urtzi urkizu
ANALISIA

Primeran iritsi bitartean

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Berriki bi urte bete dira Durangon (Bizkaia) agerraldi garrantzitsu bat egin zenetik: Netflix Euskaraz herritar taldeak euskalgintzako, ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskal komunikazio esparruko askotariko eragileen babesa jaso zuen. Netflix Euskaraz-ek aldarrikatu zuen Euskal Herriko erakundeei dagokiela euskaldunen eskubideak bermatzea.

Bi urte geroago, streaming plataforma batzuetan ikus daitezke eduki erakargarri batzuk euskaraz —bikoiztuta edo azpidatzita—. Durangoko agerraldi horren ostean, Pantailak Euskaraz mugimendua osatu zen, eta abenduaren 4an, herri berean, manifestu bat aurkeztu. 35 eragile baino gehiagoren babesa izan zuen.

Bi urte. Netflixen eta Amazon Prime Videon apenas zegoen edukirik euskaraz ikusteko 2021ean. Egun, Netflixen 72 film ikus daitezke euskarazko azpidatziekin, eta beste 13 euskarazko audioarekin. Horri gehitu behar zaizkie 31 telesail euskarazko azpidatziekin, eta lau telesail euskarazko audioarekin. Amazon Prime Videon, 55 film euskarazko azpidatziekin, 25 film euskarazko audioarekin, 29 telesail euskarazko azpidatziekin eta bost telesail euskarazko audioarekin. Bada zerbait. Haien kabuz egin dute, nahiz eta larritzat jo daitekeen bi plataforma horiek ez dutela inoiz informatzen zer eduki dauden euskaraz. Ezta zer dagoen katalanez edo galegoz ere. Ekintzaileek hartu behar izan dute ekimena. Horrenbestez, Zernonikusi.eus atarikoei esker jakin dezake ikus-entzuleak plataformetan zer ikus dezakeen euskaraz.

Esaterako, egunotan telesail zale askoren ahotan dago Beef fikzioa. Euskarazko azpidatziekin ikus daiteke, baina kontsumitzaileak ez badu arakatzen zer hizkuntza dauden aukeran, ez du hori jakingo. Plataforma bereko Pinocchio filmak animaziozko film onenaren Oscar saria jaso zuen, eta euskarazko audioarekin ikus daiteke. Baina nork eman du horren berri? Zernonikusi.eus atariak, eta kito.

Katalunian, berriz, TV3 telebista katean ari dira herritarrei informatzen plataformetan estreinatzen diren katalanezko edukien inguruan. EITB ez da horretan ari, eta ez da espero halakorik egingo duenik.

Baditu onura gehiago Zernonikusi.eus atarian murgiltzeak. Esaterako, atal bat sortu dute Youtube Euskaraz izenekoa, eta bertan 74.000 eduki aurki daitezke euskaraz. Ez dira gutxi.

Horiekin alderatuta, Primeran plataformaren esperoan, gutxi samar dira EITBren Nahieran zerbitzuan aurki daitezkeen euskarazko fikziozko lanak. Zinea atalean klik eginez gero, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Akelarre—azken hori erdia da euskaraz—, gaztelaniara bikoiztutako film askoren artean galduta. Film laburretan, 30 inguru euskaraz. Eta telesailen atalean 23 badira, baina berriak ez asko. Euskarazko film gehiago topatzeko, berriz, bilaketa egin behar da: Zinema euskaraz jarri bilatzailean, eta han badira aspaldiko film batzuk —tartean, haurrentzako bat edo beste; tartean jatorriz gaztelaniazkoak izandakoak eta euskarara bikoiztu dituztenak—.

Kantitatez eta kalitatez, eskaintza oparoagoa da egun Filmin plataformak eskaintzen duena: 86 film euskarazko audioarekin, eta beste 31 euskarazko azpidatziekin. Orotara, 117 lan ikus daitezke Herrialde Katalanetan sortutako ordainpeko plataforma horretan.

Bitartean, larria da Disney Plus eta Sky Showtime plataformek eduki bakar bat ez izatea euskaraz. Apple TV Plus plataformak, berriz, zortzi film baino ez ditu euskaraz ikusgai. Eta lau besterik ez HBO Max plataformak. Azken lau zerbitzu horien bidea ikusita, argi gelditzen da ezin dela haien borondatearen zain egon.

Primeran plataformaren beharra agerikoa da, eta ekarriko du onurarik. Baina Amazon Prime Videok, Netflixek eta Filminek egiten duten euskarazko eskaintza herritarrei jakinarazi egin behar zaie. Nekez kontsumituko baita euskaraz, badenik ere jakin ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.