Euskal Hirigune Elkargoa

Etxegarai, oraingoz, besteei begira

Gaur-gaurkoz, ez da espero zentro-eskuineko eta eskuineko espazioan talde politikorik sortuko denik. Jean Rene Etxegarairen inguruko hautetsiak iniziatibaren kontra mintzatu dira.

Jean Rene Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari hautatu zuten egunean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Hirigune Elkargoan talde politikoak sortzear direla, zentro eskuinekoen bloke zabalak zer eginen ote duen da galdera handiena. Errepublikanoen inguruan talde bat sor litekeela iradoki dute zenbaitek, baina oraingoz inork ez du baieztapenik lortu. Haatik, ez da espero, oraingoz, Jean Rene Etxegarairen inguruan talde bat osatzerik. Euskal Elkargoko funtzionamenduan inarrosiko duen aldagai berriaren harira aste hauetan BERRIArekin mintzatu diren gehienek bere lekuan eroso ikusten dute, eta ez dute uste halako urratsik egiteko beharrik duenik. Aldiz, gainerakoek hartu duten iniziatibaz kritiko mintzatu dira lehendakariaren inguruko hautetsiak.

Ikusi gehiago:TALDE POLITIKOEN ALDAGAIA

Hitz hauekin erantzun dio BERRIAri Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Etxegarairen azken urteetako bidelagun leialak. «Oraingoz, galde ofizialik ez da izan; beraz, pasabideetan soilik aipatzen den afera da. Hortaz, oraingoz ez dut deus errateko horri buruz, beha egonen naiz ikusteko ea zerbait konkretua bilakatzen den ala ez. Orduan, posizionatuko gara. Errateko dudan gauza bakarra da hautetsion artean batak besteari gardentasuna eta argitasuna zor diogula. Azpitik egiten diren gauzekin ez naiz biziki eroso. Uste dut lankideen artean eztabaidatu behar den zerbait dela; anitz lan egin dugu elkargoa sortzeko; beraz, erranen nuke galde ofiziala egin gabe ere lankideei aipatzeko moduko zerbait izan behar dela. Anartean, ez dut ezer gehitzen ahal, ofiziala izanen delarik, orduan bai». Harrigarria gerta daiteke erantzuna, EH Baiko ordezkariak Etxegarairekin harremanean baitira irailetik, talde politikoa osatzeko baldintzez mintzatzeko.

Bisautak mezu bidez osatu du telefonoz izandako elkarrizketa, eta talde politikoak sortzeko lanean ari direnen kontra egin du. «Elkargoa sortzeko izandako eraikuntza kolektiboak argitasuna, gardentasuna eta eztabaida merezi ditu. Zuen informazioa konfirmatzen bada, azpiko jokamolde horiek ez dira biziki aintzatsuak».

Ildo beretik jo du Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez eta PSko kideak ere. Finantzen eta aurrekontuaren ardura duen lehendakariordea da elkargoan. «Ez naiz taldeak sortzearen oso aldekoa», laburbildu du. «Departamenduan egokia izan daiteke, bakoitza bere etiketa politikoaren heldu baita, baina Euskal Elkargoaren indarra da elkarrekin eraiki dugula». Bakoitzak dituen programa politikoak eta kokapenak «errespetagarriak» bazaizkio ere, «hautetsi gazteak» proiektuak «berehala gauzatzen» ikusi nahiez ari direla iradoki direla. «Behar da gogoeta politikoa, baina politikaren ondotik kudeaketa dator. Batzuek kopia berrikusi nahiko lukete mandatu erditan».

Harentzat, «zinezko akatsa» litzateke etiketa politikoaren arabera taldeak osatzea. «Biziki ongi sentitzen naiz zentroko eta eskuineko hautetsiak gurutzatzen ditudan elkargo honetan». Eta argi utzi du: berak ez du talde politiko bakar batekin bat eginen. Euskal Elkargoa sortu denetik, bat egin du Etxegaraik proposatu duen kudeaketarekin. Bere talde naturala lehendakariarena izango litzatekeen galdetuta, duda pixka baten ondotik, baiezkoan erantzun du.

Alzuri izan liteke

Eta zer eginen dute Errepublikanoek? Euskal Hirigune Elkargoa sortzeko prozesua izan zenean, kontrako ahotsa entzunarazi zuten Lapurdi kostaldeko hainbat hautetsik. Geroztik Etxegarairen kudeaketara batu badira ere, talde politiko bat osatu lezaketela uste du batek baino gehiagok. BERRIA entseatu da ildo horretan kokatu litezkeen auzapez eta hautetsi batekin baino gehiagorekin harremanetan sartzen, baina bakar batek ere ez du erantzun: ez Claude Olive Angeluko (Lapurdi) auzapezak, ez Maider Aroztegi Miarritzeko (Lapurdi) auzapezak, ezta Eric Narbaits-Jauregi Arboti-Zohotako (Nafarroa Beherea) auzapezak ere. BERRIArekin mintzatu diren batzuen hitzetan, Emmanuel Alzuri Bidateko (Lapurdi) auzapezaren inguruan izan litezke bateratze saiakera batzuk, baina inork ez du baieztapenik. Elkargoaren sorreraren kontrakoen erreferenteetako bat izan zen garaian. Gaur egun, kontseilari delegatu postua du Euskal Elkargoan. Kazeta honek ez du harekin mintzatzea lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.