Koronabirusak eragindako geldialdi ekonomikoan sektore bat aktibo egon bada, telekomunikazioena izan da. Merkatuko aktore nagusiak diru sarrerak biziberritzeko formulak bilatzen ari dira, irabaziak nabarmen gutxitu baitzaizkie konpetentzia gero eta handiagoagatik eta 5G teknologiaren hedatzeak eragindako inbertsio beharrengatik.
Euskal Herrian Euskaltelekin gertatutakoa izan daiteke adibiderik ezagunena. Masmovilek erosi berri du. Espainiako merkatuko lau operadoreetako bat da Masmovil, Telefonica, Orange eta Vodafonerekin batera. Gazteena. Sortzez Euskal Herrikoa, baina iaztik inbertsio funts handien esku dagoena. 2016an sartu zen laukoan, Yoigoren sarea erosita. Azken urteetan azkarren mugitzen ari den konpainia da. Euskaltelez eta haren sareaz jabetuta, Hego Euskal Herrian bezero gehien duen operadorea da (%30 inguru).
Legez, gehienez lau operadore horiek gehi Euskaltelek (zuntzean) jardun dezakete Hego Euskal Herriko sarean. Beren marka propioez gain, beste hainbat dituzte, kostu txikikoak. Eta horiei guztiei batu behar zaizkie operadore birtual edo alternatiboak, konpainia nagusien sareak araututako prezioan alokatuz funtzionatzen dutenak. Ipar Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen da. Lau sare operadore daude: Bouygues Telecom, Free, Orange eta SFR, haien kostu baxuko markak, eta berrogei bat operadore birtual edo alternatibo.
Azken urteetako joera merkatuaren dibertsifikazioa izan da, konpetentzia handiagatik. Zerbitzuaren kalitatearen ikuspegitik, konpainiek denbora asko zeramaten ezer bereizgarririk eskaini gabe, eta bezeroak erakartzeko modu bakarra prezio politika oso oldarkorra izan da.
Baina horrek izan ditu bere ondorioak: kalkulatzen da azken hamarkadan diru sarreren heren bat inguru galdu dutela konpainia handiek. Iaz, %5 inguru txikitu zituzten Movistarrek, Orangek eta Vodafonek. Oso bestelakoak izan dira Masmovilen emaitzak: %16 handitu zituen. Zergatik?
Batzeko, dibertsifikatu
Adituen arabera, sakoneko mugimendu bat gertatzen ari da sektorean. Kontzentraziorako joera nagusitzen ari da, eta operadore handien kostu baxuko markek, besteak beste, helburu hori izango lukete: alternatiboetara joandako bezeroak berreskuratzea. Prozesu horretan, Masmovilek aurrea hartu die gainerakoei. Gaur egun operadore asko badaude ere, gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari dira.
Aipatutako joera horren aldeko apustua erakutsiko luke, halaber, uda honetan operadore nagusiek ia batera egin duten mugimendu bereziak: prezioak igo dizkiete telefonoaz gain haiekin beste zerbitzu batzuk kontratatuak dituztenei: hala nola telebista. Kontraesanezkoa irudi dezakeen erabaki horrek badu bere logika. Konpainia handiek kostu txikikoen aurrean balio erantsi gisa saldu zituzten telebista paketeak azken urteetan, baina aurrera begira produktu horrek ez du etorkizunik: gero eta bezero gutxiagok ikusten dute operadoreen eskaintza, eta nahiago dituzte aparte kontratatu telesailen plataformak edo futbolekoak; besteak beste, merkeago izaten delako horrela. Konpainien asmoa litzateke premium bezeroak euren kostu txikiko marketara erakartzea konpetentziarenera joan aurretik.
Eskaintzan ez ezik, kontzentraziorako joera badago goragoko maila batean ere. Apirilean, zenbait iturrik ia egintzat eman zuten Vodafoneren eta Masmovilen arteko fusioa, eta, azkeneangauzatu ez zuten arren, atea ez dute erabat itxi. 2022rako espero dira mugimendu gehiago, Europak berak bide eman baitie bat egiteei. Orain arte, lehiari buruzko legedi gogorrak oztopatu egin ditu, baina Eurpako Batasuneko Auzitegi Orokorrak berriki emandako ebazpen batek erraztu egin ditu.
Datuen negozioa
Sakoneko aldaketak datoz sektorera. Operadoreak behartuta sentitzen dira inbertsio handiak egitera, 5G teknologia dela eta. Horregatik, eta konpetentzia basatiagatik, irabazi handiak edukitzeko tartea murriztu zaie. Horiek hala, zer egiten ari dira lehengo bidera itzultzeko? Bestelako negozio esparru batzuetan hasiak dira: txikizkako bankan, aseguruetan, energietan...
2017an, Orangek Frantziako Groupama bankua erosi zuen, eta Orange Bank jarri zuen martxan Pirinioen bi aldeetara. Telefonicak akordioa egin du Caixabankekin kontsumorako kredituetan aritzeko eta Prosegurrekin alarmak merkaturatzeko. Bi operadore horiek eta Vodafone ere mota guztietako aseguruak saltzen hasi dira. Masmovil da alor horretan aktiboen dabilena: Cetelem eta Caser konpainiekin hitzarmenak ditu aseguru eta finantza zerbitzuetako produktuak eskaintzeko. Eta pauso bat gehiago eman du: energia merkaturatzeko enpresa bat jarri du martxan: EnergyGo. Operadore handienen artean lehenengoa da sektore horretan.
Zerbitzu anitzeko enpresa bihurtzea da telefono operadoreen helburua. Baina, haiena bezala, baita beste sektore batzuena ere. Bankuena, adibidez. Adituak aspalditik ari dira esaten big data edo teknologia berrien bidez enpresek euren bezeroei buruz lortuko duten informazioa eta ezagutza izango dela etorkizuneko negozioa. Telekomunikazioen sektoreak esku-eskura du hori, eta ez du alferrik galdu nahi.
TONU ALDAKETA SAKELAKOETAN
Telefono konpainien sektorea negozio eredua birformulatzen ari da, 5G teknologiaren hedatzearekin batera. Konpetentzia oso handia da, eta irabaziak ez dira duela urte batzuetakoak; kontzentraziorako joera nagusitzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu