Ion Orzaiz.
ANALISIA

Hamabost kolpe ate berean

2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Larragako familiak izan dira Nafarroako Gobernuaren atean jo duten azkenak. Aurretik, bide bera egin zuten Mendigorrikoek (2021), Castejongoek (2019), Erriberrikoek (2017), Lodosakoek (2016) eta eremu euskaldunetik kanpoko beste hamaika udalerritako herritarrek. Hezkuntza Departamentura jo behar izan zuten denek, legeak 2015etik aitortzen diena eskatzera: haurrak euskaraz eskolatu ahal izatea herriko eskola publikoan. Batzuetan, espantu handirik gabe eman diete horretarako aukera. Azken urteetan, baina, atea jotzea nahikoa ez eta kalean bultza egin behar izan dute, zirrikitu bat irekitze aldera.

Ikusi gehiago:Larragako eskolan D ereduko ikasgela bat eskatu du guraso talde batek

Zergatik exijitzen zaie halako ahalegina guraso batzuei, legean jasota dagoen eskubide bat bermatzeko? Hezkuntza Departamentuak eskola mapa erabili ohi du argudio nagusi gisa: mapa horretan jasota daude D ereduko «erreferentziazko ikastetxeak» eskualde bakoitzean. Horren arabera, Larragako herritarrek seme-alabak D ereduan eskolatu nahi badituzte, Tafallara eraman behar dituzte, beren herritik 17 kilometrora. Mendigorriko gurasoen kasuan, berriz, Garesko ikastetxea eskaini zieten.

Ez dira adibide bakarrak. Aurtengo martxoan, mapa aldatzeko galdea egin zuten Beriain, Tiebas eta Muru Artederreta herrietako biztanleek ere, seme-alabak Iruñeko Hegoalde ikastola publikoan euskaraz matrikulatu ahal izateko —Noaingo D-PAI ikastetxea egokitu zien gobernuak, «hurbiltasun geografikoa» aintzat hartuta—.

Ironikoki, alderdi euskaltzaleak agintean ziren eskola mapa azkenekoz berrantolatu zenean. Uxue Barkosen gobernuaren xedea, baina, oso bestelakoa zen: 2015ean legea aldatu eta D eredu publikoa eremu ez-euskaldunera zabaltzea baimendu zutenean, zortzi ikasleren langa jarri zuten, D ereduko ikasgelak zabaldu ahal izateko. Erriberako eta Nafarroa erdialdeko herri txiki askotan, ordea, ezinezkoa izan zitzaien kopuru horretara iristea: hiru, lau edo bost eskari aurkeztuta, landa eremuko herri askotan ezin izan zuten euskarazko eskaintzarik gauzatu.

Egoerari buelta eman eta eskaintza trinkotze aldera, erreferentziazko ikastetxeen zerrenda egin zuten, sakabanatutako eskaera horiek guztiak gal ez zitezen. Horrez gain, ordea, malgu jokatu zuen gobernuak, eta D ereduko ikasgela berriak zabaldu zituen zenbait herri txikitan, adibidez, adin ezberdineko ikasleak gela bakarrean elkartuta.

PSN agintera iritsita, ordea, araua zorrotz betetzeko asmoa agertu zuen Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak. Mendigorrian, adibidez, ez ziren gutxieneko ikasle kopurura iritsi: 2020an, sei haur ziren euskaraz ikasten hasteko zain, baina Hezkuntza Departamentuak ez zien aukera eman, hurrengo ikasturtean baldintza bete zuten arte. Eskola mapa, euskarazko hezkuntzaren hedatzea errazteko tresna ez, hedatze hori oztopatzeko hesi bihurtu zen familia haientzat.

Aldarri bera egin dute Larragako herritarrek, baina, kasu honetan, aukera handiagoak dituzte partida irabazteko, dagoeneko hamabi familia batu baitira euskarazko lerroa eskatzeko. Hezkuntza Departamentuak oniritzia eman arte, ordea, guraso horiek ezinen dituzte seme-alabak San Miguel eskola publikoan matrikulatu, oraingoz ez baitago herrian D ereduan izena emateko modua.

Hori da euskalgintzako eragileek atzoko agerraldian aldarrikatu zutena: euskaldunen eskubideak ez daitezela egon unean uneko gobernuen eskuzabaltasunaren edo malgutasunaren menpe. Ez dadila beharrezko izan protestak eta mobilizazioak antolatzea D eredua ezarri nahi duen herri bakoitzean. Utz dezatela atea zabalik, herritarrak bultzaka ibili behar ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.