Jose Mari Ustarroz. Idiazabal sor-markako lehendakaria

«Aralarko santutegiaren sustraiak kristautasunaren aurretik sakonduta daude»

Bertakoaren defentsa egin du Ustarrozek: berdin gaztaz, kulturaz edo herriaz ari dela. Grina horrek eraman du artzaintza eta gaztagintza bultzatzera. Idiazabal sor-markako lorpenez mintzatu da, eta, noski, Aralarri buruz, bere bigarren etxeaz.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Uharte-Arakil
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Abenduaren 28a da, eta euria zarra-zarra ari du Uharte Arakilen (Nafarroa). Egun horretan sortu zen Inozenzio Aierbe, Aralarko kapilau izandakoa, eta haren omenezko mezan izan da Jose Mari Ustarroz (Uharte Arakil, 1939). Aitatzat hartua izan zuen, eta urtero ospatzen du eguna; aurten, bazkaririk gabe. Saltzaile lanetatik erretiratuta, Ustarrozek herriaren alde lanean jarraitzen du buru-belarri. Idiazabal sor-markako lehendakaria da, eta 2020an 53. aldiz antolatzerik izan ez zuten Artzain Egunaren bultzatzaile.

Aralarko santutegia ez da zernahi zuretzat.

Aralarko santutegia Uhartekoa da. Uhartearrok badugu zerbait San Migelekin eta San Migelek uhartearrekin.

Frankismoak gogor jo zuen zure familia, ezta?

Aita elbarria zen. Lan istripua izan zuen, eta ezin zuen lanik egin hanka ortopediko batekin zebilelako. Herriko alkateak aguazil izendatu zuen. Etorri zen 1936ko uztailaren 18a, eta lehendabizi agindu zioten fusilatuko zituzten hiru lagunen etxeetara laguntzea. Gero, udalbatza osoa kanpora bota zuten, eta alkate eta zinegotzi berriei abisatzea berari tokatu zitzaion. Hurrengo egunean esan zioten udaletxeko giltzak uzteko, kanpoan geratzen zela.

Horrek egoera txarrean utzi zuen familia?

Bi anai-arreba nituen. Gerrako miseriak pasatu ondoren, biak hil ziren, eta, ondoren, ni gelditu nintzen hemen. Oso gaizki pasatu genuen, gosea ere nahikoa, gerra denboran batez ere, baina gero ere urte txarrak izan genituen.

Aralarko santutegia zure etxea bihurtu zen 11 urte zenituenean. Nolatan?

San Migelgo kapilaua Don Inozenzio Aierbe zen. Nire lehengusina batek hango sukaldean lan egiten zuen, eta esan zion gurasoei ea nahi nuen berarekin eliz mutil moduan laguntzera joan, 11 urterekin, pantaloi motzekin. Gurasoak ez zeuden batere konforme hemengo eskola nola zebilen, eta ez zuten zalantzarik han ongi hezi eta elikatuko nindutela. Inozenziorekin konfiantza osoa zuten, pertsona argia eta jantzia baitzen.

Zazpi urtez izan zinen han. Tarteka jaisten zinen herrira?

Bakarrik jaisten nintzen festak baldin baziren, eta bi hilabetetik behin edo kalparrak moztera, orduan ile motzarekin ibiltzen ginen eta. Han denetarik ikasi genuen, beste mundu bat zen hura.

Denetarik egin behar zenuten?

Bai, bai. Garai haietan ez zegoen errepiderik. Uharte dago gertuen,eta zortzi kilometro baino gehiago daude mendia barna; orduan, autosufiziente izan behar genuen. Hori dela eta, denetatik ikasi genuen. Meza lagundu eta elizkizunetako lanez kanpo, han egiten genituen lanak gaur egingo bagenitu mundu guztiko telebistetan aterako ginen. Horrek izateko modu bat eman zigun. Gauero estudiatzen aritzen ginen.

Irakasle ona izan zenuten?

Dudarik gabe. Don Inozenzio Aierbe bere adinekoetatik ehun urte aurreratuta zegoen. San Migelen egon aurretik egon zen Luzaiden eta Urdiainen, eta mundu pixka bat bazuen, eta biblioteka oso ona zeukan. Horrek guri ere eman zigun halako prestakuntza.

Aurreratua zertan?

Idealetan eta kulturalki. Horrendako ez zegoen aurkakorik, jende guztia onartzen zuen, berak bezala pentsatu edo ez. Oso zabala zen izateko moduan.

Euskaltzalea zen Aierbe. Hori ere transmititu zizuen?

Dudarik gabe. Bitxia da, ez zuelako euskara etxean ikasi, seminarioan baizik. Xabier Peñarekin batera euskaraz ikasteko gramatika egin zuten, eta lan egin zuen alde horretatik. Beti egon zen mugimendu aurrerakoi guztietan. Ehun apaizek egindako karta ere sinatu zuen. Gure aita balitz bezala tratatu gintuen.

Aralarren emandako denbora arnasgunea izan zen zuentzat?

Horrek sendotu egin zizkigun ideiak. Kultura aldetik beti izan du esanahia San Migelek. Han euskaraz aritzen ginen gure artean, eta hainbat tokitako jendearekin topatzean, oraindik gehiago aberasten zen gure hizkuntza.

Neguak gogorrak ziren?

Elurte handiak izan ziren urte haietan, eta ikasi genuen lehendabiziko ofizioa-edo eskiatzea izan zen. Zenbait lehiaketatan parte hartu genuen ere. Ni 16 urterekin Nafarroako txapeldunordea izan nintzen, Aralarren egin zen txapelketa batean. Militar batek irabazi zidan [irri egin du]. Orduan ez genuen dirurik: udan lizarrik onenak bilatu, eta eskiak guk egiten genituen. 16 urte nituelarik, bi artzain atera genituen elurretatik eskien gainean arrastaka. Gero, gozatzen genuen. Bakartuta egoten ginen, baina ez genuen egun bat ere utzi elurretara atera gabe; inoiz ez. Jatekoak izaten genituen: behi bat edo bi, esne asko; gazta egiten han ikasi nuen, eta gurina ere egiten genuen neguan. Behar genituen gauzak eta korrespondentzia eske eskiekin jaitsi behar izaten genuen.

18 urterekin itzuli zinen herrira. Zer moduz egokitu zinen?

Ama gaixotu zen, eta jaitsi behar izan nuen. Bestela ere ez nuen denbora askorik egingo. Gero ezkondu nintzen, eta hemengo lantegi batean aritu nintzen saltzaile. Bestalde, Don Inozenziok eman zigun grinarekin, 12-13 lagunek Aralarmendi elkartea sortu genuen, gure kultura defendatzeko, eta herriaren alde lan egiteko.

Hor dago Artzain Egunaren sorreraren hazia?

Antolatu genuen Nafarroako artzain txakur lehiaketaren bigarren aldia. Uste genuen lau edo bost urtean jendeak interesa galduko zuela, baina ez zen horrela izan; beraz, pentsatu genuen beste gauza batzuk zeudela artzaintzaren inguruan. Ikusten genuen mugak eroriko zirela, kanpotik gaztak etorri, eta hemengo gaztagileak bazterrean geratuko zirela; beraz, erakutsi nahi genuen gure gaztak kanpokoak bezalakoak ez, hobeak zirela. Horregatik abiatu genuen artesne gaztaren lehiaketa. Lehen urtean mehatxuak bildu genituen, baina hemengo alkatea artzain gaztagile baten semea zen, eta hark babestu gintuen.

Zergatik jarri zituzten trabak?

Gaztagileak ez ziren ilegalak, baina alegalak bai. Pentsa ezazu noraino zeuden ikaratuta: lehendabiziko urtean inguruko gaztagileak deitu genituen, eta ez ziren trebatu etortzera, beldurra zuten kalean saltzen jartzen baziren guardia zibilak etorriko zirela eta eramango zituztela. Hirugarren urtean beharrezkoa zela ikusi, eta laguntzen hasi zitzaizkigun.

Ardi latxaren erakus-lehiaketa zer dela eta abiatu zenuten?

Hasi ziren kanpoko arrazak sartzen, eta esan genuen: «Ez, ez; ardi latxa bertakoa da; mantendu behar da. Hobetu behar dugu, genetikoki selekzioa egin eta hainbat gauza». Denborak esan digu bide zuzenean genbiltzala.

Zein zen zure lotura artzaintzarekin eta gaztagintzarekin?

Gazta egiten ikasi nuen Aralarren, eta han artzainekin harreman handia izaten genuen. Igandero mezetara joaten ziren, eta beraiekin hitz eta putz. Harreman ona genuen, beraien txaboletara joaten ginen... beti izan nuen halako lotura berezi bat.

Nola hasi zinen Idiazabal sor-markako lehendakaritzan?

Artzain eguna dela eta, tokatzen zitzaigun Euskal Herri guztian ibiltzea. Lana utzi behar nuen, eta proposatu zidaten lehendakaritza. Probatzea erabaki nuen, eta laugarren agintaldian gaude orain. Hor ere borrokatzea tokatu zaigu.

Zein izan dira zure lan eta borroka nagusiak?

Dudarik gabe lehiaketak aurrera eraman, baina, batez ere, kontrola: arrazen kontrola, kalitatearena, trazabilitatea, zertifikazioa lortu dugu, eta borroka handia izan genuen kanpoko arrazak sartu nahi zituztela-eta. DNA bidez gaztak nola eginak dauden jakiteko sistema ere ezarri genuen. Gero, gure kontseilua ez da beste batzuk bezala. Idiazabal jatorri izena bi erkidegotan dago; horregatik, gure burua [Espainiako] ministerioa da; ez da ez Eusko Jaurlaritza ez Nafarroako Gobernua. Azkena, denak bezala, Europa. Horrek lana dakar, eta beste pauso bat gehiago eman beharra.

Zer garrantzi du sor-markak?

Sor-marka bat ezin da deslokalizatu: gu hemendik ezin gara joan. Gure ardiek hemengoak izan behar dute, eta hemen jan behar dute hemengo janaria. Dena gure lurraldeari erabat lotuta dago. Gazta ere hemen behar da egin eta ondu. Ezin da gaztarik atera 60 egun bete baino lehen.

Ardi latxaren iraupenerako zergatik izan da garrantzitsuasor-markaren lana?

Jatorri izenak ardi latxaren aldeko apusturik egin izan ez balu, desagertuta egongo zen. Gure gaztak badu nortasun bat, ardi latxak ematen diona. Zalantzarik ez dago gure gazta desberdina eta berezia dela. Londresen World Cheese Awardseko zuzendariarekin egon ginen, eta esan zigun: «Inork ez ditu lortu zuek lortu dituzuen emaitzak lehiaketa honetan. Guretako izan da aurkikuntza bat. Topatu ditugu beste inongo gaztatan topatu ez ditugun berezitasunak».

Hemendik aurrera zein dira erronkak eta zereginak?

Elikadura aldetik, beste pauso bat egin behar dugu. Oraindik posible da ardiek jaten dutenaren ehuneko bat gure lurraldetik kanpotik ekarri, hemen ez dagoela erakusten badugu, baina hori gainditu beharra dago. Erabateko elikadura burujabetza behar dugu defendatu.

Bertako produktuak kontsumitzeko beharra gehiago azpimarratzen bada ere, gehiago kontsumitzen da?

Oraindik asko falta zaigu. Pandemiako garai honetan ikusi da garbi jendeak bertako gauzei beste modu batean begiratu diela, baina, oraindik kultura falta zaigu. Frantsesetatik ikasi beharko genuke zerbait honetan. Haientzat lehendabizi dira frantsesak, gero frantsesak eta gero frantsesak.

Omenaldia egin dizu Idiazabal sor-markak. Nola hartu duzu?

Dudarik gabe pozgarria da, eta eskertzen dut egiten den guztia. Hainbat oztopo, hainbat borroka urte hauetan guztietan, eta esaten duzu: kontxo, zerbaiterako balio zuen. Ikusi dute lan hau zuzena zela, eta denen artean gauzak aurrera atera ditugula. Gure sor-marka erreferentzia da Europan.

Aralarrera bueltatuta, nolakoa izan da santutegiarekin izan duzun harremana herrira itzuli ondotik?

Guztiek beti mantendu dugu harremana. Inozenziori laguntzen zion emakumea gaizkitu zen, eta ikusirik laguntza behar zuela, eliz laguntzaile zaharrok erabaki genuen behar zen guztietan joatea; batez ere jaiegun eta igandeetan. Segitzen dugu joaten, batez ere jendeari harrera ematea beharrezkoa delako. Urte batzuetan ez zen izan merezi zuten atentzioa, meza hasi arte ez zegoelako inor. Horregatik joaten gara goizetik.

Zergatik da hain garrantzitsua Aralar euskal mendizaleentzat?

Han zerbait badago. Aralar mendi sakratu bat da euskaldun guziendako. Garai batean Nafarroako mendigoizaleek egiten zuten lehendabiziko mendia San Migel zen, eta gero ingurukoak.

Aingerua Iruñera jaisten denean batzuek ez dute begi onez ikusten erakundeetako bisita. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Uste dut San Migel aingerua Euskal Herrian kristau ikur bat baino gehiago dela. Francoren garaian ez ginen batere ongi ikusiak izan hemengo autoritate ofizialen aldetik; gorri eta nazionalistatzat gintuzten. Zenbait arazo ere izan genituen urte batzuetan, eta Corpus eguna zela eta, kontrolak izan ziren. Aralarko santutegiak badu zerbait, eta santutegiaren sustraiak kristautasunaren aurretik sakonduta daude; historiaurreko sustraiak ditu.

Kristau ez direnentzat ere baliagarria da Aralarko santutegia?

Bai, bai, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.