BAKARRIZKETA

Black Rock, orain berde gehiagorekin

PETER FOLEY / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
1. Garbigarri baten iragarkia dirudi zure tituluak. Badu horretatik, eta, zehazkiago esateko, zuriketa berdea izenekotik. Hau da, norberaren irudia garbigarri ekologiko berdearekin zuritzearekin, ingurumenaren aurkako praktikak ezkutatzeko.

2. Berdetzea kostatuko zaio arkaitz beltza deitzen den bati. Kasu honetan, gainera, Black Rocken beltzena agian ez da izena, haren izaera baizik. Inbertsio handiak ditu hidrokarburo konpainia handienetan: Exxon Mobilen, Chevronen, Conoco Phillipsen... eta, guregandik pixka bat gertuago, baita Repsolen ere (%4,8).

3. Nik uste nuen banku bat zela. Lehengo egunean ez al zuten haren aurkako protesta bat egin Baionan, pentsio sistemaren erreformaren bultzatzailea zela salatzeko?

Bai, hala da, baina Black Rock ez da banku bat, baizik eta munduko inbertsio funtsik handiena. Munduko lau bazterretan eta hamaika negoziotan zazpi bilioi euro inguru inbertituak dituen funts bat.

4. Zazpi bilioi? Asko dirudi horrek. Eta hala da, munduko BPGaren %8, Alemaniakoa halako bi, eta Euskal Herrikoa halako 70. Hori bai, diru hori guztia ez da berea; zati handi bat berak kudeatzen du, baina beste batzuena da, pentsio funtsena eta inbertitzaile pribatuena, esaterako.

5. Eta zer gertatzen zaio Black Rocki? Aste honetan, Larry Fink Black Rockeko buruzagiak eskutitz bat bidali die AEBetako enpresa handietako arduradunei. Hor aipatu du inbertitzaile gehienek klima aldaketari buruz galdetzen diotela; haren iritziz, horrek esan nahi du kapitala ingurumen irizpideen arabera joango dela leku batetik bestera , «askok uste duten baino azkarrago». Horregatik, eskatu die aurrerantzean aintzat hartzeko ingurumenaren defentsa edozein erabaki hartzean.

6. Oso hunkigarria: kontzientzia ekologikoa duen finantza marrazo bat. Izango du kontzientzia, baina eskutitzean bertan Finkek onartu du kezkatuta dagoela klima aldaketak inbertsioetan izango duen eraginarekin.«Zer gertatuko da 30 urterako hipotekekin hartzekodunek ezin badute klimaren arriskuaren eragina aztertu hain denbora luzean? Zer gertatuko da inflazioarekin, eta zer interes tasekin elikagaien prezioa handitzen bada lehorteen eta uholdeen ondorioz?».

7. Interesa, alegia. Bai, eta denetatik entzun behar izan du: hipokrita dela, berandu datorrela, operazio estetiko bat baizik ez dela... Baina eskutitzak badu balio bat, erakusten duelako hizki larriz idatzitako kapitala ohartzen ari dela klima aldaketak kapitalismoa akaba dezakeela. Hau da, planeta txikitu bat badago, ez dago kapitalismorik.

8. Ingurumen kontuetan, hitzak ongi daude, baina ekintzak hobeak dira. Zerbait egingo al du Black. Rockek?

Urrats oso txikiekin hasi da. Ikatzak etekinen laurden bat baino gehiago dakarkien enpresetatik aterako ditu aktiboki kudeatzen dituen funtsak; ingurumen irizpideak aintzat hartuko ditu parte hartzen duen administrazio kontseiluetan, eta «gero eta gehiagotan» emango du zuzendaritzaren aurkako botoa baldin eta nahiko informaziorik ematen ez badute jasangarritasunaz; eta alternatiba «jasangarriak» eskainiko dizkie dirua bere bidez inbertitu nahi dutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.