Tubacex. Grebaren amaiera

Tubacexeko langileak gaur itzuliko dira plantetara, akordioa sinatu ondoren

Espero baino babes handiagoa izan du itunak, ELAk eta CCOOk ez ezik ATAL sindikatu independenteak ere izenpetu baitu. Enpresak ere txalotu du, eta amaitutzat jo du enpresaren berregituraketa. Grebak 236 egun iraun du

Tubacexen Laudioko lantegiaren sarrera, pankartaz josita, atzo goizean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun

Tubacexeko langileak gaur goizeko 06:00etan itzuli dira Laudio eta Amurrioko plantetara (Araba). 236 eguneko grebaren ondoren, atorra lodiak jantzi dituzte berriz. Langile batzordearen gehiengoak eta enpresak akordioa sinatu zuten atzo eguerdian, Bilbon. Protokolo azkarra izan zen, batzordeak langile guztien artean bozketa egitea baztertu baitzuen goizean. CCOOk babesa emateko jarritako baldintza zen, eta, esana zuen bezala, ezezko batek ez zuen bere erabakia baldintzatuko. Itunaren alde agertu zen ostiralean, eta alde agertu zen atzo. Are gehiago, itunak espero baino babes handiagoa izan zuen, ATAL sindikatu independenteak jarrera aldatu eta sinatu egin baitzuen. Horiek hala, langile batzordeko hamahiru kideetatik zortzik sinatu zuten: ELAko laurek, CCOO hiruk eta ATALekoak. STATek eta LABek, aldiz, ez zuten izenpetu.

[YouTube]https://youtu.be/QYReoIpMouU[/YouTube]

Eusko Jaurlaritzak egin ditu artekari lanak enpresaren eta langile batzordearen arteko azken bileretan. Enpresak hala eskatuta, Lan Sailak esku hartu zuen, eta Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan antolatu zuen sinadura ekitaldia. Sindikatuek, baina, ez zuten argazkirik nahi izan, eta kameren begiradatik kanpo sinatu zuten. «Langileek izan behar dute protagonismoa orain, ez kanpoko eragileek. Gatazka hau lehenago konpon zitekeen enpresak eta Jaurlaritzak borondatea izan balute», salatu zuen Edu Ibernia Tubacexeko langile batzordeko presidenteak (ELA).

Patua, izan ere, apetatsua da askotan. Atzo akordioa sinatu zuten eraikinaren alboan egin baitzen enplegu erregulazioaren negoziazio prozesuko azken bilera, atetik hamar metro eskasera. Hotel batean izan zen, martxoaren 10ean, eta egun hartan Ertzaintzak miatu egin zituen bilera hartara sartu ziren batzordeko kide guztiak. Sindikatuek tratu hura salatu zuten, eta atzo ez zioten argazkia oparitu nahi izan Jaurlaritzari.

Gas sektoreko eskariak

Ituna hain bizkor sinatzea goizeko bileraren ondorio izan zen. Gai bakarra zuen: iragan ostiralean ELA eta CCOOk sinatu zuten ituna langileen artean bozketa bidez berretsi behar zen edo ez. ELAk aurka egin zuen, galdeketa ordurako egina zegoela argudiatuta. STATek ere ez zuen onartu. LABek, berriz, asanblada eskatu zuen. Ondorioz, CCOOk eta independenteek bakarrik egin zuten bozketaren alde, hamahiru ordezkarietatik lauk.

Hortik aurrerakoak arrapaladan gertatu ziren, eta, eguerdirako, hiru aldeak Bilbon ziren. Itunaren xehetasunak ostiraletik ziren ezagunak: 129 kaleratzeak gelditu, soldatak izoztu, 40 lanordu gehiago... Enpresaren izenean, Celes Danis Arabako plantetako zuzendariak sinatu zuen: «Pozik nago akordioarengatik. Trantsizio energetikoaren erronkei lehiakortasunez ekitea ahalbidetuko digu». Neurriekin dirua aurreztea espero du Tubacexek, baina oraingoz ez du kenduko indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa. Era berean, onartu zuen gasarekin zerikusia duten eskariak jaso dituztela.

Iberniak ere ontzat jo zuen: «Langile borrokaren eredu izan gara, grebek duten ahalarena. Aurretik inork lortu gabeko zerbait egin dugu: enpresa batek Auzitegi Gorenean jarritako helegitea kendu du». Enpresak uztailean jarri zuen helegitea, 129 langilerentzako lan erregulazioa indargabetu ziotenean.

Jaurlaritzaren izenean, Elena Perez Barredo lan sailburuordeak hitz egin zuen. Negoziazioaren garrantzia nabarmendu zuen: «Gatazka gogor bat amaitu da. Akordioa langileek eta enpresak nahi zutenaren erdibidean dago». Tubacexen izandako rol ekimentsua aurrekaria izango den ez zuen zehaztu, lan gatazka bakoitza ezberdina delako, eta gehienak sindikatuen eta enpresen artean konpontzen direla esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.