Laboral Kutxak espero du apiriletik aurrera hasiko dela susperraldia

Finantza erakunde horrek aurreikusi du 2021ean %7 handituko dela Hego Euskal Herriko ekonomia

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenaren Eremuko zuzendaria eta Joseba Madariaga ikerketa zuzendaria. ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Errebote efektua ez da aski izango. Alegia, aurtengo atzerapauso handia ez da 2021ean leheneratuko. Laboral Kutxak espero du aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste ekonomiak %10,2 atzera egitea, eta Nafarroan, %9,5; 2021ean, berriz, Hego Euskal Herri osoan jarduera ekonomikoa %7 haziko dela uste du. Lehen hiruhilekoan, txerto kanpainarekin hastekoa bada ere, COVID-19aren transmisioa eragozteko neurri murriztaileak hartu beharko direlakoan dago. Horregatik uste du apiriletik hasiko dela susperraldia. «Bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko da benetan ekonomia irmo hazten, eta, urtearen erdialderako, normaltasunerantz abiatuko gara».

Bilbon eta Iruñean egindako aurkezpenean, Ibon Urgoiti Negozio Garapenaren Eremuko zuzendariak ohartarazi du egoera kaltebera dela, eta, horregatik, beharrezkotzat jo du Europako Batasunak egonkortasunerako arauak malgutzeko erabakiari eustea, gutxienez pandemia aurreko egoera itzuli arte: «Izan ere, erdizka leheneratzeak eta kontu publikoak doitzeak krisia bera luzatuko luke, eta langabezia eta gizarte desberdintasunak areagotuko lituzke».

Pandemiari aurre egiteko ezarri diren neurrien ondorioz oraindik ere haren kaltearen sakontasuna ez dagoela ikusterik ohartarazi dute. Adibidez, aldi baterako erregulazioan diren langileak landun gisa kontabilizatzen dira, baina laguntza hori kentzen denean batzuk langabeziara joan daitezkeela uste du Madariagak: «Enpresei eta langileei emandako laguntzak desagertzen direnean, pandemiak ekoizpen ehunean nolako kaltea egin duen ikusiko dugu, eta ez dugu kolpean ikusiko, apurka baizik».

Langabezia handituko bada ere, ez da ausartu datu bat ematera, ez dakitelako zenbatekoa den kaltea. Enpleguari dagokionez, aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %8,7 eta Nafarroan %8,2 jaistea espero du, eta 2021ean errebote bat jotzea, nahiz eta ez den aski izango aurtengo jaitsiera konpentsatzeko: EAEn, %6ko igoera, eta Nafarroan, %6,2koa.

Sektoreka, Laboral Kutxaren ustez, konfinamendua bertan behera utzi zenez geroztik, industria «nabarmen» suspertu da Hego Euskal Herrian; «besteak beste, neurriek ez dutelako sektorean eragin». Irailera arte, industria jarduera %5,7 erori da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoko datuekin alderatuta, eta %4,5 Nafarroan.

Aitzitik, zerbitzuetan bestelakoa da egoera. «Aurrekoarekin alderatuta, krisi hau oso desberdina da. Aurrekoa nazioartetik etorri zen, eta industriari eragin zion. Oraingo honek zuzen-zuzenean jo du zerbitzu sektorean, eta kontuan izan behar dugu lanpostu ugariko sektorea dela. Ondorioz, baliteke suspertze orokorra motelagoa izatea».

Horrek guztiak ziurgabetasuna eragiten du eragile ekonomikoetan, hala sendietan nola enpresetan. «Kontsumitzaileen konfiantza gutxieneko mailan dago. Logikoa denez, lan merkatua nola egongo den begira daude, eta elementuok kontsumoaren inguruko erabakiak atzeratzera eramaten ditu».

Alde positiboari begira, EBko Next Generation plana euskal ekonomiarentzat aukera handia dela uste du Madariagak, eraldatzeko baliatu daitekeelako. «Ezin dugu oraingoz gauza handirik jakin. Badakigu Espainiako Gobernuak 2021ean 26.600 milioi euro baliatu nahi dituela, baina ez dakigu askoz gehiago. Falta da jakitea zer proiektu diren, nola erabiliko den erkidegoetan, zer gobernantza eredu ezarriko den...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.