Koronabirusa. Neurri ekonomikoak

Espainiaren BPGaren %20 adinako funts bat jarri du martxan Madrilek

Hipotekak atzeratzeko aukera emango du, eta argia eta Internet moztea debekatu du. Kalteturiko autonomoei kotizazioak kenduko dizkie. Aldi baterako kaleratu guztiek langabezia saria izango dute

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo, neurri ekonomiko sorta baten berri ematen. BORJA PUIG DE LA BELLA CASA / EFE.
xabier martin
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Itzalez betetako bide ezezagun batean» aurrera doa ekonomia koronabirusaren krisia iritsi denetik, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan. Bide horretan argia emateko «demokraziaren historiako dekreturik handiena» onartu du Madrilek, «aurrekaririk gabekoa», jasotzen dituen neurrien sakontasuna eta kopurua kontuan hartuta. Aurrekaririk ez du neurri horiek gauzatu ahal izateko martxan jarritako funts ekonomikoak: 200.000 milioi euro, ekarpen publiko eta pribatuarekin, Espainiaren urteko BPG barne produktu gordinaren %20. Bazuka handi bat.

«Krisi honetan ez da inor atzean geratuko»; «ezkutu sozial handi bat eraikitzeko izugarrizko ahalegina da»; «jendea ez da etxerik gabe geldituko oraingoan». Sanchezen esan horiek eta tankerako beste hainbatek islatzen dute dekretu historikoaren neurria. Denborak esango du nahikoa izango ote den ekonomia erabat geldi ez dadin; zaila ematen du oso eraginkorra izatea Europako Batasunak ez badu plan orokor batekin erantzuten, eta, oraingoz, gihar ekonomiko handiena dutenak, beren kontu publiko osasuntsuei esker, ez dira agertu, Alemania lehen-lehenik. Laster ikusiko da 2008ko harri berean estropezu egiteko bidean ote dagoen Europa.

HIPOTEKAK ATZERATU

Egoera ekonomiko ahula duten familientzako neurrien artean sartu dute bankuei eragingo dien erabaki izarra: beren lehen etxebizitzaren hipoteka pagatzen ari direnek atzeratu ahal izango dute datozen hilabeteetan egokitzen zaizkien ordainketak, betiere koronabirusarengatik diru sarrerak txikitu bazaizkie edo langabezian geratu badira arrazoi hori tarteko. Ordainketak atzeratzea eskatzeko baldintza horiek betetzen direla erakutsi beharko dute zordunek, noski.

ENERGIA ETA URA

Era berean, ahulezia ekonomikoan dauden familiek bermaturik dituzte energia, ura eta telekomunikazio zerbitzuak, dekretuaren arabera. Alegia, enpresa energetikoek ezingo dutela gasa edo argindarra eten epe batez, ezta bezeroak Internet sarerik gabe utzi ere telekomunikazio enpresek. Langabezian geratu direnentzat dira neurri horiek, eta diru sarrerak murrizturik dituzten autonomoentzat. Halaber, gobernuak 600 milioi euroko funts bat bideratuko du «zerbitzu oinarrizkoak bermatzeko», adinduen eta gaitasun urrikoen zaintza egin behar dutenei laguntzeko hain zuzen.

LANALDIA MURRIZTU

Langileentzat diren neurrien artean, lanaldia murrizteko aukera jasotzen du dekretuak. Egoera berria dela eta, etxean zaintza lanak egiteko beharra duten langileek lanaldia murrizteko eskubidea izango dute. Lanaldia %100 murriztu ahal izango dute murrizketa hori. Ikastetxeak itxita egotea nahikoa izango da zaintza hori egin behar dela frogatzeko. Lanaldiaren murrizketa hori, dena den, ez dute diru sail berezi batekin lagunduko.

ENPLEGU ERREGULAZIOAK

Aldi baterako erregulazio enpleguak ere langileen aldeko neurri gisa aurkeztu zituen Sanchezek. Erraztu egin dituzte erregulazio dosierrak dekretuaren bidez. Zazpi eguneko gehienezko epe batean onartuko dituzte koronabirusarekin lotutakoak badira: horretarako, sindikatuekin egin beharreko kontsulta epeak hamabost egunetik zazpira txikituko dira. Zergatik den lagungarria enplegua erregulatzea langileentzat? Bada, langabezia saria jaso ahal izango dutelako beren jatorrizko diru saria gastatu gabe. Alegia, erregulazioak irauten duen bitartean ez da jatorrizko langabeziak dakarren diru laguntzatik ezer gastatuko. Gainera, laguntza jasoko dute eskubide hori sortu ez dutenek ere —kotizatzen denbora nahikorik eman ez dutelako—. Betiere, koronabirusak eragindako egoerak bultzatu baldin badu erregulazioa.

KOTIZAZIOAK LEUNDU

Autonomoentzat ere badira neurri lagungarriak. Kotizazio merkeagoak pagatzeko eta batere ez pagatzeko aukera zabaldu du Madrilek, enpleguari eusten badiote. Enpresa txikiek eta ertainek %75eko merkatzea izango dute datozen hilabeteetan, eta autonomoek, %100ekoa; alegia, ez diote kotizaziorik pagatuko Gizarte Segurantzari koronabirusarengatik diru sarrerak erabat murriztu dituztela erakusten badute. Lanaldiak murrizteko aukera baliatzeko eskatu zien Sanchezek, inor kaleratzen hasi aurretik. Krisia aldi baterako dela kontuan hartzeko eskatu zien enpresari txikiei, etorri bezala joan egingo dela, eta joatean enpresek zutik egon beharko dutela hazkundearen bideari heltzeko berriro.

LIKIDEZIA LERROAK

Enpresa handiei hitz egin zien. Aldi baterako erregulazioak erabiltzeko esan zien, ez kaleratzeko beharginak, estatuak langileen kotizazioekin lagunduko duela, erregulazio dosier horien bidez, eta likidezia amaigabea agindu zien. 100.000 milioi euroren lerro publikoa martxan jarriko da, eta maileguen bermea estatua bera izango da. Kolaborazio pribatuak 200.000 milioira igoko du funts berezi osoa, orotara. »Izugarrizko mobilizazio ekonomikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.