GALERAREN KRONIKA

Markus Tacke Bilboko auzitegian deklaratzen joan den abenduan. LUIS TEJIDO / EFE.
Irune Lasa.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ezkonarazi gaituzte, ez zintudalarik maite. Hasiera-hasieratik izan da malkartsua Siemens eta Iberdrola familiak batu dituen —eta orain desegina den— matrimonioa. Iberdrola familiako ezkontidea, Gamesa, funtsean behartuta iritsi zen aldarera, ezin ziolako ezezkorik eman Siemens Wind ezkongai alemaniar ezinago boteretsuari. Dote eskuzabal batek —akzioko ordainsari on batek— tragoa zerbait eztitu arren, eta kontrakoa adieraziagatik ere, orduko hartan Zamudion guztiek zekiten, ondo asko, ezkontza hura ez zela berdinen artekoa.

Ezin ezezkorik esan, Iberdrola familiak, bere interesak babestu nahian, baldintza zehatz batzuk jarri zizkien alemaniarrei bat egiterako. Eta horien inguruko gatazkak amaigabeak izan dira, auzibidera iritsi arteraino. Orain, 1.100 milioi euroko ordainaren truke, siemensdarrak libratu dira dirutza eskuan etxetik joan den iberdrolatar kexati eta endredatzaileaz; eta Municheko familia Zamudioko azienda guztiarekin geratu da.

Iberdrolarekin urratutako bidea

Gamesa konpainia (Grupo Auxiliar Metalurgico SA) 1976an sortu zen, Gasteizen —2010ean aldatu zen Zamudiora—, robotikan, ingurumenean eta materialen sektore berritzaileetan aritzeko asmoz. Urteetan aurrera, Gamesaren jarduera aeronautikaren alorrean lerrokatu zen, hori zen bere negozio nagusia 1990an IBV korporazioa —Iberdrola eta BBV (gerora BBVA)— jabegora iritsi zenean.

Hurrengo urteak oparoak izan ziren taldearentzat. 1994. urtean hasiko zen Gamesa haize errotak egiten, eta urte gutxiren buruan sorgailu eolikoen munduko lehen fabrikatzaileen artean zegoen.

Burtsaratuta eta munduan hedatzen abiatu zuen milurtekoa Gamesak, eta Iberdrolari gero eta gehiago lotuta, argindar konpainia gero eta akzio gehiago eskuratuz joan baitzen. 2008an, IBVk utzi egin zuen Gamesa, eta Iberdrola bera gelditu zen akziodun nagusi gisa. Jokaera horrek bazuen zentzua. Ordurako, 2006an, Gamesa Aeronautica atala saldua zuten (Aernnova bilakatu zena), eta Gamesa energia berriztagarrietan zegoen buru-belarri. Parke eolikoen instalatzailearen eta haize erroten egilearen arteko sinergiak agerikoak ziren.

Gorabehera politikoen menpekotasun sakoneko eta lehiakortasun handiko berriztagarrien sektorean aritu beharrari, hain zuzen, beste faktore bat gehitu zitzaion: krisia. Bitarte horretan, porrot handi bat ere izan zuen Gamesak, Frantziako Arevarekin batera itsasoko eolikoen negozioan sartu eta kale egin baitzuen. Gamesak Iberdrolarekin egin zuen bide hori.

Siemensen etorrera

Alemaniarrak 2016an iritsi ziren, Zamudioko taldeak garabidean diren herrialdeetan zituen merkatuek erakarrita. Formalki, Gamesaren eta Siemens Winden arteko bat egite bat zen, «berdinen artekoa»; baina, errealitatean, Siemensek Gamesa jango zuen —akzioko 3,75 euroko ordainsari txukun batekin, hori bai—. Zenbakiak ezin ziren ezkutatu: Siemensek izango zuen taldearen jabegoaren %59; eta gainerakoa Gamesaren akziodunentzat izan zen. Hots, Iberdrola %8arekin gelditu zen.

Ordura arte izandako erabaki ahalmenaren zati bati eutsi nahian, Iberdrolak Siemensekin akziodunen arteko itun bat hitzartu zuen 2016an bertan. Akordio horrek Siemens behartzen zuen, besteak beste, Siemens Gamesaren egoitza soziala eta erabakigunea Zamudion mantentzera, eta talde berriak jarraitu behar zuen bere erosketen zati handi bat Euskal Herrian egiten. Akordioa hausten bazen, Siemens behartuta zegoen Iberdrolari bere partea saltzera, akzioko gutxienez 22 euro ordainduta.

2016ko abenduan, bestalde, Siemensek lortu zuen libratzea operazioa dezente garestituko zion erosteko eskaintza ezagutaraztetik, Gamesaren akziodun txikien atsekaberako.

Hiru urteko gainbehera

2017. urteko apirilean eratu zen, formalki, Siemens Gamesa Renewable Energy. Ezkontza egunetik bata bestearen atzetik etorri ziren kalapitak. Hasteko, taldeak bere burtsako balioaren erdia galdu zuen lehen sei hilabeteetan. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea kexu zen, Siemens Gamesaren profit warning-en (merkatuentzako galera ohartarazpenak) berri egunkarien bitartez izan zuela.

Siemens Gamesak ez ei zuen eskaini Iberdrolak espero bezalako segurtasunik, erabakiguneari eta beste zenbait baldintzari buruz; informazioa ezkutatzen omen zien akziodunei... Argindar konpainiaren haserrea gero eta agerikoagoa zen, Siemens Gamesa alemaniartzen zihoala eta.

Azken urtean, kalapitak auzibideraino iritsi dira. Joan den abenduan egin zen lehen auzia, eta Markus Tacke berak deklaratu egin behar izan zuen. Epaileak arrazoia eman zion Iberdrolari, ebatzita Siemens Gamesa informazioa ezkutatzen ari zitzaiola enpresaren administrazio kontseiluari.

Urtarrilaren 20an egin behar zen bigarren auzia, zeinetan Iberdrolak salatzen zuen Siemens oztopatzen ari zela Siemens Gamesaren administrazio kontseiluaren ohiko jarduna. Baina, bezperan, aldeek auzia gelditzeko eskatu zuten, agerian utzi bazegoela negoziazioren bat abian. Elkarrizketa horien ondorioz etorri da banaketa, eta, orain, iberdrolatarrak eta siemensdarrak ez dira elkar maitatzera behartuta egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.