Ane Garcia Lopez.
LAUHAZKA

Juizioa (I)

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Euskal kulturan objektu berri bat agertzen den aldiro gertatzen da. Zerbait plazaratzera ausartzen da arima xaloren bat. Eta hasten da juizioa.

Disekzio-mahai bihurtzen da plaza, eta haren bueltara biltzen gara gu, publikoa: hortxe dugu azken kultur objektua, tripak agerian. Eta hortxe gaude gu, epaile jantzita, irribarre erdi-maltzurra ezpainaren ertzean, bisturia esku batean eta egurrezko mailutxoa bestean, gure epaia botatzeko gertu.

Baina zer gertatuko litzateke behingoagatik epailea jarriz gero disekzio-mahaian? Zer itzuliko liguke ispiluak? Zer ikusiko genuke gure tripetan? Bada, galdera horiei erantzuteko asmoz, behaketa erabat zientifikoa egin ostean, euskal kritikarien eneagrama osatu dut. Hementxe duzue katalogoa:

Eskisitoa: Kritikari honentzat ezer ere ez da ona. Edozer irakurri, entzun edo ikusi aurretik jada zorrotz izaten ditu haginak, sarraskirako prest. «Ona», «txarra», «ederra», «purua» terminoak aldarrikatu ohi ditu. Literaturan, kanonarekiko eta tradizioarekiko begirune absurdo samarra izan dezake, eta musikan, gorroto du autotunea. Orokorrean, euskal kulturaren «amateurismoaz» kexu da. Argitzeke dago ea ego handi edo/eta ahul bat dagoen horrelakoen atzean.

Betaurrekoduna: Pare kuttuna edukitzen du normalean. Moreak dira erabilienak egunotan, nahiz eta gorriak ere modan dauden. Gauzak modu interesgarrian ikusten ditu filtro horien bidez, eta ekarpen berritzaileak egiteko gai da. Zoritxarrez, pare bakarra baldin badu edo betaurrekoz aldatzeari uko egiten badio, ikusmena atrofiatu egiten zaio eta dogmatismorantz lerratzen da.

Onbera: Euskaraz egindako edozeri loreak botatzeko gai da. Pena ematen dio jendeak egindako lana kritikatzeak, ez baitu inor mindu nahi. Euskalgintzaren salbazioa bere eskuetan utzi izan dute askok. Errehabilitatutako eskisito eta jeloskorrek jarrera hau hartu ohi dute.

Gazte-zaharrak: Adinaren talaiatik erreparatzen diote objektuari. Haustura belaunaldi guztietan gertatzen den fenomenoa ez balitz bezala, nork bere garaia defendatzen du, lehengoa vs oraingoa lehia antzuan. Ez zaie gustatzen elkarri entzutea, baina susmatzekoa da bata bestearen oinordekoa dela; hau da, gaurko gaztea dela biharko zaharra.

Jeloskorra: Eskisitoaren aldaera bat izan liteke, baina bere auzokritiken atzean autokritikarik zorrotzena dago. Plazaren ertzetik erresuminduta begiratzen ditu barruan daudenak, berak lehen pausoa eman beharrean. Kritikatu ostean damutu egiten da, eta onbera fasera pasatzen da. Susmatzekoa da barneratutako misoginia eta autosabotajea egon litezkeela bere jarreraren atzean.

Zinikoa: Umorea erabiltzen du kritika basatiak egiteko, eta umorea erabiltzen du kritiketatik babesteko. Txantxa eternoan bizi denez, ez dago berekin eztabaidatzerik. Zuzentasun politikoari kontra egiteagatik guaia dela pentsatzen du, eta ez da ohartzen dagokion baino espazio gehiago okupatzen duela. Gizontasun hegemonikoa du babesle ofizial.

Konparatzailea: Euskaraz egindako edozer konparatzen du atzerriko erreferentziekin, «Abeslari/talde/idazle hori euskal (txertatu hemen erreferentzia) da» bezalako esaldiekin. Ez badu konparaziorik aurkitzen, objektuak ez dio balio. Emakumeak haien artean konparatzeko behar saihetsezina sentitzen du, argitu gabeko arrazoiengatik.

Kategoriko superazkarra: Bost minutuan ebazten ditu juizioak. Ez du errekurtsorik onartzen. Bost minutu nahikoa ditu etiketa bat jartzeko objektuari: putamierda edo laostia ditu sententziarik ohikoenak. Eskisitoaren aldaera pasionala da. Hater-a ere multzo honetan sartzen da.

Intelektuala: Betaurrekodunaren lehengusua. Horrek ez bezala, bere helburua ez da inolako ekarpenik egitea, baizik eta bere burua entzutea. Hitz egiteko aitzakia hutsa da beretzat kultur objektua. Ez du sententzia irmorik emateko ohiturarik, horrela bere txaparekin jarrai dezakeelako.

(Hemen amaitu da testa, eta artikulu honen atal komikoa.)

Orain, hartu hamar segundo, arnastu sakon, eta pentsatu bederatzi jarrera horietako zein (bat baino gehiago izan liteke) hartu izan duzun euskal kulturako objektuak kritikatzeko garaian, eta zergatik.

Luze jardun gintezke kritikaren funtzioaz eztabaidan, nondik aritzen ezbaian jarri gabe, eta abiapuntu ederra iruditzen zait hori, kultur objektu partikularrak kritikatzeko dugun moduak eman diezagukeelako pistarik gure kultur sistemaren gainean dugun ikuspegiaren inguruan.

Nire behaketa erabat zientifikotik atera dudan ondorioetako bat izan da onberatasunaren eta zorroztasunaren artean gabiltzala orokorrean: euskaraz plazaratutako guztia onartzen dugu lehen unean, baina egurra ematen diogu gero. Edo ontzat ematen dugu, are kritika merezi duenean ere. Zergatik? Jarrera askoren atzean konplexua, mesfidantza eta babestu beharra irakurri ditut nik. Baita beldurra ere: gu geu edo besteak kaltetzekoa.

Puntu honetara helduta, ohartzen naiz askoz gehiago zehaztu beharko nukeela esandakoa, eta ezinbestean aipatu beharko nukeela artearen demokratizazioa eta kritikaren beharrezkotasuna, eta definitu beharko nukeela kritikari ona, baina amaitu zaizkit karaktereak. Beraz, momentuz, zuen jarrera indibidualak autodisekzionatzen utziko zaituztet, datorren juiziora arte behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.