Estrategia demografikoari buruz Eusko Legebiltzarrak aurkeztutako lan dokumentua oinarritzat hartuta, zenbait ekarpen egin ditu Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Haren arabera, hizkuntza politikaren ikuspegitik «giltzarria» da estrategia demografikoa, eta, horregatik, lan ildoetan euskararen normalizazioa ahalbidetzeko neurriak txertatzeko eskatu du. Besteak beste, uste du arreta berezia jarri behar dela «arnasguneetako garapen endogenoa» sustatzean.
Legebiltzarraren dokumentuak oinarri jakin batzuk zehazten ditu. Besteak beste, eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero ikuspegia, aniztasuna, adinekoen eskubideak eta gazteen emantzipazioa. Hala ere, Uemak nabarmendu du horien artean ez dela euskararen normalizazioa aipatu ere egiten, eta horixe da zehazki haien proposamena: «Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea».
Lan dokumentuak proposatzen duen jarduera plan bakoitzeko ekarpen zehatzak egin ditu Uemak. Epe laburrera begira, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu dituzte. Ibilbide luzeko eraginari begira, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak. Amaitzeko, hiru proposamen egin ditu zeharkako ildoei begira: landa ingurunean herri horietako biztanleak bertan geratzeko neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko tresnen eta prospekzio azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa.
Bi oinarri nagusi
Erronka demografikoari erantzuteko, beraz, bi oinarri dira «ezinbestekoak», Uemaren arabera: zeharkakotasuna eta eragile guztien arteko lankidetza.
Hizkuntza politikan «aurrerapauso handiak» eman badira ere, «ebidentzia bat» agerian geratu dela adierazi du Uemak: «Hizkuntza politika ez da soilik berariazko politikekin egiten; beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten diote euskararen egoerari». Ondorioz, estrategia demografikoan «ezinbesteko» ikusten dute euskararen indarberritzea kontuan hartzea. Hala ere, estrategiaz gain, proiektu guztiak kontuan hartzeko eskatu dute: «Estrategia honetan soilik ez, udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori».
Demografia erronka
Uemak arnasguneetako barne garapena sustatzeko neurriak eskatu ditu
Hizkuntza politikaren ikuspegitik estrategia demografikoa «giltzarria» dela dio Uemak, eta euskara horietan txertatzeko ekarpenak egin ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu