Nire alaba kolegioan ikasten ari da. Aste honetan, gorputz heziketako irakasleak ezbehar bat ukan duenez, hezkuntza arduradunak gorputz heziketa ordua elkarbizitza lantzeko baliatu du, ikasleek arazoak adierazteko denbora eta ohitura har dezaten. Arazo bati kolektiboki doakion erantzuna edo konponbidea balora dezaten. Hauxe izan zen proposatutako gaia: izengoitiak. Norberak hautatu gabeko izengoitiak mingarriak ote dira? Zergatik? Kari horretara, alabaren ikaskide batek bere sufrimendua adierazi zuen: saskibaloian, eskolaz kanpoko aktibitatea, jolas lagunek baskoy deitzeko ohitura hartu dute. Baskoy, euskal izaera despreziatzeko erran molde arrunt bat da Iparraldean, negro edo youpin (judu) beste leku edo garai batzuetan erraten zen bezala. Bere arazoa eta mina azaldu orduko, mutila negarrez hasi zen: «Zergatik da txarra edo mespretxagarria euskalduna izatea?». Eta alabak erantsi dit momentu horretan bere ikaskide guzti-guztiek adierazi zutela behin baino gehiagotan gertatu zitzaiela. «Niri ere gertatu zait, niri ere...», zurrumurru bat hedatu zen klasean. Denek memento batean edo bestean iraina pairatu dute: supermerkatuan, aisialdi denboran, autobusean... Duela urte pare bat Iparraldeko beste kolegio batean gertatutakoa oroitarazi dit. Matematika irakasle batek, oker zebilen ikasle bati zera erran zion: «T'es con ou t'es basque?» (Tontoa zara edo euskalduna?). Eta klasea barrez lehertu zen. Ona txistea, ez? Duen arazo bakarra hau da: txiste berdina basque hitza juif edo arabe hitzarekin trukatu izan balu, irakasleak bere lana galduko luke, isun polit batekin, seguru.
Euskal izaera gurasoen izaera da, ametsen izaera, pentsaera baten izaera, maitasunarena. Gure azalaren kolorea euskara da. Eta XXI. mendean, Euskal Herrian, oraindik oso normalizatua da norberaren jatorria iraintzea eta bazterkeria kulturala praktikatzea. Haurrek ez dute asmatzen, haurrei bazterkeria ez zaie naturalki heldu. Haurrek errepikatzen dute gizartean eta etxean ikusi eta entzuten dutena. «Maitasuna ez da ikasten, gorrotoa bai», zioen Nelson Mandelak.
Izaera sozialaren patua berdin-berdin bizi daitekeela pentsatzen dut. Urte hasieratik, 12 langile hil dira lanean, eta berriki bi desagertu dira. Ez da txikikeria bat. Imajinatu dut 12-14 pertsona hil balira koronabirusak eraginik. Nolako panikoa sortuko zen... Zenbat bat-bateko neurri? Zenbat salbuespeneko aurrekontu eta kontzientzia hartze kolektibo? Imajinatu dezaket zenbat sailburu, zenbat gorbata izango ziren familien alboan, beraien elkartasuna adierazten. Zergatik ez da gertatzen oraingoan? Zeren oraingoan populazioaren atal zehatz bat ukitzen du izurriteak: langileak. Beraien lanean 12-14 kazetari, irakasle, artista, nagusi edo politikari hil balira urte hasieratik, beraien lan baldintzak ez lirateke aldatuko errotik?
Hainbeste hil urte hasieratik ezin da kontsideratu zorte txarraren ondorioa denik. Ez da meteorologia arazo bat. Gizarte arazo larri bat da. Onartzea adin batetik gorako langileek lan arriskutsuak egin ditzaketela hautu bat da. Onartzea langileek beraien bizitza arriskuan jartzea beraien familiak mantentzeko, hori hautu politiko bat da. Hautu politiko diskriminatzaile kriminal bat.
Isilpean onartzen diren bazterkeriak onetsitako bazterkeriak dira. Izan diskriminazio kulturala, diskriminazio soziala edo genero diskriminazioa. Bazterkeria horiek historia bat dute, eta kontatu behar ditugu. Eta zabaldu. Zeren, maleruski, politikoki neurri epelak hartzen dira sarritan. Ez omen da inor zauritu nahi, ez omen da erraza, ez omen da sinplea. Ez da, ez. Baina, bitartean, gure haurrek bazterkeria jasaten dute egunez egun, gure senideak hiltzen dira lanean, eta emakumeen lekua gizartean bigarren mailako lekutik ateratzeko ezintasuna bermatua da. Hau dena kontatzen segituko dugu. Nire antzerkilari lana horrela ulertzen baitut: airean dagoena kontatu, irrien atzean gordetzen dena argitara ekarri, belaunaldiz belaunaldi zabaldu eta transmititu diren zauriak hitzez adierazi.
Zaldi Urdina antzezlana hau da, ez besterik. Nahitara zabaldua izan den sumindura kontatzen du, izan diren konplizitateak interpelatu, aho zinta urratu, lotsa urruntzeko asmoz. Malkoz izanda ere, besarkadak beharrezkoak dira. Lurralde honek jasan dituen minak arintzeko, hitzak eta espazio sinbolikoak beharrezkoak dira. Eraiki ditzagun denon artean, goitik ez baita euria baizik jautsiko.
LAUHAZKA
Euria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu