Industriaren eteteak zenbait sektoretan —enpresaburuen artean bereziki— eragin duen haserreari irtenbide bat eman nahi izan dio Espainiako Gobernuak, eta salbuespen batzuk egin ditu funtsezkotzat jotzen ez dituen jarduera batzuetan; eta, bereziki, euren produkzioa esportaziora bideratzen duten enpresei eragingo diete, haien jarduera edozein dela ere. Enpresa horiei «ezinbesteko gutxieneko jarduera bat» baimendu die, baina, horri eutsi nahiko baliote, lana murriztu beharko lukete, adibidez, asteburuetan duten produkziora edo erritmora; larunbatetan eta igandeetan txandarik ez badute, ekoizpen txikieneko aldia hartu beharko dute kontuan.
Zehaztapen horiek egin zituen atzo Industria Ministerioak ohar batean, eta erabakia berretsi zuen Nadia Calviño Ekonomia ministroak, ordu batzuk geroago eginiko agerraldian, alboan Pablo Iglesias gobernukidea zuela —jarduera erabat gelditzearen aldekoa da Iglesias—. Adierazpen horrekin, gobernuak enpresa asko irekitzeko zirrikitua zabaldu du, baina hainbat galdera utzi ditu oraindik erantzun gabe. Emandako azalpenen arabera, Hego Euskal Herriko lantegi handi ugarik ez lukete euren jarduera eten beharko, euren bezero nagusiak nazioartean dituztelako. Dena den, ikusteko dago nola gauzatuko den hori.
Calviñok azaldu duenez, baimen hori igandeko erabakiaren interpretazio bat da. Nabarmendu du dekretu horren asmoa ez dela ekonomia gelditzea, baizik eta «hibernazio moduko batean» sartzea, herritarren mugikortasuna gutxitzeko eta kutsatzeak gutxitzeko. Horren harira, azpimarratu du dekretu horrek enpresei aukera ematen diela beren lantaldeak egokitzeko —«oinarri bat mantentzeko»—, produkzio kontraturik gal ez dezaten, eta alarma egoeraren ondorengo ekoizpen jarduerari eutsi ahal izateko. «Mugikortasuna murrizten saiatzen den lege dekretu bat daukagu [igandekoa]; jarduera ekonomikoa minimizatzen saiatzen dena, baina oinarrizko jarduera bat mantentzeko modua ematen duena ere, enpresek ekoizpen gaitasuna eta kontratuak gal ez ditzaten».
Erabaki horrekin, zenbait sektoretatik eginiko eskaerei erantzun nahi izan die Madrilek. Atzo, Jaurlaritzak «zirrikituren» bat bilatzeko eskatu zion beste behin, eta Asturiasko kasua gogoratu zion; han gobernuaren ordezkariak onartu du 30 bat enpresak euren jarduera ez etetea.
EAJk, berriz, Calviñoren «zuzenketa» eskertu zuen, baina zehaztasun gehiago eskatu zizkion. ELAk eta LABek, berriz, salatu zuten interpretazio batek ezin duela ordezkatu lege dekretu batek zehazten duena.
Autonomoak ere bai
Era berean, gobernuak argitu du igandeko dekretuan funtsezkotzat jotako jardueretako batean aritzen ez diren autonomoek ere lan egin ahalko dutela, mugitu daitezkeela euren lantokietara baimen berezi batekin. Baina euren kargura beharginak badituzte, baimen ordaindua eman beharko diete.
Koronabirusa. Eragina ekonomian
Enpresa batzuk irekitzeko zirrikitua zabaldu du Espainiako Gobernuak
«Oinarrizko lantalde bat» izatea baimenduko die euren produkzioa esportaziora bideratzen duten enpresei, jarduera edozein izanda ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu