Hizkuntza batean esan edo idatzi dena beste hizkuntza batean esatea edo idaztea da itzultzea. Aditzaren definizio erromantikoago bat nahi duenak ere badu aukerarik: «Hizkuntzen arteko zubiak eraikitzea» izan liteke bat, adibidez. Ispilua ere sarri erabili da itzulpenaren sinbolo gisan, jatorrizkoaren isla bat sortzea baita asmoa. Eta isla horrek, funtziona dezan, izan beharko du ahal bezain hurbila, eta behar bezain urruna. Ordea, nork zer egiten duen, distantzia hori ezin da berdin neurtu. Autoitzulpenarena da adibiderik garbiena. Norberaren testua itzultzen duena nekez hurbiltzen da berdin ispilura. Tentazioak ere sartzen dira ekuazioan, eta bizioak, eta beldurrak.
Salbuespenak salbuespen, Euskal Herriko literatur ekoizpenean, norberarena itzultzeak erdaratzea esan nahi du. «Autoitzulpena noranzko bakarrean egiten den jarduna da: beti izanen da gutxitutik hegemonikora. Sekula ez da egonen nagusitik gutxiturako autoitzulpen literariorik». Horra Garazi Arrula Ruizek bere doktore tesian ateratako ondorioetako bat, ikerlariak berak esplikaturik. Zehaztapena ere egin du: «Hori hizkuntzen egoera asimetrikoagatik gertatzen da, eta berdin gertatzen da mundu osoan. Horretan, ez gara bereziak». Autoitzulpenaren teoria eta praktika Euskal Herrian tesirako (2018) aztertu zuen gaia Arrulak, sakon.
Tesia ontzeko, autoitzulpenez jositako katalogo mardul bat osatu zuen Arrulak. Aurkituriko lanik zaharrena 1657koa da, Arnaut Oihenarten Les proverbes basques recueillis par le Sr d'Oihenart, plus les poesies basques du misme auteur. Zehazki, Arrulak 2015era arteko argitalpenak hartu ditu aintzat, eta 325 autoitzulpen zenbatu ditu guztira, 125 egilerenak. «Hori ere bada esanguratsua: egile horien %64k bere obra bakar bat dute itzulia». Dena dela, Arrulak zehaztu duenez, autoitzulpenerako joera nabarmen handitu da azken hiru hamarkadetan; baita 2015etik aitzina ere. Geroztik iritsi dira liburu dendetara, adibidez, Karmele Jaioren La casa del padre (Aitaren Etxea), Katixa Agirreren Las madres no (Amek ez dute) eta Anariren Demoliciones controladas (Eraiste neurtuak). Hiruretan, hitzek euskaratik gaztelaniarako bidea egin dute. Beste joera baten erakusle da hori: xede hizkuntza nagusia espainola da.
Berridazteko tentazioa
Arrulak nabarmendu duenez, hamaika dira autoitzulpena egiteko arrazoiak, baita ez egiteko arrazoiak ere; berdin pertsonalak eta literatur sistemari lotuak. Are: batzuetan, zio horiek aldatu egiten dira denborarekin. «Hasieran, nire lanak itzuli nituen bi arrazoirengatik: batetik, beste itzultzaile bati ordaintzeko dirurik ez zegoelako, eta, bestetik, jakin-minagatik». Harkaitz Canorenak dira hitzak. Hainbatetan egin du bere hitzak ispiluratzeko ariketa. Adibidez, berak erdaratu zuen Belarraren ahoa eleberria, harengatik 2005ean Euskadi Saria irabazi eta urtebete ingurura.
Hasierako aldiak gogoratuta, Canok kontatu du autoitzulpena probatzea erakargarri zitzaiola ikusteko ariketak zer «talka» sortzen zuen. «Jakin-mina nuen ikusteko zer itxura har zezakeen nik idatzitakoak gaztelaniaz izango balitz. Gauza bera da? Ez? Asko aldatuko dut?».
Berantetsi gabe bota du Canok autoitzulpenetan hainbeste kezka sortzen dituen fenomenoa: aldaketa. Arrularen tesian ere jasoa dago ertz hori: antzeman duenez, egile askok argudiatu dute autoitzulpenetan «ia etengabea» dela originala aldatzeko tentazioa.
Hain zuzen ere, Canoren esanetan, idazlea denean itzultzailea, testuak «bertsiora lerratzeko arriskua» du, eta uste du bi arrazoirengatik gertatzen dela. Batetik, pentsatzen du formakuntzaz itzultzaile ez diren idazleek—zaku horretakoa da bera— halabeharrez dutela moldaketa nabarmenagoak egiteko joera, itzulpenean zerbait nola ebatzi jakin ez, eta, «tresna faltagatik», formari edo edukiari «izkin egitea» delako aukera bat. Bestalde, Canoren iritziz, gerta daiteke lan originalak idazlea gogaitzea, eta hori ere bada lana moldatzera bultzatzen duen zerbait: «Geure buruaz aspertzeko joera dugulako, eta ezin dugulako geure burua aguantatu hainbeste esalditan segidan».
Ordea, urteak ez dira alferrik joaten, eta, hain zuzen, Canok aitortu du denborak aldatu egin diola autoitzulpenetan duen jarrera: «Autoitzulpenak egin ditudan heinean, itzultzaileago bihurtu naiz, eta idazle trajea apartexeago uzteko gai naizela sentitzen dut, nahiz eta tranpak ere egiten ditudan. Neure buruari egindako traizioak oso gogoan dauzkat».
Itxaro Bordak 2001ean plazaratu zuen %100 Basque, eta 2003an argitaratu zen lana frantsesez, berak itzulita. Bordaren iritziz, lan horretan bistakoa da originala berridazteko tentazioa edo, are, moldatu beharra. Izan ere, frantsesezkoan, lanak kapitulu bat gehiago dauka. «Bestalde, badira bizpahiru zati euskaraz biziki ongi pasatzen direnak, pornografia mailan. Frantsesera pasatuta oso itsusiak gelditzen ziren, eta birmoldatu egin nituen».
Arrulak parez pareko alderaketa egin zuen hamar sorburu testu eta haien autoitzulpenen artean, tesia ontzeko. Azterturiko horietan, ez zuen aurkitu itzulpengintza ikasketetan irakasten ez den estrategiarik. «Oro har, ez dago berariaz autoitzulpenean bakarrik gertatzen denik».
Irakurraldi sakonena
Italo Calvino kazetari eta idazle italiarrak zioen testu bat irakurtzeko manerarik hoberena hura itzultzen saiatzea dela, irakurlea ariketa horretan omen delako erneen, eta ideia hori franko maite du Canok. Horregatik, sinetsia dago autoitzulpenera ere eraman daitekeela: «Autoitzultzea da neure burua irakurtzeko modurik onena». «Beste baten lana itzultzeak aukera ematen dizu idazlearen sukaldera sartzeko, bertan lardaskatzeko, ikusteko zer tresna erabili duen, zer egin duen», esplikatu du Canok, eta argudio horri heldurik iradoki du gomendioa, duda barne, baina: «Idazle guztiek autoitzuli behar lukete noizbait. Beste gauza bat da sistematikoki egiteak zer dakarren, komeni den edo ez».
Hain zuzen ere, Bordak ez du sistematikoki itzultzen frantsesera. Dioenez, hori garbi utzi nahi izaten du beti, baina, aldi berean, Canorekin bat eginez, pozik nabarmendu ditu ariketa horri esker jasotzen dituen onurak. «Autoitzulpenak balio dit ene automatismoak eta joskera intimo denak ikusteko», esplikatu du Bordak. «Hasieratik baldin badakit testu bat bi hizkuntzetan izanen dela [euskaraz eta frantsesez], idazketa mirail joko bat bilakatzen da, bata delako bestearen miraila, batak osatzen duelako bestea, eta hori ere bada bide bat. Nire irakurle intimoena naiz».
Bordari, «konplexu» batzuk erauzteko ere balio izan dio autoitzulpenak. «Ene buruan, frantsesa hizkuntza debekatua zen, nahiz eta nire hizkuntza ere baden. Autoitzulpenarekin, konturatu naiz zer neurritaraino den nirea. Bakeak egin ditut hizkuntza madarikatu horrekin».
Cano ere ohartua da eleaniztasunak dituen onurez, nolabait. «Bi hizkuntza literario izatea pribilegio bat da. Ispilatze horretan gihar literarioa egiten da, zure prosaren arazoak, trikimailuak eta maniak hobeki detektatzen dituzulako. Baina, bestalde, badago neke bat, eta beti egiten duzu hizkuntza baten alde. Finean, pentsatu behar da: zer hizkuntza literario ari zara lantzen? Biak %50ean? Simetria konplikatua da, eta hori tentsioz bizi dut».
Nork berea ez itzultzeko zioa
Uxue Alberdi idazleak dio berak beti izan duela garbi ez duela autoitzulpenik egingo. Azaldu duenez, nahiago du zeregin hori itzultzaile bati eman, eta, izatez, hainbatetan egin du hala dagoeneko; azkenekoz, 2022an. Dendaostekoak eleberria gaztelaniaz argitaratu zen iaz, Arrate Hidalgoren itzulpenean: La trastienda.
Besteak beste, gaitasunari loturiko arrazoi batengatik ez du autoitzulpenik egiten Alberdik. «Gaztelaniaz eta ingelesez molda naiteke, baina ez euskaraz bezain ongi. Euskaraz iristen naiz hizkuntzaren beste geruza batzuetara, eta iruditzen zait nik baino hobeki itzul dezakeen jendea badagoela eta ezagutzen dudala».
Hala ere, aukera hori baztertuta ere, Alberdiri asko gustatzen zaio prozesua hurbil sentitzea. «Itzulpenak berrikustea asko maite dut, itzultzailearekin batera lan hori egitea». Premia sentitzen du hitzetan bere ahotsa «entzun edo ikusteko».
Bestalde, bada Alberdik autoitzulpenetan ikusten duen beste arrisku bat. Argitu duenez, haren lanak beste hizkuntza batzuetan argitaratu izanak «gauza polit asko» eman dizkio, tartean, beste sistema literario bateko atea ireki izana. Baina pena bat badu: «Azken hiru urteetan hitz egin dut inoizko gaztelania gehien». Kontatu duenez, horretaz oharturik, ondoriztatu du nahiago lukeela denbora hori euskarari eskaini. «Euskarari eskaini nahi diot nire onena, euskararen barruan pasatu nahi dut ahalik denbora gehien». Harramazka hori sentitu du haren lanak erdaratu direnean, eta argi du efektua are eta handiagoa litzatekeela berak itzuliko balitu, eta ez du nahi halakorik. «Beste hizkuntzetako literatur sistemetan, ni turista naiz, eta hori nahi dut izan».
Liburuen edizio lanak duen garrantzia ere azpimarratu du Alberdik. Diseinua nola egiten den, azalean zer ikusarazten den eta bertan zer datu ematen den, diferentea baita irakurleari ulertarazten zaiona. «Inportantea iruditzen zait zehaztea originala euskarazkoa dela». Alderdi hori arantzatsua gerta daiteke autoitzulpenetan, beste itzultzaileren izenik aipatu behar ez denez aise lausotu baitaiteke euskarazkoaren jatorrizkotasuna, eta idazlea erdarazko autore bihurtu.
NORK BERE HITZAK ISPILURATZEA
Hizkuntza bat baino gehiago harremanetan bizi diren herrialdeetan, autoitzulpenerako joera biziki hedatua izaten da, eta hala gertatzen da, beraz, Euskal Herrian. Literatur lanetan, autoitzulpenak hainbat bide zabaldu diezaizkioke idazleari, baina tentazioak eta buruhausteak ere azaldu ohi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu