16 asteko guraso baimena onartu du Jaurlaritzak

2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamasei asteko gurasotasun baimena eskatzea ahalbidetzen duen dekretua onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Orain arte, zortzi astekoak izan dira bigarren gurasoen baimenak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Espainiako Gobernuak ordaintzen zituen. Dekretua onartu ostean, ordea, erditu ez direnek, guraso ez-biologikoek—adopzioen kasuetan—, guraso bakarreko familietakoek eta subrogazio bidezkoek baimena hamasei astera luzatzeko aukera izango dute. «Ordaindutako baimena» izango da, eta Jaurlaritzak hartuko du horiek pagatzeko ardura. Haurra jaio eta hamabi hilabeteko epea izango dute baimen hori erabiltzeko, baina bi gurasoek ezingo dituzte baimenak aldi berean hartu.

Baimena eskatu ahal izango dute soldatapeko langileek, kooperatibetako langileek eta bazkideek, eta autonomoek. Umea haurtzaindegira eramaten duten familiek, berriz, ezingo dute hamasei asteko baimenik eskatu. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak aurreratu bezala, dekretu berria azaroaren 1ean indarrean jartzea espero dute. Hortik aurrera egin ahalko dira eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.