Hezkuntza

Ikastaldeak %24 gutxiago izango dira 2032rako, Jaurlaritzaren arabera

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2032rako aurreikuspenak egin ditu txosten batean. Kalkulatu dute irakasleen %35ek erretiroa hartuko dutela ordurako

Ikastaldeak %24 gutxiago izango dira 2032rako, Jaurlaritzaren arabera.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun

Jaiotze tasa jaitsiko dela, eta, horrenbestez, ikasle gutxiago egongo direla. Horixe da hezkuntza sistemak duen kezka — eta, aldi berean, erronka— nagusietako bat. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egindako aurreikuspenak jasotzen dituen txosten bat eskuratu du BERRIAk. Euskal hezkuntza sistemako ikasleen eboluzioaren eta irakasle plantillaren beharren aurrera begirako azterketa, 2021-2032 epealdirakoa dokumentuak ikasle eta irakasle kopuruan egongo den bilakaeraren berri ematen du. Datuak argiak dira: 2021arekin alderatuta, %22,4 ikasle gutxiago eta %23,9 ikastalde gutxiago egongo dira 2032rako. 

Iragarpenekin hasterako, baina, egungo egoeraren azterketa egin du Jaurlaritzak, mailaz maila. HH Haur Hezkuntzan, 2010ean baino %18,8 ikasle gutxiago zeuden 2021ean. LH Lehen Hezkuntzan, urtez urte ikasle gehiago matrikulatu ziren 2010etik 2018ra; alabaina, ordutik jaitsiera txiki bat dago, gutxi gorabehera %1ekoa. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, berriz, bestelakoa da joera: 2010etik 2018ra ikasle kopurua etengabe igo zen, eta egonkortuta dago harrezkero, urtero %1 inguru igota. Azkenik, Batxilergoan, matrikulen igoera etengabea izan zen 2021era arte behintzat: 2010etik 2021era %26,2ko igoera egon zen.

Baina hizkuntza eredu batzuen eta besteen bilakaera ez da berdina izan. HHn, A eta B eredua «asko» jaitsi dira, eta D eredua egonkortu egin da. Antzekoa da joera LHn: A eta B ereduek gero eta ikasle gutxiago dituzte: 2010ean baino %56,6 gutxiago lehenengoak, eta %27,9 gutxiago bigarrenak; D eredua, berriz, %26 igo da. D eredua da nagusi DBHn ere, eta A eta B pixkanaka jaisten ari dira azken urteetan. Batxilergoan, bestalde, D eta B ereduak igo egin dira, eta A eredua, jaitsi.

Ikasleak eta haien joerak ez ezik, irakasleak ere aztergai ditu dokumentuak. Egun, HHtik Batxilergora eskolak ematen dituzten 30.916 profesional daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 47 urte dituzte batez beste. Garrantzitsua da datu hori aintzat hartzea, balio baitu kalkulatzeko datozen urteetan zenbat irakaslek hartuko duten erretiroa eta sare publikoko 60 urtetik gorako zenbat irakasleri murriztuko dieten ordutegia. Jaurlaritzak berak ere aitortu duenez, irakasleriaren ezaugarrietako bat da batez besteko adina handi samarra dela.

Aurrera begira zer?

Gutxi-asko, horixe da hezkuntza sistemaren gaur egungo argazkia. Baina txostena harago doa: 2032ra arteko iragarpena egin dute.p

>

>Batetik, ikasleak daude. 2021arekin alderatuta, HHko bigarren ziklotik Batxilergora bitarteko hamar ikasletik bi pasatxo galduko dituztela espero dute 2032rako; %22,4, alegia. Etaparen arabera, jaitsiera ez da berdina: ehunekoetan, LHn egongo da jaitsierarik handiena, eta Batxilergoan txikiena. Hauxe da datuen laburpena: HHko bigarren zikloan, 13.035 ikasle gutxiago izango dira (-%19,6); LHn, 37.628 gutxiago (-%29,7); DBHn, 17.923 gutxiago (-%20,7); eta Batxilergoan, 1.386 gutxiago (-%4,73).

Bestetik, irakasleak daude. Zenbat erretiratuko diren kalkulatu dute: 2021ean eskolak ematen zituzten irakasleen %34,7k erretiroa hartuko dute 2032rako —10.598 langilek—. Gehienak HHko eta LHko irakasleak dira. Horien ordezko gisa beste irakaslerik kontratatuko ez balute, 19.927 irakasle geratuko lirateke, eta, batez beste, 52 urte edukiko lituzkete. Aurreikusi dutenez, egoera hori balitz, irakasleen %57 sare publikoan egongo lirateke, eta eskola orduen %60 emango lituzkete haiek.

Irakasleon lan baldintzak ere aurreikusi dituzte: gehienek lanpostu finkoa izango dute, edo bitarteko eta karrerako funtzionarioak izango dira. Horietako %70ek jardunaldi osoa edukiko dute, kalkuluen arabera.

Irakasle eta ikasle kopurua, halabeharrez, lotuta daude. «Ikasleen matrikulen zenbatekoaren proiekzioak ezinbestekoak dira euskal hezkuntza sistemako irakasle beharrak kalkulatzeko, formakuntza eskaria eskaintzarekin erlazionatuta», dio txostenak. Alegia, ikasle kopurua jaitsi ahala, ikusten dute ikastalde kopurua ere murriztu egin daitekeela: uste dute 4.200 talde gutxiago egongo direla; hau da, %23,9 gutxiago.

Ehunetakoetan, LHk izango du jaitsierarik handiena: 2.396 talde gutxiago (-%29,7) izango dira 2032rako. DBHk izango du hurrengo jaitsiera handiena: 1.004 talde gutxiago egotea espero dute, 2021ean baino %22,6 gutxiago. HHko bigarren zikloan, berriz, aldaketak daude: kalkulatu dute ikasgelak %20 murriztuko direla. Dena dela, uste dute aurtendik ikasle kopuruak eta ikasgela kopuruak egonkor eutsiko diotela. Batxilergoan izango da jaitsierarik txikiena: aurreikusi dute 129 talde galduko dituztela, %8,2.

Datuak horiek izanda, ez dute adierazi irakasle gutxiago egongo ote diren ala ez. Alabaina, aipatu dute datu horiekin eskola orduak %35,6 jaitsiko direla.

Datuetatik harago joanda, zenbait ondorio ere atera ditu Hezkuntza Sailak. Testuan aipatu dute, besteak beste, hezkuntza bermatu beharreko eskubide bat dela, eta, aldi berean, «baliabideen arrazionalizazio eta efizientzia ariketa bat» egin behar dela. «Horregatik, hezkuntza eskariaren egungo eta etorkizuneko egoera aurreikusi behar da eskura dauden baliabideekin, ikasle eta irakasle aldaketei aurrea hartuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.