ATZEKOZ AURRERA

Larreen lorratzetan

Aralarko larreak ireki dituzte, baina aurten ere ez da jairik egin Larraitzen. Izan da, ordea, lehen eguna baliatu eta eguraldi kaskarrari aurre eginda ganadua mendira igo duenik.

Mendian gora hasita, atzean Gaztelu. E. T. S.
enekoitz telleria sarriegi
Abaltzisketa-Zaldibia
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Langa irekita dago aurrera egin nahi duenarentzat Larraizko lainopean. Ez suziri eta ez irri. Ez txalo, ez talo eta ez trikiti. Isiltasun ozen bat langarretan. Mugimendurik apenas dagoen han inguruetan. Bai, ordea, kilometro eskas batzuk beherago Zaldibiako (Gipuzkoa) Azporra baserriaren terrenoetan. 07:30ak dira. Dunbak besoetan hartuta doaz bi gazte, doinu eta soinu. Balaka ari dira ardiak artegian, urduri. Kuku baten kantua entzun da urrunean. Kafe usain gozoa dator leihotik, eta dastatzeko gonbita ere bai ataritik. Gerardo Garmendia Mozo artzaina ari da semearen, alabaren eta iloben joanari so: «Eskerrak gazte hauei. Lehen, kuadrillakoak ibiltzen ziren horrela niri laguntzen, baina zahartu egin dira, ni bezalaxe».

Hurritz makila bat eta 63 urteko artzaina hari makurka helduta. Postura hori, jite hori, patxada hori, jakituria hori. Mendiari buruz: «Pobre samar. Ez du pulamentuz euririk egin: lainoa eta langarra baino ez». Neguari buruz: «Barruko lanak, betiko martxan; nobedaderik ez». Larreetara joateko eguraldiari buruz: «Lardatsa dago giroa, baina ez dagoenez aukeratzerik...».

Dena prest dago, ustez. «Ez duzu aterkirik hartuko?», amak ataritik Aimar semeari. «Ez dut sekula eraman eta ez dut gaur eramango», semeak amari erantzuna. «Hartu dituzu galtzontzilloak eta dirua?», amak burlaizez semeari. Taldearen algarak. Hastera doa bidaia. «Donituerrietara doaz hauek. Ni geroago joango naiz. Mendiko gazta egiten dugu, eta horregatik saiatzen gara ahalik eta garaizen joaten, ahalik eta lasterren hasteko», eman ditu argibideak Gerardo Garmendiak. Galdua du jadanik gain hartara egindako bidaien kontua.

Festarako girorik ez

Maiatzaren 1a baitzen atzo, Aralarko larreak irekitzen dituzten eguna. Urtero izaten da horren aitzakian festa Larraitzen (Abaltzisketa), baina bertan behera gelditu zen iaz pandemiagatik —ekitaldi xume bat egin zuten irekiera irudikatzeko—, eta bertan behera gelditu da aurten ere —ez da batere ekitaldirik egin; aldundiak Gipuzkoako larreen irekiera irudikatu du modu birtualean—. Enba sindikatuak bezperan bidalitako oharrean dio ez dagoela ospatzekorik ezer. Aralarrera igotzen diren abeltzainak «gutxietsiak» sentitzen direla Enirio-Aralar Mankomunitateko buruzagien aldetik, pisten aferari erreferentzia eginez.

Mankomunitateak emandako datuen arabera, 17.048 ardi, 938 behi eta 717 behor dira igotzekoak aurten. Tartean daude Adur Gorostidirenak, baina ez ditu lehen egunean larreetara igo; aurki eramango ditu. «Gogoz gaude gu, eta gogoz daude haiek. Batzuk inguruko larreetara atera ditugu, eta ukuilu barruan gelditzen direnak, makila ikusten badute edo ateren bat irekitzen bada normalean irekitzen ez dena, berehala hasten dira marruka».

Izan da larreetan Gorostidi, eta «betiko martxan» ikusi du mendia. «Apirila lehor samar joan da, eta ekar dezake horrek belar gutxiago egotea. Euri apur bat egin du, eta, horren esperantzan, ea mendia pixka bat janzten den».

Esperantza berean doa Aizporra baserrian behera taldea. Behera, gora egiteko gero. Txindokipean eta lerro zainduan. Artzain eta laguntzaile gazteak gidari, eta Txuspe eta Laxka zakurrak zaindari. Mendian gora lokatzetan, larreen lorratzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.