Adarra jo du 17 urteko gazte batek, Gari Antxustegietxartek. Badator ontzi kortsarioa, Juanita Larando, ordezkari politikoak dauden tokira: Pasai Donibaneko Bonantza pasealekura (Gipuzkoa). Albaola ontzigintza eskolak patatxa bat aurkeztu zuen atzo han; Orioko (Gipuzkoa) Mutiozabal ontziolan aurkitutako planoetan oinarrituta eraiki dute, XVIII. mendearen erdialdeko tipologiarekin. Belak jartzea falta zaio, baina arraunean aritu dira badia erdian.
Xabier Alberdi Albaolako ikerketa saileko zuzendariak argitu duenez, patatxak ontzi arinak ziren eta erabilera asko zituzten, «kortsario gisa aritzeko guztiz aproposak». Mutiozabal planoen kasua, bestalde, Europan bakanetakoa dela uste du —Donostiako Aquariumean daude plano horiek—. «Mota honetako itsasontzi txikien planoak gordeak izatea garrantzitsua da». Azaldu du Alberdik, halaber, zergatik ari diren arraunlariak zutik arraunean: «Itsasontzi honek zamatuta nabigatu behar du. Urez zamatuta dago, baina ez guztiz; erabat zamatuta balego, ontzia 40 zentimetro azpirago legoke, eta orduan bai, orduan egin daiteke arraun eserita».
Hamabost metro luze eta 3,5 metroko zabal da Juanita Larando ontzia —izena Donostiako ostalari batena da; XVII. mendean, kortsarioen babesleku zen ostatu baten jabea—. 150 metro karratuko azalera hartzen du ontziak. Hemezortzi arraunlarik osa dezakete eskifaia. Arraunean aritzeari utzita, badu inertzia bat, eta horrekin iritsi da. Xabier Agote Albaolako presidentea lurreratu, eta ongietorria eman dio Juan Luis Arsuaga paleoantropologoari, hura aukeratu baitute patatxaren aitabitxia izateko.
Han dira Izaskun Gomez Pasaiako alkatea, Eneko Goia Donostiako alkatea, Anuska Esnal Orioko alkatea, Harkaitz Millan Kultura diputatua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere. Denek zoriondu dute Albaola, itsas ondarearen alorrean egiten ari den lanagatik.
Agotek azaldu duenez, bi urte eta erdiz aritu dira Albaolako ikasleak lanean patatxa eraikitzeko. «Gonbidatuen artean, gurekin dauzkagu Bretainiako itsas festibaleko ordezkariak ere. Gure patatxa ezagutu nahi zuten, eta bi urte barru haien jaialdira eramango dugu ontzia».
Sagardoz bataiatu dute
Bistan denez, Juanita Larando ez da soilik Pasaiako badian geldituko. Datorren urteko Aste Santuari begira, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Itsasoaren Forumean parte hartzeko gonbita jaso du. Herri horretako gonbidatu berezi batzuek parte hartu dute ontziaren aurkezpenean: euskal kortsarioen kofradiakoak. Haiek eta Baionako Errobi abesbatzakoek elkarrekin kantatu dituzte Agur jaunak! eta Boga boga abestiak.
Arraunlarien artean bada kanturako dohainak dituenik. Jon Maiak bertsoa abestu du, ontzi barnetik, ontziari berari: «... egun honetatik aurrera/ izan eguzki zein euri/ harrotzeko motibo bat/ gehiago duzu, Kantauri».
Arsuaga harro sentitu da ontziaren «aitabitxi» gisa: botila bat xanpainarekin ez, baizik eta sagardoa ontzian isuriz eman dio bataioa. Agotek gogorarazi du itsasoan osasuna zaintzeko baliagarria izan ohi zela sagardoa. Arsuagak ontziari hala opa dio: «Bidaia eta abentura ona izan ditzazula, bizitza bizia». Ontzira igo da, eta arraunean hasi dira, trikiti doinuz girotuta.
ATZEKOZ AURRERA
Ontzi kortsario bat badian
Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitutako planoetan oinarrituta, Albaolako ikasleek ontzi kortsario bat eraiki dute: patatxa bat. Ureratu dute jada, baina belak jartzea falta zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu