Joan den otsailean amaitu zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletan zerbitzua ematen duten catering enpresetako lan gatazka. ELA ez beste sindikatu guztiek lan hitzarmen berria adostu zuten enpresekin. Besteak beste, hitzartu dute 2023rako eskola jangeletako langile guztien soldatak berdinak izatea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko langile izan edo eskola gehienei zerbitzu ematen dien catering enpresa handietako bateko langile izan. ELAk uste du langile publiko direnen baldintzak ere «oso txarrak» direla; horregatik, ELAk langile publikoen mobilizazioetara ere deitu ditu.
Oro har, sektore «prekarioa» da sukalde eta jangeletako langileena. Baita oso feminizatua ere: beharginen %90 inguru andreak dira. «Ez dauzkate zereginak zehaztuta: 'Edozertarako neskatzat' dituztela kexatzen dira; 'egin hau, egin bestea'. Emakumeek etxean egin izan duten zaintza lana egiten dute, baina etxetik kanpo eta soldata lotsagarriak kobratuta», azaldu du ELA sindikatuko Hezkuntza arloko Maialen Aranburuk.
Gutxi gorabehera 10.000 langilek osatzen dute eskola jangeletako lantaldea hiru herrialdeetan. 700 inguru baino ez dira Hezkuntza Sailaren soldatapeko sukaldari eta garbitzaileak; gainontzekoak catering enpresetako langileak dira; hau da, eskolara iritsitako jatekoa banatzeaz eta ikasleak zaintzeaz arduratzen diren begiraleak. Jaurlaritzaren sukaldaria dagoen eskoletan ere begiraleak catering enpresenak dira.
«Ez ikusezinak, ez gutxietsiak. Gu eskolakoak gara», ohartarazi du LAB sindikatuko Edurne Oliverrek. «Langile gehienak catering enpresa handienak dira; haiekin adosten dugu lan hitzarmena, eta ofizialki haien aginduak jasotzen ditugu. Baina jangelaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena da». Hau da, teorian pribatizatuta dago, baina erabaki gehienak administrazioak hartzen ditu. Lan ituna adostu dute enpresekin, baina ratioak adosteke dituzte, eskumena gobernuarena baita. Ordutegi aldaketak eskolek egiten dituzte.
Catering enpresetako langileen lanaldia, batez beste, ordu bikoa da. «Ez dira aski. Umeak eseri, jatekoa eman, eta bukatzean dena jaso. Ez da zerbitzu on baterako behar besteko denbora», kexatu da Oliver. Horrez gainera, aurretik izan duten trantsizio itunean, zerbitzua hobetzeko hamazortzi ordu eta formakuntzarako sei lortu zituzten. Zerbitzua hobetzeko orduak bileretarako dira, eta formakuntzakoetan elikagaiak kudeatzen, higiene neurriak, euskara edo lan segurtasunerako protokoloak ikasten dituzte. «Guk uste dugu lanegunak gutxienez ordu eta erdi izan behar duela, eta soilik zerbitzua emateko, gaur egungo estilora». Baina eredu hori jantoki eredua dela uste du, eta eurek jangela bihurtu nahi dute. «Jateko ordua tarte dibertigarria eta hezitzailea izan behar da. Eskolaren parte gara, eta hezi egin behar dugu; horretarako denbora eta formazioa falta zaigu».
Etorkizuna kezkaz ikusten dute bi sindikatuek. ELAk uste du Jaurlaritzak erabat pribatizatu gura duela zerbitzua. «Orain zerbitzuaren kudeaketa guraso elkarteen esku uzten ahalegindu da. Pribatizatzeko lehen pausoa da. Logikoa da gurasoek catering enpresa bat nahi ez izatea, baina, kontratazioa guraso elkarteek egingo badute, langile publikoek sukalde horietatik joan beharko dute. Lehen urtea pasatutakoan guraso elkarteak ikusiko balu eurentzat gehiegizko lana dela, Jaurlaritzak kudeatuko du bigarrenean? Edo azpikontratari emango dio?», azaldu ditu euren kezkak Aranburuk.
Gaur egun lanean daudenak subrogatu egingo liratekeela zehaztu du Oliverrek. Baina sektore honetan behin-behinekotasun handia dago: publiko diren langileen artean ere %70ekoa da. Catering enpresetako behargin gehienek kontratu finko etena dute, hau da, udako oporretan ez diete kontratua mantentzen. Baina askok aldi baterako kontratuak kateatzen dituzte; lanik gabe geratzean, denek ez dute langabezia saria kobratzeko eskubidea.
«Guraso elkarteen esku geratuko balitz jantokien kudeaketa, zein itunen arabera jokatuko lukete?», egin du gogoeta Oliverrek. Subrogatuen kasuan, catering enpresekin adostuta dutena. Baina gainontzekoentzat probintziako ostalaritzakoa ere erabil daiteke. Biak alderatu egin ditu, Bizkaikoa adibide hartuta: probintziakoan, lanaldi osoko bi sari 1.397 eurokoak izango lirateke; catering enpresekin adostu dutenaren arabera, berriz, orain, 1.537 euro, eta irailetik aurrera, 1.654. «Esperientziak erakutsi digu guraso elkarteen esku geratu diren jangela guztiek probintziako ostalaritza itunaren alde egin dutela. Jantokiak finantzaketa iturri dira eskolentzat: gure lan baldintzekin finantzatu behar al ditugu zirrista berria, plastilina edo ordenagailuak?».
Ordutegiak baldintzatuta
Antzekoak dira Nafarroako begiraleen lan baldintzak ere. %100ean dago zerbitzua pribatizatuta, eta sektorearen Espainiako lan hitzarmenean dituzte lan baldintzak zehaztuta. Funtsean ostalaritzako lan itunaren zatiekin osatutakoa dela salatu du LABeko Nafarroako eskola jangeletako ordezkari Itziar Lukanbiok. «Ez ditu kontuan hartzen gure sektoreak dituen berezitasunak».
Nafarroako Gobernuarekin borrokan dabiltza azken urte honetan. Duela hiru urtetik, eskoletan jardunaldi jarraitua egiteko aukera dago. Ordutegi hori oinarri hartuta, eskolek proiektuak aurkezten dizkiote Hezkuntza Departamentuari, et,a horrek ontzat joz gero, martxan jartzen dituzte. Oraingoz gutxiengoa dira, baina ikusi dute martxan ipini den eskoletan horrek bazkaltzeko ordua atzeratzea ekarri duela, jateko txandak gutxitzea eragin duela, eta lanpostu asko arriskuan ipini dituela. «Lehen 13:00etan bazkaltzen zuten umeek, eta orain, 14:00etan edo 15:00etan, zenbat txanda dauden». Otordua atzeratuta, askok etxean bazkaltzen dute. Bereziki Iruñerriko zentro handietan gertatzen dela esan du Lukanbiok. Eta bazkaltzeko denbora ere txikitu da: lehen ordu bi zituzten; orain, ordu eta erdira jaitsi dute.
Sinadurak bildu zituzten ikasturte hasieran, eta departamentuari eman dizkiote. Finean, eskoletako funtzionamendua aldatzean jangela ere kontuan hartzea nahi dute. «Eskola proiektu berriak definitu dituzte, baina ez dute kalkulatu horrek jantokian zer eragin izango duen. Zerbitzua bermatze hutsarekin nahikoa dela uste dute, kalitateari erreparatu gabe. Umeen hezkuntzatik gero eta aparteago gaude, baina guk uste dugu hezkuntza proiektuaren parte garela».
Jantokiko lezioa gainditu ezinda
«Jaki frijitu gehiegi jaten dute etxean; beraz, eskolan ez dira komeni»
Eredu anitz erretiluan
Merkatu eta harrobi baserritarrentzat
Eskoletako jangelak. Ikuspegi sozioekonomikoa
Parte izan nahi dute, baina gero eta aparteago daude
Eskola jangeletako behargin gehienak catering enpresetakoak dira, baina funtzioak gobernuek ezartzen dizkiete. Sektore feminizatu eta prekarioa dela salatu dute; ohartarazi dute hezkuntza komunitateko kide ere badirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu