Hiesa, 40 urte. GIBaren ezaugarriak

Hiltzaile iheskorraren erradiografia

Urteetan, galdera ugari eragin ditu GIB birusak komunitate zientifikoan. 40 urteko ibilbidearen ostean, inkognita gehienei erantzuna ematea lortu du zientziak. Ohikoenetako batzuk bildu ditu BERRIAk.

Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Ezaugarri bereziak ditu GIB birusak, hiesaren eragileak. Abiada bizian ugaltzen eta eraldatzen den patogenoa da, eta horrek zaildu egin du urteetan haren kontrako tratamendua. Hala ere, badira birusari aurre egiteko bideak, eta gero eta gertuago dago txertoa ere.

Zer da?

Hiesa eragiten duen birusa GIB edo Giza Inmunoeskasiaren Birusa da, retrobirus motakoa. Beste askok bezala, egitura sinplea du: proteinaz osatutako geruza edo kapside bat, eta barruan, birusaren genoma. RNA kate baten bi kopiak osatzen dute informazio genetiko hori. Horrez gain, ordea, badu beste ezaugarri bat ere: retrotranskriptasa izeneko enzima bat. Birusaren RNA kopiatzeaz eta DNA bihurtzeaz arduratzen da enzima hori. Birusaren DNA itsatsia gelditzen da infektatutako gizakien zeluletan, eta hor gera daiteke ezkutatutarik, denbora luzez.

Zeri eragiten dio?

GIBak suntsitu egiten du immunitate sistema. Zehazki, odoleko zelula mota bati egiten dio eraso: CD-4 linfozitoei. «Zelula horiek dira gure defentsen eta immunitate sistemaren orkestra zuzendariak». Horrela definitzen ditu CD-4 linfozitoak Ignacio Lopez Goñi mikrobiologoak, Virus y pandemias liburuan (Birusak eta pandemiak). GIB birusa zelula horietan sartu eta parasitatzen ditu: birusaren DNAk bat egiten du zelularen kode genetikoarekin, eta birus gehiago sortzen ditu. Prozesu horretan, baina, CD-4 linfozitoa suntsitu egiten du birusak. Azkenerako, zelula horien kopurua zeharo murrizten da, eta GIBdunak defentsarik gabe gelditzen dira. Immunoeskasia egoera hori baliatzen dute bestelako mikroorganismoek (beste birus batzuek, bakterioek, onddoek...) ugaltzeko eta infekzio gehiago eragiteko: tuberkulosia, pneumonia, salmonelosia, kandidiasia... Pertsona osasuntsu baten immunitate sistemak aurre eginen lieke infekzio horiei, baina GIBaren eraginez, hilgarri bihurtzen dira.

GIBa eta hiesa gauza bera al dira?

Ez. Gaitzak hiru fase ditu: fase akutua, latentzia fasea eta hiesa. Birusaz infektatu eta berehala hasi ohi da lehen fase akutua. Zenbait astez edo hilabetez, gripearen antzeko sintomak izan ohi dituzte GIBdunek: nekea, giharretako mina, sukarra, ondoeza... Hori igarota, baina, bigarren fasea hasten da, birusa latentzian edo egonaldian dagoen hori. Aparteko sintomarik gabe igarotzen da, eta infektatu askok ez dute ezer antzematen. Urteetan luza daiteke latentzia aldi hori. CD-4 linfozito kopurua zeharo murriztu eta, immunoeskasia baliatuta, bestelako infekzioak agertzen direnean hasten da azken fasea: hiesarena.

Zergatik da hain zaila hiesa sendatzea?

Gaur-gaurkoz, senda ezinezko gaitza da Hiesa. Badira, hala ere, osatzea lortu duten kasu bakan batzuk. 2007an, GIB birusaz infektaturiko norbait inoiz sendatu izanaren lehen kasuaren berri eman zuten: Timothy Ray Brown zen, Berlingo gaixoa. Bizkar-muin txertoa egin zioten leuzemia sendatzeko, eta, ustez, horrek GIBa garbitu zion. Ordutik, kasu bakan batzuetan soilik lortu dute esperimentu hura errepikatzea, bizkar-muineko ama zelulek mutazio berezi bat izan behar dutelako. Ezohiko kasu horiek kenduta, oso zaila da birusa garbitzea edo haren aurkako txerto bat garatzea, besteak beste, birusaren mutazio gaitasun handia dela eta: izan ere, GIBa abiada bizian ugaltzen da. Duela hamar urte infektatutako pertsona batek bere organismoan dituen birusak izan daitezke infekzioa sortu zuen jatorrizko patogeno horren osteko 3.000. belaunaldikoak.

Nola tratatzen da?

Erretrobirusen kontrako tratamenduei esker, gaitzaren latentzia fasea luza daiteke, eta hiesaren sintomak hamar urtetik gora atzeratu. Horregatik, herrialde aberatsetan, hiesa gaitz kronikotzat har daitekeela uste dute aditu askok. Hala ere, ez da gauza bera gertatzen baliabiderik gabeko herrialdeetan. Unaidsen arabera, birusa dutenen %73k jaso dute tratamendua. 2020an 1,5 milioi infekzio berri izan ziren, eta 680.000 hildako, baliabiderik gabeko herrialdeetan batez ere.

Botikek balio al dute prebentziorako?

Bai. Birusari aurre egiteaz gain, transmisio maila apaltzeko ere balio du botika bidezko tratamenduak. Bi eratara funtzionatzen du, prebentzioaren esparruan: GIBdunek botika hartzen dutenean, karga birala detektaezin bihurtzen da, eta zeharo murrizten dira birusa sexu harremanetan transmititzeko aukerak. Bestalde, GIBa izan ez baina infektatzeko arriskuan direnek ere GIBdunekin sexu erlazioak dituztelako, adibidez botika har dezakete, infekzioa prebenitzeko. 2011n Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, GIBaren sexu bidezko transmisio mailak lotura zuzena du odolean eta traktu genitalean atzemandako birus kopuruarekin. Bederatzi herrialdetako 1.763 bikoterekin egin zituzten probak. Kasu guztietan, bikotekideetako batek birusa zuen eta besteak ez. Bikoteen erdiei erretrobirusen aurkako terapia eman zieten, eta beste erdiei, berriz, plazeboa: plazeboa hartutakoen artean, 36 pertsonak hartu zuten GIBa. Erretrobirusen aurkako tratamendua hartutakoen taldean,bakarra infektatu zen.

Ba al dago txertorik?

Oraindik ez. Abian dira zenbait ikerketa, eta txerto hautagai batzuek emaitza onak eman dituzte orain arte. Moderna enpresak, adibidez, prototipo berri baten probak abiatu zituen irailean, hainbat unibertsitaterekin elkarlanean. COVID-19aren aurkako txertoaren teknologian oinarritua dago, eta datorren urtean eginen dituzte ikerketaren lehen bi faseak. GIBaren aurkako txerto eraginkor bat lortzeko bidean, baina, Janssen laborategiak aurrea hartua du, Mosaico ikerketaren bidez: esperimentazioaren hirugarren fasean dago eta hainbat herrialdetako 3.800 boluntario ari diraparte hartzen. 2023rako espero dituzte lehen emaitzak. Zehazki, aztertzen ari dira txertoak zer eragin duen gizonekin sexu harremanak dituzten gizonengan eta trans pertsonengan. Adenobirus batean oinarritutako txertoa da Janssenena. Birus horri GIBaren zenbait proteina erantsi dizkiote: kutsagarriak ez diren baina erantzun immunea eragin dezaketen pieza horiekin osatua dago txertoa, mosaiko baten erara. Urtebetean hartu beharreko lau dosi ditu prototipoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.