Poloniako hauteskundeak

Bozak irabazteko erreferenduma

Lau galdera erantzutera ere deitu dituzte Poloniako herritarrak biharko; horietako bi, migrazioaz

Poloniako mugako bi agente, Eslovakiarekiko mugan, ibilgailuak kontrolatzen, hilaren 4an. GRZEGORZ MOMOT / EFE.
Ricard Gonzalez.
Varsovia
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hauteslekuetan sartzean, alderdi politikoen boto paperez gain, beste boto txartel bat eskuratzeko aukera emango diete bihar Poloniako herritarrei: lau galdera dituen erreferendum bat, horietako bi migrazioari buruzkoak. Eta, hala ere, auzi horietako bakar batek ere ez du ondorio garrantzitsurik izango, balio sinbolikoa baitute. PiS Legea eta Justizia ultrakontserbadorea buru duen gobernuaren estrategiaren emaitza da kontsulta, hauteskundeak irabazteko baliatu nahi baitu.

«Aplikatu ziren edo aplikatuko ez diren neurriei buruzkoa da erreferenduma, eta emaitzak ez du ezer aldatuko», esan du Marta Prochwicz-Jazowska analista politikoak. Kontsultako gai batek erreferentzia egiten dio Bielorrusiako mugan bost metroko hesi bat eraikitzeko aferari. Beste batek EB Europako Batasunaren migrazio araudiaren erreforma aipatzen du, eta horretaz galdetuko diete herritarrei, zehazten baitu EBko lurralde osora modu irregularrean iristen diren migratzaileak estatu kide guztien arteanbanatu behar direla, nahitaez eta ekitatez—horiek jasotzeari uko egiten diotenek horren kostuak ordaindu beharko dituzte—.

Zehazki, modu alderdikoian erredaktaturiko galderak zera ohartarazten die boto emaileei: akordio horrek berekin ekarriko duela «Ekialde Hurbileko eta Afrikako legez kanpoko milaka migratzaile onartzea». Hain justu, Poloniak eta Hungariak Europar Kontseiluaren azken bilkura informalean ezarritako betoak eragin zuen batzarrarri buruzko deklarazioan gai hori ez aipatzea.

Erreferendumeko beste bi galderei dagokienez, erretiro adina 65 urtetik 67ra igotzeaz eta estatuaren menpeko aktiboak edo enpresak pribatizatzeaz galdegingo diete. Gobernuak esan du Donald Tuskek neurri horiek hartuko dituela, nahiz eta ez egia izan; Tusk Europar Kontseiluko presidente ohia da,eta KO Koalizio Zibikoa oposizioko aliantzaren hautagai liberala.

«Erreferenduma zentzugabea da. Zergatik beldurtu inork proposatzen ez duen zerbaitekin?», galdetu zuen Tomasz Krzyzak zutabegileak duela gutxi Rceczpospolita egunkarian idatzitako artikulu batean. «Alderdi bakar batek ere ez ditu proposamen horiek bere programan. Arrazoi bakarra zera da, gobernuak ideia hau zabaldu nahi duela: oposizioak irabaziz gero, Poloniak migratzaile uholde bat jasoko duela», adierazi du migratzaileei laguntza ematen dien GKE gobernuz kanpoko erakunde baten ordezkariak —ez du izen-abizenik eman—.

Poloniako gizartearen zati batean —zeina oso homogeneoa den, eta identitate katoliko sendoa duen— beldurra pizten du migrazioak, eta beldur horretaz baliatzea jada erabakigarria izan zen PiSen 2015eko garaipenean—zortzi urteren ondoren itzuli zen boterera—. 2021ean, Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak are munizio gehiago eman zion alderdi horri, milaka migratzaileri bere herrialdean sartzeko modua eman eta gero Poloniako mugara bidalita, EBri presio egiteko estrategia gisa. «Uste dut solidarioa izan beharra dagoela, baina ezin da onartu Bielorrusian migratzaileak kontrolik gabe sartzea, ezta Lukaxenkoren xantaia ere. Gainera, gehienek ez dute bat egiten gure balioekin», dio Poznaneko sukaldari batek, Bartlomeijek, gehiengoaren iritziarekin bat eginez.

Bestelako arrazoiak

Hori bai, hauteslerik kontserbadoreenak mobilizatzea ez daPiSen buruzagi Jaroslaw Kaczynski makiavelikoaren motibazio bakarra. «Erreferendumaren benetako helburua daPiSentzat hauteskunde kanpainako gastu muga igotzea; horrek mesede egiten dio, baliabide gehiago dituelako», dio Prochwicz-Jazowskak. Datu ofizialen arabera, agintean dagoen alderdiak oposizio osoak baino funts gehiago gastatu ditu sare sozialetan. «Boz hauek askeak izango dira, baina ez bidezkoak. PiSek abantaila asko ditu, komunikabide publikoak erabat kontrolatzetik hasita», dio analistak.

Edonola ere, galdeketan gobernuak babestutako jarrerek irabaziko duten arren, baliteke hori nahikoa ez izatea; erreferenduma loteslea izan dadin, parte hartzeak %50 baino handiagoa izan behar duelako. Muga hori ez gainditzeko helburuarekin, oposizioko hainbat alderdi eta gizarte zibileko zenbait GKE boikotaren aldeko kanpaina egiten aritu dira, hautesleei jakinaraziz eskubidea dutela erreferendumaren boto txartela baztertzeko. Oposizioko koalizio nagusiak, Tusk buru duen KOk, kontsulta boikotatuko zuela iradoki zuen hasieran, baina gaia bere boto emaileen esku uztea erabaki du azkenean.

«Zer egin boterean daudenek hauteskunde egunean erreferendum anker eta zozo bat antolatzen dutenean?: Erreferendumean ez bozkatu... Ez da nahikoa boto baliogabea ematea, hori parte hartzea litzatekeelako», ohartarazi du ohar batean Fundacja Ocalenie GKEak. Granicak, mugan lan egiten duen beste erakunde humanitario batek, nahiago du horren inguruan ezer ez adierazi jendaurrean. «Migrazioaren gaiari buruzko eztabaida publikoa beharrezkoa da, baina hau ez da galdera egokia», adierazi du Bartek Rumienczik aktibistak.

«Uste dut erreferendumeko partea hartzea ez dela %50en langara iritsiko», iragarri du Prochwicz-Jazuwskak. Baliteke PiSek galdeketa irabaztea, baina eraginik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.