Igande gauean sute bat piztu zen Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan, eta bertan atxikita zeuden 24 pertsona ebakuatu behar izan zituzten. Sutea zentroko ziega batean piztu zen, 21:15 aldera, eta suhiltzaileak sugarrak azkar itzaltzeko gai izan ziren. Dena den, jasandako kalteen ondorioz, bi lagun eraman zituzten ospitalera: bat, sutea sortu zen ziega barruan zegoen 22 urteko gizon bat, larri zegoen arnasturiko kearen ondorioz, baina haren bizia ez dago arriskuan. Bestea, 28 urteko beste gizon bat, zorabio bat jasan zuelako artatu zuten, baina goizerako ondo zegoen.
Poliziak ikerketa bat abiatu du gertaturikoa argitzeko, eta zentrotik ebakuaturiko pertsona guztiak Bordeleko eta Tolosako (Okzitania) atxikitze zentroetara eraman dituzte oraingoz. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez, sutea nahita eragin du atxikitako pertsona batek, eta zentroko polizia sindikatu baten arabera, «ihes egiteko» asmoarekin egin du.
Cimade etorkinen laguntza juridikorako elkarteak Hendaiakoa bezalako atxikitze zentroetan dagoen «tentsio egoera» salatu du, askatasunik ezak eta etorkizunerako berme faltak bertan harrapatuta dauden pertsonei sortzen dieten ezinegona azpimarratuta. Izan ere, Marion Beaufils Cimadeko kideak azaldu duenez, «liskarrez eta krisiz jositako uda» baten ostean, «edozein unetan» halako gauza bat gertatzearen «beldur» ziren, eta, horregatik, atxikitze zentroen itxiera aldarrikatu du.
Arduragabekeria larriak
Sutearen ondorioz hildakorik egon ez den arren, gertatutakoaren larritasuna eta larrialdiaren kudeaketan izan diren arduragabekeriak seinalatu ditu Beaufilsek: «Sutea piztu den unean soilik lau agente ziren zentroan, eta ez dute egoera batere ondo kudeatu. Sutea sortu den ziega ireki dutenean, sugarrak leku guztietatik hedatu dira, eta, gainera, larrialdi irteera bat ez zen irekitzen».
Halaber, salatu du atxikituriko pertsona guztiak sutearen ostean leku berean elkartu dituztela gaua pasatzeko, aurretik COVID-19aren aurkako protokoloagatik isolatuta zeudenak beste guztiekin batera egotera behartuta. «Orain denak daude potentzialki kutsatuta», adierazi du. Bestalde, gertatutakoak zentroan zeudenei eragin dien kalte psikologikoa ere nabarmendu du Beaufilsek, Cimadeko kideekin hitz egin dutenetako batzuk «negarrez eta shock egoeran» zeudela gogoratuta: «Haietako askok bizipen gogorrak izan dituzte, heriotzari aurre eginez, eta hau oso zaila izan da haientzako, bertan hilko zirela uste zutelako».
Hendaiako atxikitze zentroa hustu dute, sute batengatik
Bi lagun eraman dituzte ospitalera, bat egoera larrian. Cimadek sutearen kudeaketan izan diren arduragabekeriak salatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu