Koronabirusa Brasilen

Bolsonaro, munduaren aurka

Brasilgo presidenteak pandemiari larritasuna kentzeko ahaleginetan jarraitzen du, Osasun ministroa kargugabetzeraino. Besteak beste, maiz errepikatu du birus hau gripe soil bat baino ez dela, amarru mediatikotzat jo du, eta haren aurkari politikoei egotzi die herritarrak propio engainatzea.

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea. ISAC NOBREGA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Koronabirusak Latinoamerikan Brasil jo du gehien, eta arduratzeko modukoak dira datuak: Johns Hopkins unibertsitatearen arabera, 46.000 kasutik gora hauteman dituzte, eta 3.000 pertsona baino gehiago hil dira gaitzak jota. Gainera, kutsatzeek oraindik ez dute gailurra jo, eta Luiz Hernique Mandetta Osasun ministro ohiak ohartarazi zuen zenbaki horiek gora egingo zutela nabarmen. Halaber, kontuan izan behar da kopuruak ez direla guztiz errealak. Hala azaldu du Chico Alencar PSOL Sozialismoa eta Askatasuna Alderdiko diputatuak: «Ez dira nahikoa test egiten, eta ehorzte asko daude diagnostiko zehatzik gabe». Onartu duenez, egoera oso «kezkagarria» da, eta kutsatuen kurbak, oraindik ere, goranzko joerari jarraitzen dio. Bada, Jair Bolsonaro Brasilgo eskuin muturreko presidenteak ez du onartzen errealitatea, eta, bien bitartean, krisiari larritasuna kentzeko ahalegin hutsaletan dihardu. Besteak beste, maiz errepikatu du birus hau gripe soil bat besterik ez dela.

Horiek horrela, eztabaida piztu du estatuburua egiten ari den pandemiaren kudeaketak. Une batean, kritika guztien ondoren, bazirudien tonua aldatuko zuela bere diskurtsoan. Birusari aurre egitea «belaunaldi honen desafio handiena» dela ziurtatu zuen, eta itun nazional bat galdegin zuen bizitza eta enpleguak babesteko. Hori, baina, keinu iheskor bat baino ez zen izan, eta berehala itzuli zen ohiko jardunera, berrogeialdia gaitzetsiz eta hori horniduraz gabetzeko mehatxu bat baino ez zela iradokiz. «Ez du onartzen epidemia benetan larria dela. Bolsonaroren jarrera da egon daitekeen okerrena», azpimarratu du Alencarrek.

Bide horretan, ur-lasterraren kontra aritu da Brasilgo presidentea. Mundu osoko herrialdeak aparteko neurriak hartzen ari diren honetan, eskuin muturreko liderrak garrantzia kendu nahi izan dio kontuari, eta baieztatu du brasildarren gehiengo batek inolako sintomarik gabe gaindituko duela gaitza. Horrez gain, adierazpen polemiko ugari egin ditu. Koronabirusa «amarru» mediatikotzat jo du, eta haren aurkari politikoei egotzi die herritarrak «propio engainatzea» eta «izua zabaltzea».

Gobernuan bertan ere arrakala eragin dute neurrien inguruko desadostasunek. Presidenteak Osasun ministroa kargugabetu du, hark urruntze fisikoaren aldeko urratsak egin dituelako, eta estatuburuak nahi baino neurri zorrotzakoak gomendatu. Hain zuzen, Mandettak argi utzi zuen bere posizioa zein den: «zientziaren ahotsa» izango zela nabarmendu zuen. Azkenean, elkarren arteko tirabirak direla medio, hura kargugabetzeko erabakia hartu zuen estatuburuak. Horren harira, Alencarrek adierazi du gobernuak posizio «anbiguoa» duela: «Osasun Ministerioa, estatuen gobernadoreak eta horiek bide batetik doaz, eta errepublikako presidentea eta beste talde batzuk, beste batetik. Kaos bat da».

Estatuburuak birusaren aurrean duen jarrera pasiboa, baina, ez du hitzen bidez soilik adierazi, baita ekintzen bitartez ere. Gaitzaren hedapenari eusteko Osasunaren Mundu Erakundearen eta aditu guztien gomendioei entzungor eginez, Brasiliako hainbat hiri satelitetan paseatzen ibili izan da, baita hango bizilagunekin hizketan ere; noski, mantendu beharreko distantzia errespetatu barik. Ez da, baina, adibide bakarra: besteak beste, Kongresuaren eta Auzitegi Gorenaren aurkako manifestazio jendetsu batean egon zen, «ez da munduaren amaiera» argudioaren babesean. Joan den igandean, berriz, berrogeialdiaren aurkako ekitaldi batean hartu zuen parte, eta egoerari aurre egiteko esku hartze militarra babestu zuen bertan; diskurtsoa eztulka eman zuen. Jokabide horiek izan ditzaketen ondorioen inguruko hausnarketa egin du PSOLko diputatuak: «Arduragabekeria horrek beste baldintza batzuetan izango ziren baino askoz heriotza gehiago ekarriko ditu. Genozidio mota bat da».

Alabaina, Bolsonaroren arduragabekeriak ez du Brasilgo estatuen gobernadoreen oniritzia jaso —ezta haren aliatuak izandakoena ere—, eta horiek hainbat neurri hartu dituzte birusaren hedapenari eusteko. Konfinamendua ezarri dute gehienek, eta merkataritza guneak, eskolak, parkeak eta beste itxi. Horrek lasaitu du Alencar: «Eskerrak ia gobernadore denak neurriak hartzen ari diren, eta konfinamendua betetzeko eskatzen». Halere, badago kezka eragiten dion zerbait: «Gero eta jende gehiago dago lan egiteko gogoz. Batez ere, autonomoak eta pobreenak direnak».

Hain zuzen, ezohiko neurri zorrotz horien aurka agertu da Brasilgo presidentea: berrogeialdia ez dela beharrezkoa iritzi du, eta herritarrei lanean jarraitzeko eskatu die: «Brasil ezin da gelditu» mezua zabalduz. Hala, adierazi zuen birusaren aurka hartutako neurriak ezin zirela «gaixotasuna» bera baino okerragoak izan. Alencarrek argi du ekonomia osasunaren aurretik jartzen ari dela presidentea: «Ikuspegi utilitarista inhumanoa du, pragmatikoa. Ekonomia zerbait abstraktua balitz bezala ulertzen du. Harentzat merkatua jainkoa da, eta pertsonak baino garrantzitsuagoa. Izan ere, haien osasuna kapitalismo erradikalaren ikuskera bat baino ez da. Ez dago pertzepzio sozialaren edota sentsibilizazio humanoaren elementurik».

Esperotako jokabidea

«Presidente erabat arduragabe» gisa definitu du Alencarrek Bolsonaro. Halere, haren jokabideak ez du batere harritu: «Aspalditik ezagutzen dut, eta ez dago duen ardurarako prestatuta. Diktadura militarraren nostalgikoa da, torturen defendatzailea. Ez du asmorik munduaren errealitatea ezagutzeko eta ulertzeko. Ez du irakurtzen, ezta ikasten ere. Osasun krisi honen aurrean argi geratu dira haren ahuleziak, baita lidergo eta koordinazio falta ere». Ziurtatu du haren portaerak ez duela «parametro eta mugarik».

Modu horretan, ez du uste estatuburuak bere jarrera birplanteatuko duenik. «Bolsonaro zuzendu ezina da. Haren DNA autoritarioa da, biolentoa».

Alencarren arabera, «kezka» eta «haserre» sentipenak gailendu dira herritarren artean, nahiz eta aitortu duen badagoela «nukleo indartsu» bat Bolsonaro babesten jarraitzen duena. Etorkizuna «ziurgabetasun» handikoa dela dio: «Osasunak beldurtzen gaitu, baina ez etorkizun politikoak. Hor esperantzarekin gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.