Koronabirusa

«Baikor» da Indurain, baina «tentuz» segitzeko beharra azpimarratu du

Beste 4.805 positibo zenbatu dituzte Hegoaldean, eta 799 paziente erietxean dira. Iparraldean neurriak arinduko dituzte gaurtik aitzina

Iruñeko ospitaleko langile bat, ebakuntza gela batean. MARISOL RAMIREZ/FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Datorren asterako jarduera kirurgiko «guztiari» berrekiteko asmoa agertu du Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Izan ere, atzo egindako agerraldi batean, adierazi zuen «nolabaiteko baikortasuna» ikusten duela pandemiaren bilakaerari begira. Hala eta guztiz ere, «zuhurtziaz» jokatzea ezinbestekotzat jo du, eta Nafarroan neurri murriztaileak hamalau egunez luzatu izana «egokia» izan da haren ustez. Segurtatu duenez, kutsatzeek eta ospitaleetako datuek beheranzko joera erakusten badute ere, «ikasitakoa gogoan izanda, tentuz eta zuhurtziaz jokatzen» segitu behar da.

Datuek, hala, beheranzko joera erakusten dute, batik bat ospitaleetan artatutako pazienteen kopuruak behera egiten baitu. Kutsatzeei dagokienez, Hego Euskal Herrian, atzo, COVID-19a detektatzeko 15.350 proba egin zituzten, eta horietarik 4.805ek eman zuten positibo —herenegun 3.541kasu zenbatu zituzten, 8.678 test diagnostiko eginda—.

Hegoaldeko ospitaleetan, bestalde, 799 paziente artatzen ari dira koronabirusarekin, horietarik 115 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Azken asteotan erietxeetako presioa arindu da, beraz. Nafarroan, erraterako, hamabi ebakuntza gela ireki dituzte berriz, eta horrexegatik adierazi du Indurainek jarduera «guztiei» laster berrekitea espero duela.

Iparraldean, neurri gutxiago

Ipar Euskal Herriko egoera zehatza jakiteko daturik ez izan arren, Pirinio Atlantikoetako departamenduko intzidentzia tasa 4.677 da, 100.000 biztanleko. Dena den, gaurtik hasita zenbait neurri malgutuko dituzte, Frantziako Gobernuko buru Jean Castexek hala hitzeman ondoan. Gaurtik aitzina, beraz, karrikan maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa izanen.

Leku publikoetako edukiera mugatzeko neurriak ere malgutuko dituzte gaurtik aitzina. Publikoa jarririk egoten den lekuetan ez da gehiago mugarik izanen —kirol zelaietan eta kultur aretoetan, kasurako—, baina bertan maskara erabiltzen segitu beharko dute herritarrek.

Bestalde, Frantziako Gobernuak telelana egitera behartu zituen hala egiteko gaitasuna duten enpresetako langileak. Bada, bihartik aitzina ez dute gehiago hiru edo lau egunez etxetik aritu beharko, eta enpresara itzultzen ahalko dira. Hala eta guztiz ere, Frantziako Gobernuak berretsi du «oso gomendagarria» dela telelanean segitzea.

Otsailaren 16tik, gainera, diskotekak berriz irekitzen ahalko dituzte Ipar Euskal Herrian. Horiek irekitzearekin batera, ostatuetan zutik kontsumitzea eta dantzatzea baimenduko dute berriz. Urtarrilaren 24tik, txertatze ziurtagiria beharrezkoa da ostatuetan, eta diskoteketara sartzeko ere beharrezkoa izanen da.

Azkenik, otsailaren 21etik landa eskoletako protokoloa arintzeko asmoa duela iragarri zuen Castexek. Oraingoz, autotestak egin behar dituzte ikasleek hurbileko kontaktu badira, astean hiru aldiz. Haserrea eragin zuen neurriak irakasleen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.