Albisteak bideo oso laburretan

Mondragon Unibertsitateko bost ikaslek 'Labur esanda' egitasmoa jarri dute martxan sareetan

Labur esanda egitasmoko bost gazteak Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira. OIER ABARRATEGI.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Ikusten genuen gazteek gero eta gutxiago kontsumitzen dituztela ohiko komunikabideak. Gero eta gutxiago ikusten dute telebista tradizionala, eta are gutxiago bertan agertzen diren albistegiak». Horri erantzuteko, albiste laburrak euskaraz eta formatu bertikalean kontsumitzeko egitasmo bati ekin diote Luken Ugarteburuk, Gontzal Belategik, Ramon Elizondok, Peru Atxak eta Oier Abarrategik: Labur esanda. Gazteak dira bostak, Mondragon Unibertsitateko ikus-entzunezko ikasleak. Eta modulu batetik sortu da haien ideia, Formatu eta eduki berriak lan sekuentziatik. Moduluaren tutorea Beñat Flores da, eta Jon Garate kazetaria izan dute irakasle.


Aste honetan bertan hasi dira Interneteko sare sozialetan bideo batzuk zabaltzen, proba moduan; datorren astean, berriz, ofizialki ekingo diote egitasmoaren zabalpenari.

Bost ikasleek azaldu dutenez, Labur esanda-ren helburua gazteei zuzendutako albiste motz eta bertikalak sortzea da. Haietako bat jartzen da kamera baten aurrean. Bideoak hiru modutakoak egingo dituzte: lehen argitalpena goizean egingo dute, eguneko efemeride bat kontatuz. «Informazioa emango dugu, era labur eta ulergarri batean». Bigarren eta hirugarren argitalpenak eguerdian egingo dituzte, eta bakoitzak aktualitateko albiste bat kontatuko du. Egunaren amaieran, bestalde, minutu batean eguneko albisteen errepasoa egingo dute, «albistegi bizkor baten moduan».

Instagram, Tiktok, Twitter eta Youtube plataformak erabiliko dituzte bideoak zabaltzeko. «Instagram eta Tiktok nabarmenduko genituzke, gazteek gehien kontsumitzen dituzten sare sozialak direlako», azaldu dute egileek. Youtuben, short bideo formatuan jarriko dituzte edukiak.

Gazteen hizkera nabaria da berrien kontakizunean. Hala izan da, behintzat, lehen asteko bideoetan. «Albisteek umore puntu bat edukiko dute, gazteekin hobeto komunikatzeko. Guk erabiltzen dugun erregistroa izango da».

Askotariko gaiak

Labur esanda egitasmoko bideoak ez dira gai jakin batzuetara mugatuko. Eguneko gertakariak, politika, ekonomia, kultura eta kirola landuko dituzte, besteak beste. «Euskal Herria epizentrotzat hartuta, bertako eta nazioarteko albisteak emango ditugu». Probako lehen bideoetan, adibidez, Jair Bolsonaroren aldekoek Brasilen egindako protesten berri eman dute. Eta efemerideetan, duela 47 urte Espainiak Mendebaldeko Saharan zuen okupazioari amaiera eman ziola kontatu dute.

Bideoek, bestalde, azpidatziak izango dituzte —euskaraz—. 16-30 urte bitarteko gazte euskaldunengana iritsi nahi dute. «Sare sozialen bitartez, gazteek albisteak kontsumitzeko ikus-entzunezko alternatiboa eskaini nahi dugu», azaldu dute.

Ikasle taldearekin harremanetan jarri nahi duenak [email protected] helbide elektronikora idatz dezake, edo sare sozialen profiletara jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.