Renove planaren ia erdia ahitu da, eta gehiena gasolina eta dieselerako

1.100 eskaera jaso ditu EEEk, horietatik 900 martxoko lehen hiru egunetan. Moves planera atxikitu dira beste 100 auto erosle inguru

Auto kontzesionario bat. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Autogintzaren patronalak garbi utzi du asteon eragin nabarmena izaten ari dela merkatuan auto berrien erosketa laguntzeko Jaurlaritzaren Renove plana; bada, martxoko salmenten datuek islatutako eragin horri kopuru zehatzak jarri zizkion EEE Energiaren Euskal Erakundeak, atzo: Bost milioi euroko aurrekontuaren ia erdia ahitua da jadanik, energiaren erakundeak 1.100 eskaera jaso baititu. 900 bat martxoko hiru lehen egunetan jaso zituen; planaren atzerako eraginari helduta, erosle ugarik otsailean itxi baitzuten erosketa. Orain ez dira hain ugariak izaten ari 2.000 eta 3.000 euro arteko laguntza eskaerak. EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolaren arabera, «60 bat eskaera dira egunero».

Erritmo horrek bere horretan jarraituz gero, oraindik aste batzuk iraungo luke Renove planaren aurrekontuak, eta gogoratu behar da Gasteizko gobernuak ez duela baztertu pizgarri horren funtsa handitzea atzera. «Lortutako emaitzak aztertu ondoren» hartuko dute azken erabakia.

Nolanahi ere, Renove planaz gain, Espainiako Gobernuak auto elektrikoak erosteko martxan jarri berri duen pizgarria ere hor dago: Moves plana. Hura ere EEE kudeatzen ari da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hiru herrialde horientzat 2,1 milioi euro daude; Nafarroarentzat, 621.000 euro. Iñigo Ansolak esandakoari jarraiki, 100 bat eskaera jaso ditu dagoeneko EEEk.

Laguntza eskaera horiek soilik auto elektriko baten erosketari lotuak joan daitezke, eta ez dira bateragarriak Renove planarekin. Baina Gasteizko gobernuarenak baino handiagoak dira, 6.500 eurorainokoak baitira; 5.500 gobernuak jarriak dira, eta gainontzeko 1.000 euroak, auto kontzesionarioaren eskutik doaz. Renovek 3.000 euro baizik ez ditu eskaintzen hamar urteko auto zaharra auto elektriko batekin ordezkatzeko.

Agian, horregatik, Renove planari lotutako laguntzaren zatirik handiena gasolina eta diesel autoak erosteko baliatu dute kontsumitzaileek. EEEko zuzendariak dio laguntzen %70 baliatu dela diesel eta gasolina autoak erosteko. A ziurtagiri energetikoa behar dute, eta ez dago eskaintza handirik kontzesionarioetan. Hala ere, hibridoak eta GLP autoak baino salduagoak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.