!». Bihotz bat irudikatu du sortzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.