Gaurko zauriak azkar eta ondo osatu ezean, luzerako geratzen da orbaina, nola azalean, hala lan baldintzetan. Lan ibilbidearen hasieran pertsona batek dituen baldintzek ondoren izango dituenetan eragina daukate: ekonomistek orbain efektua deitzen diote, zauri horrek arrastoa uzten duelako ondoren ere. «Justifikatzeko asmoz-edo, esan izan da egoera korapilatsua dela, eta etorkizunean lanpostu hobeak lortuko dituztela; baina errealitatea ez da halakoa, abiapuntu prekario batek etorkizun prekario bat baitakar berarekin». Miguel Garrido Nafarroako Gazte Kontseiluko presidentea da, eta argi utzi du egoera bideratu ezean zein izango den egungo gazteen geroa. «Erabakiak ahal bezain lasterren hartu behar ditugu». Zauria ez dadin horren sakona izan, eta orbaina ez dadin horren handia izan. Aldarrikapen horiek eurenak egingo dituzte asteazkenean sindikatuek Maiatzaren Leheneko manifestazioetan, eta, besteak beste, kalera eramango dute gazteen auzia. Euren baldintzak hobetuta, etorkizuneko ongizatea bermatzen baita, Garridoren ustez.
Hobekuntza hori badago nondik hasi. Gazteen prekarizazioaz hitz egitean prekarizazio prozesu ugari gurutzatzen baitira. Batetik, langabezia tasa dago. INEren arabera, Hego Euskal Herriko 16 eta 34 urte arteko gazteen %15,6 behar bila zebiltzan 2019ko lehen hiruhilekoan; baina 16 eta 25 urte arteko adin tartea soilik kontuan hartuz gero, %29,6 ziren langabeak. Langabezia tasa orokorra, ordea, %10 izan zen urte horretan. Egia da azken urteetan langabezia tasak behera egin duela gazteen artean —%46,9ra iritsi zen 2013an, 16—25 adin tartean—, baina gutxi aldatu dira lan merkatura sartu direnen baldintza kaskarrak.
Datuek hala diote, bederen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 16 eta 29 urte arteko soldatapeko gazteen %57k aldi baterako kontratua zuten 2017an, krisia hasi zenean baino hamasei puntu gehiago. Gainera, kontratu horien %20k bakarrik zuten urtebete baino gehiagoko iraupena. Nafarroari dagokionez, beste horrenbeste: hamasei eta 34 urte arteko beharginen %44k zuten behin-behineko kontratu bat, eta horien iraupena lau hilabete eta urtebetekoa zen kasuen %31tan. Sinatutako kontratuen %17, gainera, lanaldi partzialekoak ziren Hego Euskal Herrian, krisia hasi zenean baino hiru puntu gehiago.
Gazteen soldatak, behera
Behin-behinekotasunaren eta lanaldi partzialen ondorioz, gazteen soldaten bilakaera negatiboa izan da azken urteetan. Nahiz eta soldatek, orokorrean, gora egin duten —%7,9 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2008. eta 2015. urteen artean—, 25 urtetik beherakoen artean %21 apaldu ziren. 25 eta 34 urte artekoen artean %0,9 baizik ez ziren igo ordainak.
Antzekoak dira datuak Nafarroan: %6,5 igo ziren batez besteko soldatak, baina 25 urtetik beherakoenak %12,7 jaitsi ziren, eta %7,9, berriz, 25 eta 34 urtekoen artean.
Hori guztia zenbakietara eramanda, 2015ean, 25 urtetik beherako gazteen batez besteko soldata 895 eurokoa izan zen Hego Euskal Herrian; batez besteko soldata orokorra baino %53,5 urriagoa. 25 eta 34 urte artekoen kasuan, batez bestekoa 1.570 eurora igo zen, batez besteko soldata orokorretik 18,5 puntu behera.
Egoera horrek guztiak eragin zuzena dauka gazteen emantzipazioan: Hego Euskal Herriko batez besteko emantzipazio adina 30 urteren bueltan kokatu zen 2017an, baina 20-24 urte arteko gazteen %56,6k gurasoen etxetik kanpo bizi nahi zuten. Hau da, nahi izan arren ere, ezin izan zuten gurasoen etxetik kanpora joan. Europako Batasuneko batez besteko emantzipazio adina 26 urteren inguruan dago.
Gaztetasuna luzatzen?
Datu horiek guztiak ikusita, agerian geratzen da zauria bizia dela, eta etorkizunean orbaina utz dezakeela. Krisialdiak gogorren jo duen sektoreetako bat baita gazteena, datuek agerian uzten dutenez. Baina egoera hori askotan errepikatu ohi den zerbait dela dio Elsa Santamaria soziologia doktoreak: «Azken krisialdian gazteen datuak ezin okerragoak izan dira, baina kontuan hartu behar da, era berean, gazteak beti egoera okerragoan egon izan direla: laneratzeko zailtasunak izan ohi dituzte, eta lan baldintza prekarioak dauzkate. Krisi ekonomikoek historikoki egoera horiek are gehiago kaskartu izan dituzte». Horregatik, askotan prekarizazio prozesuak naturalizatu egiten direla dio, batez ere gazteen kasuan. «Baina ez da normala, eta ez dauka zertan horrela izan».
Lan baldintzak kaskartzeak emantzipazioan izan du eragina, eta horrek, era berean, baita jaiotza tasaren jaitsieran ere. «Bizi, osasun eta ongizate duin onargarri bati eragin dio», Santamariaren hitzetan. Horrek guztiak ondorioak dakartza, baita gaztetasunetik heldu arora igarotzeko prozesura ere. Duela zenbait urte, trantsizio hori hainbat faktorek zehazten zuten: autonomia pertsonalak, emantzipazioak eta enplegu egonkor batek. Baina oraingo testuinguruan trantsizioa atzeratzen ari dela diote hainbat soziologok; hau da, gaztetasunetik heldu arora eman beharreko pausoa luzatzen ari da. Ondorioz, egoera prekario asko heldu arora iristen ari dira.
Garridok ideia horri heldu dio, baina ez dago ados gaztetasuna luzatzen ari dela diotenekin: «Luzatzen ari dena ez da gaztetasuna, prekaritatea baizik; iraganean prekaritateak 25-30 urte artera arte irauten zuen, eta orain 36 edo 40 urteraino luzatzen ari da. Horrek ez du esan nahi gaztetasuna luzatzen ari denik, baizik eta prekaritateak helduaroan dauden pertsonei ere eragiten diela».
Maialen Olabe Euskadiko Gazteria Kontseiluko presidenteak bat egin du ikuspegi horrekin, eta galdera egin du: «Arazoa konpontzen ez bada, gazte izango al gara baita 50 urterekin ere?». Uste du gaur egun gazteek prekaritatea bermatuta daukatela. «Badirudi ohikoa dela gazte izanda lan prekario bat izatea».
Puntu horretan ezartzen du berak gazteek bizi duten egoeraren abiapuntua: lan baldintzetan. Zehatzago esanda, beka eta praktika kontratuetan ikusten du berak prekarizazio prozesu horien abiapuntua. «Ikasketak amaitzen ditugunean eskaintzen dizkiguten lanpostu gehienak beka eta praktika arlokoak izaten dira; horiek ondo daude ikasketa prozesuko azken pauso moduan, baina ez laneratzeko lehen pauso gisa. Enpresa askok kontratu horiek baliatzen dituzte lanpostuak betetzeko». Eta, haren ustez, kontratu mota horiek behar baino gehiago erabiltzen dira. Horregatik, ikuskaritza zorrotzagoa eskatu die erakundeei.
Enplegu berrien atzerakada
Gazteen egungo egoera aldatuko baldin bada, lan merkatua hobetuta hasi beharko da, Santamariaren hitzetan: «Egoera honetara iritsi baldin bagara, enpleguaren eremua kaskartu delako iritsi gara; soldatak jaitsi dira, eta lan baldintzak okertu. Gizarte gisa hori gerta zedin onartu dugu, eta orain kontrako bidean egin beharko dugu lan». Baina gaur-gaurkoz ez da halako ezer gertatzen ari. Areago, esan daiteke zenbait arlotan egoerak okerrera egin duela. Glovo, Deliveroo eta Uberren moduko plataforma digitaletan sortzen ari diren lanpostuak dira horien lekuko.
«Hasiera batean elkarlanean oinarritzen ziren plataformak ziren, baina gaur egun ezkutuko lanpostuak sortzen dituzte, bertan lan egiten duten asko autonomo faltsuak dira, eta onartezinak diren lan baldintzak dituzte». Garridok arriskutsutzat jo du lanpostu digital horiek ugaritzea, egungo gazteen egoera kaskarraz baliatzen direlako. «Lan baldintza duinak lortzeko itxaropen gutxi duten gazteez baliatzen dira, euren egoera are gehiago prekarizatuz». Eta arlo horretan paradoxa bat ikusten du egungo gazteen artean: «Krisi aurretik mileuristei buruz hitz egiten zenean, arazo gisa hartzen zen haien egoera, baina gaur egun askorentzat egoera desiratu bat bihurtu da». Uste du arriskutsua dela jende askorentzat desiragarria izatea prekaritate egoera egonkor bat.
Plataforma horien bidez, ordea, bide horretan sakontzen da, eta langileen baldintzak «hondatzeko» lan egiten dutela dio Santamariak. «Lanaren Nazioarteko Erakundeak dagoeneko esana du lan txikietan oinarritzen diren plataforma horiekin XIX. mendeko lan moldeetara itzul gaitezkeela; salatu du etorkizunean eguneko soldata jasotzen duten langile digitalak sortu ahal direla». Horrek guztiak orain arteko ongizate sistema guztia hankaz gora jarriko lukeela ohartarazi du Garridok: «Prekarizazio sistemak jarraitzen badu, eragina izango du pentsio sisteman. Orain arte lortutako gizarte ituna gal dezakegu, eta hori arriskutsua izan daiteke hurrengo belaunaldientzat».
Baina oraingo belaunaldiak dagoeneko baditu nahiko zauri, eta Garridori ez zaio zaila egiten aurreikustea orbaina utziko duela etorkizunean. Orbain hori ahalik eta txikiena izan dadin, plataforma digital horien bidez sortzen diren lanpostuak arautu daitezela eskatu du: «Sinetsi behar dute lor dezaketela lan duin bat». Horrekin batera, laneratze sistema «eraginkor bat» eskatu die erakunde publikoei, lan baldintza on batzuk lortuz gero hasiko baitira gazteak prekarizazio egoerak gainditzen —emantzipazioarena eta jaiotza tasarena, kasurako— eta bizi baldintza duinagoak izaten. «Erabakiak ahal bezain azkarren hartu behar dira».
Gazteak lan munduan
ORBAINA ORDAIN GAZTEENTZAT
Zauri bizia daukate gazteek: langabezia handia, behin-behineko kontratuak, eta soldata txikiak. Adituek diote gaur egun dituzten baldintza prekario horiek eragina izan dezaketela etorkizunean izango dituztenetan, eta, horregatik, ezinbestekoa iruditzen zaie neurriak berehala hartzea arazoari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu