TANKEEK HARTUTAKO SOROAK

Ukrainar nekazariak artoa eta ekilorea ereitera zihoazen apirilean, baina gerrara edo erbestera doaz orain. Garau eta olioek inoiz ez bezalako prezioak izanik, elikagaietan behartsuak diren herrialdeak ere dardarka dauzka Ukrainako gerrak.

TANKEEK HARTUTAKO SOROAK.
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hogei milioi tona arto eta hamabi milioi tona gari blokeatuta daude une honetan Ukrainan eta Errusian.

Normalean, garai honetarako udako uztan bildutako gariaren eta garagarraren zatirik handiena esportatuta izaten dute bi herrialdeek, baita ekilore olio ekoizpenaren zatirik handiena ere. Artoaren esportazioa, ordea, uda hasierara arte luzatu ohi da. Aurten ez da halakorik gertatuko: Itsaso Beltzaren iparraldean eten egin da itsas garraioa, eta ez da artorik aterako puska batean.

Garia, garagarra, artoa... Itsaso Beltzetik igaro ohi dira mundura Errusiako eta Ukrainako garauak eta olioak. Eta kopuruak oso handiak dira. Bi herrialdeek munduan kontsumitzen diren kalorien %12 esportatzen dute. Munduko gari esportazioen herenak, ekilore olioaren %70 baino gehiago.

Irudiaren deskribapena
 

Baina, gerraren ondorioz, Errusiako eta Ukrainako portuetan ez dago kargaontzien joan-etorririk. Ukrainak portuak itxi zituen Errusiak erasoa hasi bezain laster. Eta Errusiak ere gauza bera egiteko asmoa agertu du, «gatazkak iraun artean».

Gainera, Odesako portuan Estoniako kargaontzi bat hondoratu zen ostegunean, leherketa bat nozitu ostean. Errusiarren misil bat izan zela esan zuen Ukrainak, baina beste iturri batzuen arabera, mina bat izan zen leherketaren eragilea.

Portuak jomugan

Ez litzateke harritzekoa, Ukrainak Odesako portua minez babestu nahi izatea. Gerraren azken egun hauetan, zantzu guztiek erakutsi dute Errusiaren helburuetan dagoela Ukraina mendebaldeko portu nagusia. Hiria itsasotik hartzea litzateke aukera nagusia. Eta horregatik, ziurrenez, minak.

Irudiaren deskribapena
 

Gauzak horrela, oraingoz, ez dirudi blokeatutako garau horiek itsasoratuko direnik. Aitzitik, beharrezkoak izango dira gerra betean dagoen Ukrainan.

Jakina, haien garau eta olio inportazioen erdia Errusiatik eta Ukrainatik jaso ohi duten herrialdeek, krisia berehala igarri dute. Egipton, Libian, Iraken... Eta igarri da ere Europan eta Txinan. Zerealen eta zenbait olioren prezioak ziztuan igo dira. Hilabete batean garia %50 garestitu da, azken hamalau urteetako salneurri garestiena iritsita.

Erein ezin

Lehendik ere garesti zeuden zerealak eta landare olioak, besteak beste, Hego Amerikan, Brasilen, Uruguain eta Argentinan lehorteek edota euriteek sojaren uzta eskasa iragartzen dutelako. Eta kezka hor dago, berdin gertatuko den Ipar Afrikan eta Espainian. Eta Ukrainako gerra egoera okertzera etorri da.

Hasteko, apirilean ukrainar nekazariak artoa eta ekilorea ereiten hasi beharko lirateke, baina orain armak hartzen ari dira. Eta, beraz, munduko osoko zerri eta oilaskoak elikatzen dituen artoaren eskasia irits daiteke udan, Brasilen ere azken arto uzta ez delako oparoa izan.

Ongarri garestiak

Garia eta garagarra, neguan erein zituzten Ukrainan. Baina, izango al dira gai haiek udan biltzeko? Ezezkoan dauden merkatuak. Gizonezkoak mobilizatuta, milioka lagun herrialdetik ihesi... Eta ekoizpen zein esportazio murrizketak are gehiago luza daiteke, gerrak Ukrainako nekazaritza azpiegiturak eta lurreko zein itsas garraiorako azpiegiturak, bihitegi eta abarrak kaltetzen baditu.

Beste gai batzuen murrizketak ere arrisku handia dakar nazioarteko nekazaritza gaien ekoizpenera: Errusiak ekoizten du munduko potasaren %20, eta fosfato zein nitrogeno ekoizle handienetako bat da. Bada beste herrialde bat, munduko potasa esportazioen %16 egiten dituena: Bielorrusia, zeina ere zigorpean jarri duen Mendebaldeak. Gero, jakina da, Errusiak gas naturala ere esportatzen du.

Gai horiek guztiak ezinbestekoak dira ongarriak egiteko eta beraz, zalantza gutxi dago, ongarrien salneurria ere handitu egingo dela. Eta horrek eragina izango du hurrengo nekazaritza ekoizpenetan ere; urritasuna areagotuko du, eta prezioak handitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.