Migratzaileak. Erreskate egitasmoak

Erreskate lanak egiteko debekuaren aurka egingo du 'Aita Mari' ontziak

Pasaian dira, aste batzuen buruan berriz itsasoratzeko asmoz. Isun posibleez arduratuta, ez dute asmorik galarazpena urratzeko, baina «tinko» eutsi nahi diote proiektuaren helburu nagusiari

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
arantxa iraola
Pasai Donibane
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun

Itotako amets gehiagorik ez pankarta zabaldu zuten atzo eguerdian Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako hainbat lagunek, Pasai Donibanen (Gipuzkoa), Aita Mari itsasontziaren ondoan, haren arduradunek prentsaren aurrean egin zuten agerraldiaren harira. Igandean ailegatua zen ontzia portura, Grezian errefuxiatuei laguntza ematen bolada bat egin eta gero, eta itsasontziko arduradunek adierazi zuten lanean jarraitzeko asmoa dutela; ahal bada, orain arte jardun duten baino eskumen handiagoekin, gainera. Izan ere, erreskate lanetarako baimenik gabe ari dira, eta berez egiteko horretarako moldatu zuten ontzia, itsasoan estu eta larri dabiltzan errefuxiatuei laguntzeko. Horregatik, debeku hori gainditzeko ahalegina egin nahi dute: itsasontzian hainbat konponketa egin behar dituztela baliatuta, lehorrean igaroko dituzten asteotan «lege ekintzak» abiatuko dituzte ezarria duten debekuaren kontra. «Izan ere, legearen kontrakoak egiten ari dira, hilzorian dauden pertsonen erreskatea ukatuz», deitoratu zuten. SMH gobernuz kanpoko erakundeak du ontziaren ardura, eta bertako lehendakari Iñigo Mijangosek eta elkarteko erizain Izaskun Arriaranek hartu zuten hitza atzoko agerraldian.

«Borroka» horretan murgiltzeko borondate erabatekoa erakutsi zuten, proiektuaren helburu nagusiari «tinko» eustekoa; legeak zedarritutako esparruan, betiere. «Gure asmoa ez da ezarri dizkiguten araubideak urratzea; izan ere, isun handiak jar diezazkigukete, eta ez lirateke bideragarriak izango guretzat», onartu zuen Mijangosek. Hain justu, kasurik larrienetan zigorra 1,2 milioi eurokoa izan daitekeela azaldu zuen. Hortik ezina eta jardunerako eremu estuegia: «Egun, soilik gure bidean agertzen bada lagundu diezaiokegu norbaiti; erreskate aktiborik ezin dugu bideratu». Egoera hori gainditze aldera, aurrena «bide administratiboa» urratu nahi dute; helegitea jarriko dute Espainiako Itsas Merkataritzako Zuzendaritza Nagusian. Bide horretan aurrera egin ezinik geratzen badira, bestelako auzibideak hasteko asmoa dute. Prozesu «luzea» izango den susmoa dute, eta dirua biltzeko kanpaina bat abian jarriko dute urrats horiek finantzatzeko.

Aldarriak

Agerraldian, errefuxiatuen inguruan nagusitzen ari diren politikak kritikatu zituzten: «Instituzionalizatu egin da ahulenen aurkako biolentzia». Eta erakundeei jarrera aldatzeko eskatu zieten. «Espainiako Gobernuari, Europako Batzordeari eta nazioarteko erakundeei presazko neurriak hartzeko eskatzen diegu, migratzaile eta erakunde humanitarioen aurkako jazarpena zuzentzeko eta Giza Eskubideen Gutunak dioen eran jokatzeko». Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek gai honetan izandako jarrera aldaketa ere hizpide izan zuten: «Orain, Italiako Barne ministro Matteo Salviniren jarrera bera du; makillaje gehiagorekin, ñabardurekin, baina, finean, ondorioa bera da: Mediterraneoa erreskate ontzirik gabe utzi nahi dute, horretarako argudio faltsu bat erabilita, horrek migratzaileak erakartzen dituela».

Joera horien ondoriotzat dute Carola Rackete kapitainaren atxiloketa ere; larunbat goizaldean atzeman zuten, Lampedusa uhartean (Italia), Sea Watch 3 ontzia baimenik gabe lehorreratzea egotzita; barruan 40 iheslari zeramatzan. Sostengua erakutsi diote Aita Mari ontziko eskifaiako kideek: «Gure kapitaina ere bada: gure babesa du. Nazioarteko zuzenbidea oinarri hartuta, haren jardunbidea egokia izan zen; errugabetu egin behar dute».

Italiako justiziak gaur erabakiko du Racketek preso jarraituko duen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.