Klima aldaketaren kontrako politika erabakigarrien eske jarraitzen duten ahotsak ozen entzun ziren atzo arratsaldean, Baionan, Bizi mugimenduak deitutako protestan. Klima eta justizia sozialaren martxa. Hitzetatik ekintzetara lelodun pankarta baten atzetik, 850 bat pertsona elkartu ziren, manifestazio alai eta koloretsu batean. Eragile politiko, sozial eta sindikal andanaren babesa izan zuen protestak, eta ekintza sinboliko batekin bukatu zuten, San Espiritu zubia blokeatu baitzuten oren bat inguru.
Baionako Paul Bert plazan emana zuten hitzordua, 15:00etarako. Bozgorailuetatik Negu Gorriak-en kantuak entzuten ziren bitartean, oihu eta lelo asko eta askotarikoak entzun ahal izan ziren ibilbide guzian: «1, 2, 3 gradu; gizateriaren aurkako krimen bat da»; «Alda sistema, ez klima»; «A-anti-antikapitalista». Jaka Horien mobilizazioetan asmatu duten kantua ere ez zen falta izan: «Macronek nahi ez badu ere, gu hemen gaude».
Manifestazio buruan, Bizi-ko kideen kamiseta berdeak; gibeletik, Jaka Horiak, eta CGT sindikatuko bandera gorriak. Beste eragile andanaren kolore eta sinboloak ere ikus zitezkeen. Anitzek etxetik eraman zituzten aldarrikapenez betetako pankartak: Ez dago B planetarik irakur zitekeen batean; Zein ederra zaren karbonorik gabe, beste batean.
Autoak ez, bizikletak bai
Ekintza sinboliko bat ere proposatu zuten atzoko martxan. Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean martxan ezartzen ari diren trambusaren harira, obrak egin eta zirkulazioa aldatu dute; baina, hitzemandakoaren kontrara, autoei lehentasuna utzi diete leku anitzetan. Horren adibide da San Espiritu zubia. Hara iristean, zirkulazioa moztu eta zubia okupatu zuten sinbolikoki. «Herri harresi» bat osatzera deitu zuten, manifestariak lurrean esertzera gomitatuz. Bat batean, azken hilabeteetan herriko etxetatik lapurtu dituzten Macron presidentearen argazki bat atera zen jende artean. Txalo zaparrada batekin agurtu zuten manifestariek.
Euskal Elkargoari eta euskal kostako herriko etxeei mezu bat helarazi nahi zietela azaldu zuen Jean Noel Txetx Etxeberrik. Autobideak kudeatzen dituen Vinci enpresarekin akordio bat egin dute, autobidearen zati bat dohainik jarri eta hiri erdia ekiditeko saihesbidea bilaka dadin. «Vinci ordainduko duzue gure hiri barneetako auto zirkulazioaren parte handi bat arintzeko. Ber denboran, ez badiozue autoen zirkulazioari biderik hesten hiri horien barnean berean, klima arazoa larritzen duzue; hori onartezin da», salatu zuen. «Ororen buru, auto gehiago eta berotegi efektuzko gas isurketa gehiago; zenbait urtetan bakarrik, gure herriak autoz beteak liratekeelarik, baina gaur egun baino auto kopuru handiagoarekin». Gaur egun autoentzat diren bideak autobusentzat, oinezkoentzat eta txirrindularientzat izateko eskatu zuen. Halaber, autoentzat moztutako zubian, oinez eta bizikletaz ibiltzera deitu zuten, horrek eman lezakeena erakusteko.
Sinbolikoki, «aldarrikapen sozial eta ekologiko guzien, eta gure erresistentzia, borroka, proposamen eta alternatiben» artean eraiki duten zubia ere irudikatu nahi izan zuten. «Gune hau mundu berriari buruz doan zubian eraldatzen dugu, gure galde eta borrokak nahasiz». Besteak beste, hauek aipatu zituen borroka adibide gisara: klima, bioaniztasuna, justizia soziala, elkartasuna, ospitaleko larrialdi zerbitzuak, Parisko aireportuaren pribatizazioari ezetz esatea, CETA eta Mercosur itunen bukaera, energia berriztagarriak... «Elkarrekin, alimaleko indarra izaten ahal gara, gure borrokak, alternatibak eta erresistentziak batu ditzagun». Aste guzian, beste ekintza andana izanen dira, klimaren aldeko ekintza astearen barruan.
ATZEKOZ AURRERA
Aldarrikapenen arteko zubia
Jende andana elkartu da Baionan Bizi mugimendu altermundialistak antolatutako klimaren aldeko martxan. Borrokak, alternatibak eta erresistentziak batzera deitu dituzte parte hartzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu