Koronabirusa. Zahar etxeak. Iraide Urriz. Babestu elkarteko kideak

«Senideok ez dakigu zer ari den gertatzen adinekoen egoitzetan»

Urrizek Bilboko zahar etxe batean zuen ama, eta hilabete hasieran zendu zen, COVID-19aren ondorioz. Presio egitera deitu ditu egoiliarren familiak, zentrootako eredua aldatzeko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Zahar etxeetan gaixotutako eta hildako adinekoen kopuru lazgarrien atzean badaude dozenaka bizipen, galera eta malko. Emozioez zein gogoetez mintzatu da Iraide Urriz, nahiz eta azken egunetan errealitatea barneratzeko asti handirik ez duen izan. Maiatzaren 2an hil zitzaion ama, koronabirusak jota, Bilboko Santa Marina erietxean, hiriburuko zahar etxe batean birusa hartuta. Babestuko kidea da, Bizkaiko egoitzetan bizi diren edadetuen senideen elkartekoa, eta nabarmendu du bere ezinegona familia askorena dela: «Oso txarto pasatzen ari gara. Ez dakigu zer gertatzen ari den egoitzetan: informazioa ezkutatzen ari dira».

Lau urte baino gehiago egin ditu haren amak egoitzan, eta horrek aukera eman dio eredua ezagutzeko: «Jende asko orain konturatu da egoeraz, baina senideak egoitzetan ditugunok aspaldi ikusi genuen. Eta gogoratzekoa da greba asko egon direla sektorean». Salatu du hainbat zentrotan opakutasunez kudeatu dela osasun krisia. Martxo erdialdera zahar etxeak itxi zituztenetik, egoiliarrak bisitatu gabe egon dira familiak, eta komunikatzeko zailtasun handiekin. «Uste dugu amaren egoitzan hamar lagun hil direla, baina ez dakigu seguru. Informazioa eskatu dugu, eta ez digute eman, datuak pribatuak direla esanez, baina guk ez dugu eskatu izen-abizenik, baizik eta kopuruak, portzentajeak, solairukako antolakuntza... Zerbait jakiteak lasaituko gintuzke; bestela, telefonoak noiz joko duen beldurrez gaude».

Hala gertatu zitzaion Urrizi berari apirilaren 12an: amak sukarra zuela esan zioten. Hurrengo egunean ospitaleratu zuten. «COVID-19aren sintomak zituen, baina lau aldiz eman zuen negatibo proban». Hortaz, erietxean bisitatzeko aukera izan zuen: «Argi nuen bera ikustera joango nintzela, ahal izanez gero. 11 egunera, bosgarren proban, positibo eman zuen, eta senide batzuoi aukera eman ziguten bisitekin jarraitzeko, baina uko egin nion: ordurako okerrago zegoen, botikekin lo, ez zen ezertaz jabetzen, eta etxekoak ere kutsatzeko arriskua nuen». Susperralditxo bat izan zuen andreak apiril amaieran, baina bi egunera zendu zen.

Bisitek, hala ere, «lasaitasuna» eman diote Urrizi: «Berarekin egon naiz, jaten eman diot...». Dena den, uste du halakoetan segurtasun distantziarekin malgu jokatu behar dela: «Amak alzheimerra zuen, oso garatua: ez ninduen ia ezagutzen. Ez du zentzu handirik horrelako gaixo batengandik bi metrora geldi geratzeak. Ni etengabe aritu nintzen laztantzen, abesten, bideoak grabatzen familiakoei erakusteko... eta, aldi berean, neurriak ondo betetzen: edozer ukitu ostean eskularruak garbitzen».

Senideen kezkak

Ama erietxera eraman zuten arren, Urrizek badaki ospitaleratzeen auziak ezinegon handia eragin duela senide askorengan, adineko ugari zendu baitira egoitzetan: «Elkarteko kide batzuek adierazi didate irudipena dutela zahar asko ez dituztela ospitaleratu erietxeak gainezka zeudelako, eta agian horrek heriotza gehiago ekarri dituela; alegia, sentsazioa da adinekoak utzita egon direla, gutxietsi egin dituztela».

Informazio faltaren ondorioz, zalantza ugari dituzte egoitzetan azken asteetan izandako jardunaren inguruan: «Nire amak bi aste egin bazituen logelan itxita, zergatik kutsatu zen?». Zehaztu du ez dutela langileen aurka jo nahi —«lan gogorra dute, eta txarto ordaindua»—, baina kudeatzaileek azalpen bat zor dutela uste du: «Jendeak ez daki, baina izugarria da: adinekoak askotan lotzen dituzte, ez daitezen mugitu. Egoiliarrak geletan nahi dituzte, geldi, lotuta edo pilulen bidez, haiek zaintzeko langile gehiago jarri ordez. Imajina al dezakegu bi ume bakarrik uzten dituztela gela batean 45 egunez? Zenbat ordu dira inolako arretarik gabe?». Itaun ugari ditu bisiten inguruan ere: «Egoitzek erabaki behar dute, ala aldundiak bermatu behar ditu? Zergatik hil behar dira adinekoak bakarrik?».

Eusko Legebiltzarrera

Urrizentzat, argi dago zahar etxeetako eredua berrikusi behar dela. Oinarrietatik: «Adinekoek eskubidea dute egoitza batean egoteko eta zaintza ona jasotzeko». Gogoeta sustatzeko aukera ikusten du orain, «agerian geratu delako sistemak ez duela funtzionatzen». Erakundeetara jotzeko asmoa dute: Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako senideen elkarteek agiri bat bidali dute asteon Eusko Legebiltzarrera, eta agerraldi bat eskatu dute, pandemiak zahar etxeetan izandako eragina azaltzeko eta eredu aldaketaren ildoak proposatzeko: egoitzek kudeaketa publikoa izatea, Osakidetzak bere gain hartzea osasun arreta, zaintzarako baliabideak handitzea...

Sinetsita dago instituzioetako bidea jorratu behar dela: «Orain daukagu aukera; beraz, inportantea da jendeak presio egitea». Hala ere, Urrizek aitortu du «oso minduta» daudela Bizkaiko Diputazioarekin: «Gauzak txarto egiten direnean, esan egin behar da, eta zuzendu, baina ematen du kapritxoz kexatzen garela. Aldundiak ez du ikerketarik bideratzen. Ezintasun handiz bizi dugu hori: diputazioak bermatu behar lituzke gure eskubideak, baina ez digu kasurik egiten. Ez dugu haien babesik jasotzen, ez dute inolako enpatiarik gurekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.