Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Etorkizun bat

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Epifania bat izan nuen 2020ko otsailaren 11n, 19:00etan, afaltzeko leka-patatak prestatzen ari nintzela sukaldean. Garbi ikusi nuen dena une batez.

Ahaztu naiz jada zertan eman nuen eguna, zer eginkizun presazkok hartu zidan denbora, nahikoa neukalakoan zarrasteldu eta irion dudan ene ondasun bakarra; izango zen bati deitu beharra edo besteari idatzi beharra, sare sozialetan zerbait bota beharra, beti dago zerbait lokiak eta bularra estutzen dizkizuna, baina ordenagailuko egutegia margultzen den modu berean galtzen du bizitasuna norbere lanaren ezinbestekotasunak, norbere ekarpenaren balioak, egiteko bakoitzaren garrantziak, dena joaten da ahultzen eta ahitzen, eta dena ahazten da gero, nire burua makina birrintzailea da, nire bihotza zabortegi bat sutan.

Heraldika baterako ere ez dago gaizki: Zarrasteldu eta Irion.

Ahaztu zait zertan eman nuen eguna Dinamoan. Kolorea galduagatik hor jarraitzen duen egutegiari esker akordatu naiz Ametsekin geratu ginela, elkarrizketa egin geniola DAPArako, eskerrak dena ez den izaten eginkizuna eta eginbeharra. Bigarren denboraldia ari gara prestatzen, ea martxoan hasteko moduan garen. Grabazio mordoxka bat egin dugu, bueno, dute, ni gauzeztan totala bainaiz kamera batekin, pizten asmatuko nuke baina hortik aurrera ez.

Ander eta Iker joan ziren Bilbora. Amorante disko berria ari da egiten Aitor Etxebarriarekin eta horixe grabatzera joan ziren. Ez dakit justu egun horretan izan zen, otsailaren 11n alegia: «Oraindik bukatu gabe dago, baina nahi duzu ikusi?», galdetu zidan Anderrek. Bai, noski.

Akordatzen naiz grabatzera joan aurretik erreferentzia batzuk aipatu zituela Ikerrek, tartean Jimmy Hendrixen Crosstown Traffic kantuarekin egindako bideoklipa, nola erakusten duen hiria, nola ematen duen horrek denboraren zantzua, halako ideia bat zebilkiela Amoranteren DAPArako.

Ikusi genuen bideoa, aipatu genituen gustatu zitzaizkigun alderdi batzuk, eta hala geratu zen kontua. Baina bideoa berriro etorri zitzaidan otsailaren 11n, arratsaldean alaba jaso eta etxeratu ostean, afaltzeko leka-patatak prestatzen ari nintzela sukaldean.

Bilboko etorbide zabal bat agertzen da bideoan, ez dakit Sabino Arana den, edo Autonomia, ez naiz akordatzen eta berdin dio. Autobusak ikusten dira, semaforoak, autoak, eta jendea, jende asko, jendea hara eta hona, nor bere zereginetan, edo eginbeharretan, auskalo. Eta gero Amorante estudioan, kantatzen, pianoa jotzen, grabazio bakoitza entzun eta aztertzen, nahi zuen hori lortu ote duen galdetzen bere buruari, edo lortu duena nahi ote duen, Aitor Etxebarriari aholku eske, babes eske, artista bat bere biluztasunean.

Eta etorri zitzaidan, patatak zuritzen ari nintzela, kalean dabilen jende horrek entzungo ote duen inoiz Amorante grabatzen ari den diskoa, eta Amoranteri inporta ote zaion hori batere. Eta beharbada, esan eta esan aritu naizena, arteak beti egiten diola gizarteari erreferentzia, ez dela modu zuzenean hartu behar, geroz eta gutxiago beharbada.

Hau da, irudipena sortu zitzaidan bat-batean, zaborkeriazko luizi batek autopista eten zuen modu berean, arteak, zenbat eta urrunago gizartetik, zenbat eta urrunago gizarte horren gustu orokor eta adostasunetatik, orduan eta argiago hitz egiten duela gizarte horri buruz, kontrastez; artistaren aldentzeko nahia argi eta ozen mintzo dela bizi duen zaborkeria orokortuaz, eta bere hautu estetikoa ez dela inondik inora elitismoa, ez dela eskapismoa. Justu alderantziz: ihes egiteko modurik onena bestea dela, bertan goxo geratzea, molde erraza hautatzea, dekoratzeko artea eta artea dekoratzeko, telebista autonomikoa, estatutua, zaborkeriazko luizi baten gainean surfean aritzea.

Eta Philip Gustonekin akordatu nintzen, bere koadroekin, bere buruekin, artista bere estudioan erre eta erre, ni zutabe hau idazten bezala, eta iltzatuta geratu zitzaidan esaldi harekin: «60etako erdialdean erdibitua sentitzen nintzen, eskizofrenikoa. Gerra, Amerikan gertatzen ari zena, munduaren ankerkeria. Zer pertsona klase nintzen ni, munduarekin haserre bizian, sumin zaputzean, eta gero nire estudiora joaten, gorria urdinarekin doitzera?».

Zer pertsona klase da artista, Elgoibarren autopista hartu eta mundua pixka bat gehiago zikinduz Bilbora doana, estudio batean sartu eta bere kantuak grabatzera, kalean dabilen jenderik gehienak sekula entzungo ez dituenak, gizarteari ekarpen neurgarririk egingo ez diotenak, ez bada turismo feria baterako erabiltzen behintzat kanturen bat, akaso, 2032an edo, ordurako dena lehertu ez bada.

The Guardian egunkariak argitaratu zuen argazkia, hemen ezin da jarri, baina Cuauhtemoc Medina arte kritikoak sarean jarri zuen, erraz topa daiteke. Argazki horrek harrituta utzi nau, bere sinplean: etorkizun bat nahi dut. Aipatzeko modukoa da lehen pertsona singularrean dagoela idatzita bi neskek helduta daramaten kartela, gazteen manifestazio batean. Baina are nabarmenagoa da bestea: ez dute eskatzen halako edo bestelako etorkizun bat, etorkizun bat eskatzen dute. Etorkizun pixka bat besterik ez.

Bukatu dut testua, argitu du eguna. Furano zeru zoragarri bat dakusat mendebaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.