Sustrai arrotzak errotuta

Txosten batean adierazi dutenez, galdu diren izakien %60 espezie inbaditzaileen ondorioz galdu dira. Ikertzaileen arabera, espezie horien hedapena «lehenbailehen» geldiarazi behar da, biodibertsitatea babesteko eta krisi klimatikoari aurre egiteko.

Sustrai arrotzak errotuta.
itsaso jauregi 2
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Historian zehar bidaiatu duten gizakiek landareak eta animaliak eraman dituzte beren maletetan; askotan nahita eta beste batzuetan jakin gabe, espezieak mugitu dituzte leku batetik bestera. Tokikoak ez diren espezie horiek ekosistema berrietan errotzen dira, eta arazoak sortzen hasten direnean espezie inbaditzaile gisa definitzen dira. IPBES Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Zientzia Politikarako Gobernuarteko Plataformak —Intergovernmental Science-Policy Platform on Biodiversity and Ecosystem Services— txosten bat argitaratu berri du, eta, haren arabera, espezie inbaditzaileak mehatxu larria dira naturarentzat, ekonomiarentzat, elikadura segurtasunarentzat eta giza osasunarentzat.

Maletek edo itsasontzien kroskoek 37.000 espezie baino gehiago mugitu dituzte eskualde batetik bestera. Txostena egiten 86 adituk parte hartu dute, eta ondorioztatu dute espezie horietatik 3.500 inbaditzaileak direla, eragin negatiboa izan dutelako tokiko biodibertsitatean. Arturo Elosegi EHUko Ekologia irakasleak kanpotik ekarritako espezieak gertutik aztertu ditu, naturan izan duten eraginari erreparatuz: «Eragina benetan dramatikoa izan daiteke. Mehatxupean zeuden espezie batzuk galtzeko orduan, ezinbestekoak izan dira espezie inbaditzaile batzuk, eta askotan eskualdeko habitata ere eraldatu dute».

Itsas oenetera (Oenothera drummondii) landarearen adibidea erabili du irakasleak. Petalo horiak ditu lore horrek, eta Ipar Amerikako kostaldean du jatorria, baina beste eskualde batzuetako dunetan sakon bota ditu sustraiak: «Dunetako landareak oso lur pobreetan hazten dira, eta, espezie inbaditzaile horrek lurra aberasten duenez, bertan dauden beste landareak mehatxatzen ditu. Duna habitat gisa ere galdu egiten da», azaldu du irakasleak.

Ingurunea moldatzean, bertako izakiek indarra galtzen dute, eta, askotan, desagertu egiten dira. Txostenaren arabera, orain arte 1.215 espezie galdu dira 218 espezie inbaditzaileen ondorioz. Adituek ondorioztatu dute landare arrotzek klima aldaketan ere eragiten dutela; izan ere, suteak biziagoak izan daitezke eta maizago piztu. «Klima aldatzen bada, bertako espezientzako baldintzak txartu egiten dira, eta zenbat eta okerrago bizi, aukera gutxiago daukate kanpoko espezieen inbasio bati aurre egiteko», esan du Elosegik.

Hazien hedapena

Espezie inbaditzaileen katalogoa zabala da, ezaugarri desberdinak dituzten izakiekin osatuta; landare exotikoak, ornogabeak, ornodunak eta mikrobioak dira zerrenda osatzen dutenak. Urtero 200 espezie inbaditzaile berri erregistratzen dira, txostenaren adituen arabera, eta zerrenda etengabe luzatzen da. Espezie inbaditzaile asko nahita sakabanatu dira beren eremutik kanpo; gizakiaren erosotasuna bermatzeko, inpaktu negatiboak aintzat hartu edo ezagutu gabe. «Euskal Herriko ibaietan siluroak [Silurus glanis] ditugu arrantzaleek urtegi batetik bestera eraman zituztelako; harrapatu nahi zituztelako. Horren ondorioz, beste espezie asko galdu dira», azaldu du EHUko irakasleak.

Hosto luzeko panpa-lezkak munduan zehar hedatu ditu haziak. Elosegik adierazi du Euskal Herrian «modan» jarri dela, eta hainbat etxetako lorategietan ikus daiteke: «Nekazaritzak indar gutxi duen lekuetara zabaldu da batez ere. Belardiak zaindu gabe badaude, errazagoa da zabaltzea». Landarea Hego Amerikakoa da jatorriz, baina hainbat herrialde inbaditu dituzte; Amerikako Estatu Batuetako Kaliforniako estatuan eta Hawaiin espezie inbaditzailetzat hartzen dute landarea, eta Zeelanda Berrian eta Australian debekatuta dago.

Espezie asko nahi gabe hedatu dira, gizakia konturatu gabe; kutsatutako maleten edo bidalketen ondorioz. Gainera, gaur egungo merkataritzaren eta bidaien areagotzearekin batera, nahi gabe eginiko kutsadurak gora egin du. Hedapen horren ondorioak bildu zituen IPBESek 2019an argitaratu zuen biodibertsitateari buruzko txostenean. Adituek ohartarazi zuten natura gainbehera historikoa jasaten ari dela, eta espezieen desagertze prozesua azkartzen ari dela. Ordutik, espezie inbaditzaileak biodibertsitatearen krisiaren bultzatzaile gisa definitu dira, klima aldaketarekin eta kutsadurarekin batera.

Uharteak dira bereziki espezie inbaditzaileen ondorioak pairatzen dituztenak; inbaditzaileen kopuruak tokiko espezieen kopurua gainditzen duelako uharteen laurden batean. Espezie inbaditzaile berrien izenak pilatzen diren heinean, horiei aurre egiteko gastuak ere areagotzen dira: 1970etik kostu ekonomikoak laukoiztu egin dira hamarkada bakoitzean, eta aurten 400.000 milioi euro inbertitu dira inbasioaren bidea oztopatzeko asmoz.

Sustraiak atera

Espezie berririk sartu gabe ere, dagoeneko ezarrita dauden espezie inbaditzaileek beren eremu geografikotik kanpo dauden herrialde eta ekosistema berrietara hedatzen jarrai dezakete. Ikerlarien arabera, 2050erako munduan inbaditzaileen guztizko kopurua 2005ekoa baino heren bat handiagoa izango da gutxienez.

Ikertzaileek hedapen hori geldiarazi nahi dute tokiko biodibertsitatea babesteko, edo, gutxienez, espezie inbaditzaileen kopurua murriztu. Horretarako, urrats batzuk proposatu dituzte txostenaren amaieran. Lehenik eta behin, nazioarteko koordinazioa eta lankidetza hobetzea; adituek adierazi dutenez, oro har, erronkari aurre egiteko hartu diren neurriak ez dira nahikoak izan. «Nik esango nuke hartu dituzten neurriak, orokorrean, ez direla aski; gogorragoak izan beharko lukete, inbasioak jarraitzen duelako», esan du Elosegik.

Ikertzaileen arabera, herrialdeen %17k espezie inbaditzaileei aurre egiteko legeak dituzte, eta herrialdeen % 45ek ez du inbertitzen inbasio biologikoen kudeaketetan. Horregatik, adituek berrikuntzarako eta ikerketarako baliabideak finantzatzea nahi dute.

Etorkizunari begira, plataformako ikertzaileek biodibertsitatearen inguruan ebaluazio global bat egitea adostu dute, 2028an amaituko dena. Helburu nagusia du tokiko biodibertsitatearen babesa ziurtatzea, haren eboluzioa kontrolpean izatea eta inbasioei aurre egiteko prest egotea. Gainera, beste ebaluazio labur bat egitea erabaki dute aurten, tokiko landareen biziraupena ziurtatzeko. Ikerlariek esan dute espezieen inbasioa geldiarazteko prozesuan «ezinbestekoa» dela tokiko komunitateen laguntza eta parte hartzea, eta haien proposamenak kontuan hartuko dituztela.

Ikertzaileek garrantzirik handiena ematen diote informazioa zabaltzeari, eta horregatik nahi dute irailaren hasieran argitaratutako txostena hedatzea; ez bakarrik gaiaren inguruan dakitenen artean, baizik eta gizartean ere zabaltzea. Izan ere, adituen arabera, jendeak ez ditu espezie inbaditzaileen ondorioak ezagutzen. Elosegik esan du «espezie inbaditzailea» terminoaren definizioa gutxi batzuek ezagutzen dutela, eta hori aldatu beharreko zerbait dela: «Gizartea kontzientziatu behar da, argi ikus dezan espezie inbaditzaileen atzean dagoen arriskua».

Baina haziak hitzak baino azkarrago hedatzen dira. Ondorioztatu daiteke desagertutako landareen eta animalien %60 espezie inbaditzaileen eraginez galdu direla, eta ikertzaileek uste dute poliki-poliki ehuneko hori igo egingo dela. Biodibertsitatea babesteko eta inbasioa gelditzeko, lehenbailehen jardutea gomendatu du Elosegik: «Garrantzitsuena da azkar jardutea inbasio berri bat detektatzen den aldiro. Bestela, gerora askoz ere okerragoa izanen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.