Iñaki Urresti. Ascobi-Biebako idazkari nagusia

«Etxe bat eraikitzea %20 garestitu da azken bi urteetan»

Lehengaien garestitzeak eraikuntzaren sektorean izandako eragina azaldu du Urrestik, irabazi marjina estuekin jardutean edozein ezustekok hankaz gora jar baititzake kalkuluak. Langile belaunaldi berri baten premia ere nabarmendu du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte daramatza Ascobi-Bieba eraikuntzaren Bizkaiko patronalaren idazkari nagusi izaten, eta harena iritzi kualifikatua da sektoreari argazkia ateratzeko. Esaldi bat hainbatetan errepikatu du Urrestik (Ondarroa, Bizkaia, 1962): «Niri bazkideek beti esaten didate egonkortasuna nahi dutela, prezioek eta kostuek bilakaera normala izatea, eta, orain, zail dago hori». Euskaraz erantzun die galderei; tira, «ondarroarrez».

Confebaskek bere azken txostenean esan zuen eraikuntza sektorea oso gutxi hazi zela iaz, eta aurten ere antzera ibiliko dela. Garai txarrak al dira?

Ez dakit zein iturri duten, baina guk ez dugu ikuspegi hori. Iaz lana egon zen, eta aurten lana badago. Arazoa da materialak asko garestitu direla. Horrek eragin du batzuetan ez izatea ona lan karga edukitzea, eta lana buruhauste bihurtzea. Eskariak prezio jakin batean sinatu ziren, eta materialak gehiago igo dira. Azken urtean, hori izan da kezka nagusia: eskariak zituenak ea nola alda zitzakeen baldintzak. Gero etorri zen prezioen berrikuspena arlo publikoan; eta pribatuan, antzera. Nik kontratu bat sinatu dut; lehen errentagarritasun bat kalkulatzen nuen, eta orain dirua galtzera noa. Eraikitzaileak nahiago du uko egin eta promotoreari euro bateko kalte ordaina eman, hamar galdu baino. Baina promotoreak dio: «Zer egingo dut euroarekin etxeak saltzen ari banaiz?». Akordioekin konpondu dira halako egoerak.

Egitasmo publiko asko gelditu al dira lizitatzeke?

Nahikotxo. 2021eko udazkenean hasi ziren zintzilik gelditzen. Lehiaketara irtendako egitasmo asko duela sei hilabetekoak edo duela bost urtekoak ziren. Lizitazio prezioak ez dira gaur egungoak, eta ez da inor aurkeztu, dirua galtzea delako. Administrazioek ikusi dute prezioak aldatu egin behar izan dituztela.

Materialek noiz jo zuten goia?

Iazko udaberrian, eta oraindik goian daude. Hasieran, material jakin batzuk garestitu ziren, baina, beste batzuk lortzeko, energia ezinbestekoa da, eta, energia garesti badago, haiek ere bai. Pentsa zeramikak zenbat argindar behar duen. Eskulana ere garestitu egin da, lan itunean %6,5eko soldata igoera baikenuen onartua iazko.

Lehengaiak krisi aurreko preziotik oso urrun al daude?

Duela urtebete, denetarik zegoen: %70eko garestitzeak, %60koak, batzuk bikoiztu ere... Etxe bat egitearen kostua %20 garestitu da azken bi urteetan, edo gehiago. Promotoreek hori esaten didate. Gaitza izango da aurrekora itzultzea; energiarekin zer gertatzen den ikusi behar. Inflazioak sortzen duen dinamika da; jaitsi baino gehiago, egonkortu egingo da. Gurean, irabazi marjinak txikiak dira, eta enpresa asko beste sektore batzuetara begira jarri dira.

Zein da, bada, irabazi marjina?

Txikia: %5, %6, %8... Hasieratik %10eko mozkin marjina batean pentsatzea oso baikorra da. Hala herri lanetan nola pribatuan. Herri lanetan lehia estua dago prezioak jaisteko. Lehia marjinarenkaltetan egiten da. Batek %5eko marjina onar dezake, baina eskaririk ez duenak jaitsi egiten du marjina hori, edota merkatu berri batean sartu nahi duenak. %10eko irabaziaren bila ari dena merkatutik kanpo dago; ez du kontraturik lortuko. Ez da lan erakargarria. Halako marjinekin, egonkortasuna nahi duzu. Ez duzu aldaketarik nahi. Etxeen prezioak asko igotzen direnean ere, promotoreek nahiago dute egonkortasuna, prezioak %1 edo %2 igotzea. Etxeak asko garestitzen badira, zorua ere asko garestitzen da.

Irakurleak pentsatuko du: «Eraikuntzako enpresariak ere negarrez ari badira...».

Ez! Eraikuntzako enpresariak negarrez, ez, horiek estereotipoak dira. Arrakasta kolpearen kultura-eta... Estereotipoak dira. Lizitazio publikoan, administrazioak oso ondo daki zer marjinarekin lan egiten den. 2010eko krisian, herri lanak pila bat murriztu ziren. Enpresek lan poltsa mantendu behar zuten, eta lehiaketa publikoetan prezioetan beherakada handiak egin zituzten. Ez da negar kontua. Eraikuntzan gero eta enpresa gutxiago daude, eta daudenak beste arlo batzuetan sartzen ari dira. Zerbaitengatik izango da.

Egia da zahar etxeetan, zabortegietan... sartu direla.?

Herri lanak ez dira erakargarriak. Arrisku handia eta marjina txikia.

Arlo pribatura joz, etxebizitza berrien eskaintza txikia dagoela diozue. Ez al da kontraesana?

Ez, zergatik? Etxe berri gutxi egiten dira; ez dago eskaintzarik dagoen eskarirako. Eraikitzen den guztia saldu egiten da. Hori ulertzeko, aztertu behar da zer baldintzatan egiten den lan. Zoruaren legeak dio etxeen %75ek babestuak izan behar dutela. Oinarrian dagoen ustea zera da, gero eta batezbesteko handiagoa izan, babesturiko etxe gehiago egingo direla, baina hori bakarrik gertatuko da etxeen %25 libreak izanda promozio hori errentagarria bada. Legez, etxe berrien %75ek babestuak izan behar dute, baina horien prezioa hamabi urtez izoztuta egon da. Norbaitek uste al du hamabi urtean kostuak ez direla igo? Langileek soldata bera izan al dute? Ez, urtero igo dira. Babestuen prezioa igotzen ez bada, libreekin bakarrik posible al da gainkostuei eustea? Ez, horregatik ez dira egiten. Eskaera badago, hainbat urtetan interes tasa txikiak egon dira, eta, hala ere, ez da behar adina etxe eraiki. Zergatik? Promotoreek ezin zutelako.

Udan 25.000 eurora igo zen babes ofizialen gehienezko prezioaren langa. Nahikoa al da?

Gobernuak %16 igo zuen babesturiko etxebizitzaren modulua; asko dirudi, baina hamabi urte zeramatzan berdin. %16ko kostu igoera azken bi urteetan bakarrik egon da. Eta tasatua izoztu egin zuen. Udan onarturikoaren alde interesgarriena da aurrerantzean prezioak urtero berrikusiko direla KPIaren arabera.

Ez al zen errentagarria etxebizitza libreak duen prezioarekin?

Nola izango da errentagarria? Etxe guztiak libreen kontura? Babestuak ez baditu estaltzen bere kostuak, zer preziotan salduko duzu librea? Kalkulua egin eta emaitza bada etxe babestuen gehienezko prezioa aplikatu ondoren libreak 500.000 euroan saldu behar dituzula, eta merkatuak esaten badizu haien balioa 300.000 eurokoa dela, zer egingo duzu?

Etxe babestuekin promotoreak dirua galtzen al du?

Beti izan da horrela. Lurraren prezioa askotan etxebizitza librearen arabera jartzen da. Legeak dio babestuen kasuan zoruaren eta haren urbanizazioaren prezioak kostuaren %20 izan behar duela. Zorua kobratzen ez denean lortzen da etxe babestuak egitea, orubea publikoa delako edota gunearen urbanizazio kostuak beste diru sail batean daudelako.

Inkestek diote gero eta zailagoa dela etxea erostea.

Eta orain kostuak igo egin dira, eta ondorioa izango du. Etxeak gero eta garestiagoak izango dira, haiek eraikitzea garestiagoa delako.

Maileguak asko garestitu dira. Hori arazoa izan al daiteke?

Gaitzagoa da jendeak etxea erosteko ahalmena izatea. Kontuan hartu behar da azken bospasei urteetako egoera ez zela batere normala. Mailegua %1ean izatea, hori gauza oso ezohikoa zen. Orain %3ra igo denez, pila bat ordaintzen ari gara. Zein da ezohikoa? Biak. Tira, dirua %3an edo %4an egotea ez dut uste oso arraroa denik. Asko garestitu da etxerako sarrera, baina eskaria badago. Berriz diot: dena saltzen da.

Etxe asko berritzen ari dira.

Bai, baina normala da, gure etxebizitza parkea 1960ko eta 1970eko hamarkadetan handitu zelako batez ere. Eraikin pila bat egin ziren: Txurdinaga, Otxarkoaga... auzo horiek orduan sortu ziren. Etxe horiek berrikuntza premiak dituzte: paretak, teilatua...

Enpresak gainezka daude. Inbutua omen dago, Europako laguntzak arriskuan jarri arte.

Ez da oraingo arazoa, duela hamabost urtekoa baizik. Orain, Europako funtsak gehitu dira, laguntza handiekin. Inbutua gauza askorengatik izan daiteke: eraikuntza tramiteengatik, etxe asko kolpetik sartu direlako... Gero, laguntzak lortzeko obra horiek epe jakin batean egin behar badira, izango al gara kapazak? Langile arazoa dago, eta Euskal Herrian etxeak berritzeko tradizio handia dago. Berritze tasa Espainiakoa halako hiru da.

Langileak falta al dira?

Ez da gurean bakarrik dagoen arazoa: sektore askotan dago gabezia. Gremioetan-eta falta dira: iturginak, enkofradoreak... Espezialisten hutsunea dago. Auzi demografikoa ere bada; ikusi egiten da ez dagoela gazterik.

Seme edo alaba bati aholkatukoal zenioke eraikuntzan sartzea?

Ikasteko esango nieke, eta ahal duten kapazitazio handiena lortzeko. Eta, ahal bada, eraikuntzan lan kualifikatua lortzeko. Baina ikasle ona ez bazara, edo dena delakoa, zergatik ez? Irudi klasikoak kalte egin digu: beste ezertarako balio ez duena, obrara. Eraikuntza azken aukera den sineskera da, baina egun teknologia asko dago sektorean. Baldintza ekonomikoak industrian baino hobeak dira, eta, zerbitzuen sektorekoen aldean, zer esanik ez. Jende gazteak ez du aukera gisa ikusten; nahiago du pizzeria batean lan egin, igeltsero gisa hori halako bi irabazteko aukera izan arren. Langile zaharrak ditugu, eta berriak behar ditugu. Berriak emakumeak izan daitezke. Langileen %9 dira emakumeak, eta ia denak bulegoetan edo lan teknikoetan daude. Operariorik ez dago. Hesi mental bat da: nahiago dute zerbitzuetan jardun, eta ez dute baloratzen obran lan egitea.

Iaz, eraikuntzako hamahiru langile hil ziren lan istripuetan Euskal Herrian.

Azken urteetan ez da istripu tasa handirik egon, ez behintzat Bizkaian. Hildako bat izaten da urtean, batez beste. Eta hildako bat asko da, pila bat; haren familiari galdetu baino ez dago, baina, nondik gatozen ikusita, istripuak asko murriztu dira. Niretzat, hildakoak baino neurgailu hobea da istripu larrien kopurua, eta horiek gero eta gutxiago dira urtez urte. Guk obra asko bisitatzen ditugu segurtasun neurriak betetzen direla zaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.