ATZEKOZ AURRERA

Behar ez zuen ezbeharra

Mila txirrindularik baino gehiagok Jon Rodriguez omendu dute: aurreko asteburuan hil zen, errepidean. Bizikleta zuri bat jarri dute istripua izan zen tokian, Gaintxurizketan, Irunen.

Errenteriatik eta Irun-Hondarribitik joandako ehunka txirrindulari elkartu ziren atzo, Gaintxurizketan (Gipuzkoa), Jon Rodriguez errepidean zendu berria omentzeko. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Irun
2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Ehunka txirrindulari Irun eta Hondarribitik (Gipuzkoa) iritsi dira. Beste ehunka batzuk, Errenteriatik (Gipuzkoa). Bat egin dute denek, sentimendu berean: Jon Rodriguez txirrindulari zendu berria omendu dute, hura hil eta astebetera. Errepidean txirrindulari gehiagok ezbeharrik izan ez dezaten, aldarrikapen isil baina ozena egin dute.

Bizikleta zuri bat jarri dute bide ertzean, Rodriguezek aurreko asteburuan istripua izan zuen lekuan: Gaintxurizketan, Zaldunbordara doan errepidea hartu aurretik (Irun, Gipuzkoa). Pedro Medina han ondoan bizi da. «Egun hartan, autoz Errenteriatik iritsi, eta istripu bat izan zela ikusi nuen. Toki oso arriskutsua da hau: kafe bat hartzeko, bizpahiru errepide pasatu behar ditugu. Erakundeek zerbait egin beharko lukete». Ekitaldian elkartu den jende guztia ikusita, «zerbait behar dela» argi du.

Rodriguezen senide batek hitz labur batzuk egin ditu: emandako maitasuna eskertu die han bildu diren guztiei. Rodriguezen aita eta anaia bizikletan joan dira beste txirrindulariekin. Bizikleta zuria jarri eta senidearen hitzen ostean, txalo zaparrada luzea entzun da. Errepidean dauden ehunka txirrindularien txaloak.

Gorka Obeso Balazta Bidasoaldeko bizikletaren aldeko elkarteko kideak nabarmendu du ekitaldia «hunkigarria» izan dela. «Pentsatzen genuen jende asko hurbilduko zela, baina ez hainbeste. Familia guztia ikusi dugu. Eta arriskua barnetik bizi dugunok asko ukitu gaitu». Obesori iruditzen zaio «kontzientziazioa» gizarteko parte guztiei dagokiela: «Txirrindulariok tentuz jokatu behar dugu, eta babes neurri guztiak erabili; auto gidariek ere behar diren neurriak bete behar dituzte, aurreraketak une egokian egin behar dira...; eta argi dago erakundeek badutela zer esana». Gaintxurizketa trafiko handiko errepidea da. «Txirrindularien artean puntu beltz bat izan da hau beti».

Rodriguez hil zen egunean, Josu Andueza kirolaria ere bizikleta gainean zebilen. Gertukoa zuen. «Bizikletan Pasaiako lagun batzuekin hasi nintzenean ezagutu nuen Jon, eta lagunak egin ginen. Istripua izan zen egunean Perurena inguruan topatu nuen». Aitortu du Rodriguezen heriotzaren berri izan zuenean «apurtuta» gelditu zela. «Eredu bat zen Jon: oso zintzoa zen».

Patxi Vila txirrindulari ohi eta Movistar taldeko errendimendu arduradunak ezin izan du ekitaldian egon. Rodriguezekin batera egin zituen zenbait kilometro istripuaren egunean. Hala gogoratu du Vilak: «Goizean elkartu ginen, 08:30ean. Gaintxurizketatik pasatu, gero Astigarragatik Hernani aldera, eta handik kostaldera, Orio, Zarautz eta Getariara. Etxerantz gindoazela, esan zigun ibilaldia luzatu nahi zuela, Jaizkibelera igotzeko asmoz, baina Gaintxurizketan istripua izan zuen».

43 urte zituen Rodriguezek. Oiartzualdeko eta Bidasoaldeko txirrindulari askok zuten estima handitan. Vilak hausnarketa hau egin du: «Bizikletan zein autoan goazenez, adi joan behar dugu. Errepidean errespetuz gidatu beharra dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.