Koronabirusa

Hegoaldeko lau lurraldeek 400dik beherako intzidentzia tasa daukate

Beste 484 positibo atzeman dituzte, eta 149 lagun daude ZIUetan, larri. Osakidetza atzo hasi zen txertatzen anbulantzietako langileak

Osasun langile bat txertoa eskuan, Mungian (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
edurne begiristain
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko kurba epidemiologikoa apaltzen doa. Kutsatzeen bilakaerari erreparatuz gero, argi ikusten da beheranzko joera motelean jarraitzen dutela Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak. Lau lurraldeetako azken hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuak 400 baino apalagoa izaten jarraitzen du aste hasieratik, eta atzo koska bat behera egin zuen tasa horrek, denetan.Nafarroan dute tasarik apalena, 100.000 biztanleko 139 kasurekin; Gipuzkoan, 219 da tasa; Araban, 271; eta Bizkaia da tasarik handiena duena, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 344 pertsonari atzeman baitiete birusa.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo eguneratu zuen azkeneko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda. Eremu gorrian bost herri daude:Oñati (Gipuzkoa), Santurtzi, Sopela, Derio (Bizkaia) eta Gaubea (Araba). Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako azken zenbaketaren arabera, azken orduetan 484 positibo atzeman dituzte. Ospitaleen egoerari dagokionez, beste 61 ospitaleratze jakinarazi dituzte. Hori horrela, 550 lagun daude ospitaleratuta Hego Euskal Herrian; horietatik 149 daude larri ZIUan.

Txertaketa hezkuntzan

Osakidetza gaur arratsaldean hasiko da hezkuntzako sare publikoan txertoa jartzen. Aurrena, maskara gabe egoten diren Haur Hezkuntzako, heziketa bereziko eta jangeletako ikasleekin aritzen diren langileei jarriko diete txertoa. 55 urtetik beherako 15.000 langile txertatuko dituzte, AstraZenecaren txertoarekin. Hezkuntza sare publikoan txertaketa amaituta hasiko dira pribatuan eta itunpekoetan, baina oraingoz ez dago egutegia zehaztuta. Bestetik, atzo arratsaldean hasi ziren txertatzen Osakidetzak azpikontratatuta dituen enpresentzat lan egiten duten anbulantzietako langileak. Nolanahi ere, anbulantzietako langileek oraingoz eutsi egiten diete martxoaren 5erako iragarritako greba deialdiari.

Nafarroan, berriz, datorren asteartean hasiko dira 90 urtetik gorakoei txertoa jartzen Iruñean eta Iruñerrian, Santos Indurain Osasun kontseilariak atzo iragarri zuenez. 8.000 pertsona deituko dituzte txertoa jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.