Gaitzari buruzko ohartarazpenek aparteko larritasunik gabeak ziruditenean, eta orain, mamutzar bihurtu denean; beti adinaren aldagaia lehen lerroan ipini da COVID-19 eritasunaren arriskugarritasuna deskribatzeko orduan. Eta, lasaigarria izan daitekeelakoan, behin eta berriz errepikatu da adinekoentzat dela bereziki arriskutsua. Kezkagarria deritzo Deustuko Unibertsitateko irakasle Marije Goikoetxea psikologo eta etika gaietako adituak ikuskera horri. «Adinkeria» gordin ageri dela dio: «Esaten da, adibidez, lau pertsona hil direla, baina hiru zirela 90 urtetik gorakoak... Eta zer inporta du 90 urtetik gorakoak izateak? Hiru pertsona hil dira. Zer ari gara esaten? Zer ari gara transmititzen? 'Lasai, zaharrak hiltzen dira. Ez da inportantea?'». Arbuiagarri deritzo adinarekin lotutako datuak horrenbeste nabarmentzeari: «Atzean dagoen mezua da pertsona horien bizitzak gutxiago balio duela, gutxiago inporta dutela».
Gizarteak usu pertsona urtetsuak «homogeneizatzera» egiten duela salatu du Goikoetxeak, ñabardurarik gabeko multzo batean sartzera, eta horren erakusgarri dela gertatzen ari dena. «Aniztasuna askoz ere handiagoa da, baina adinekoak segituan lotzen dira patologia askorekin: hauskortasunarekin. Baina, adinekoen artean, zortzitik bi ez daude egoera horretan», azaldu du. «Askoz ere egokiagoa litzateke esatea, oro har, osasun egoera kalteberan daudenentzat dela arriskutsuagoa birusa; ez adinekoentzat bakarrik», azaldu du. «Izan ere, agian arriskutsuagoa da gaixotasun hau paziente onkologiko batentzat, osasun oneko 70 urteko pertsona batentzat baino». Bat dator uste horrekin Javier Yanguas psikologoa; aditua da zaharrekin lotutako gaietan, eta argi du «homogeneizazioak» kalte handiak dakartzala: «Maiz, edadekoak galtzaileen taldean sartzera egiten da: ez zait gustatzen irudi hori». Guztiz bidegabea deritzo, gainera, eta okerra: «Hirugarren adinekoez hitz egiten da era kolektiboan, baina 65 urteko pertsona batetik 90 urteko batera, alde handia dago; aita eta semea izan daitezke».
Egoera bidegabeak
Gainezka ari dira osasun sistemak koronabirusaren ondorioz, eta orain dela aste batzuk irudikatzen ere zail ziren egoerak gertu- gertu sentitzen dira orain: muturrekoak. Izan ere, ez dago argi sortuko diren premia guztiei erantzuteko gai izango diren osasun zerbitzuak, hau da, paziente guztiak behar bezala artatu ahal izango dituzten. Auzi etiko zailak sor daitezke hor, eta adinaren aldagaiak gai honetan hartu duen garrantzia zama arriskutsua izan daitekeela ohartarazi du Yanguasek: «Adinak irizpide bat izan behar du, baina ez bakarra». Bestela ere, erabaki zailak hartu behar izaten dituzte usu medikuek ospitaleetan. Orain are korapilatsuagoak izan daitezkeela iritzita, asteon bertan Espainian arta intentsiboetako osagileak batzen dituen Semicyuc elkarteak protokolo batplazaratu du, zeinean sor daitezkeen egoerei erantzuten laguntzeko irizpideak ebazten baitira: denentzat tokirik ez bada, pazienteen bizi esperantza eta balio soziala, biak hartuko dira aintzat.
Urak hain nahasita dauden honetan, etikaren eremutik hainbat protokolo ardaztu behar dira, Goikoetxearen aburuz, birusak ekarri duen eremu berri honetan ez lar labaintzeko: «Izan ere, adinekoen inguruan gizartea ulertzeko dagoen era honek egoera oso bidegabeetara eraman gaitzake». Uste du ospitaleetako arta ona bermatzeko ez ezik epidemiak ekarri dituen beste hainbat ondoriotarako ere atondu behar direla irizpide etiko horiek, eta lehenbailehen, gainera. «Ez da erraza; izan ere, denok hain nahasita gaude, halako kaos emozionala dugu... Ez da inoren errua. Baina antolatzen hasi behar dugu». Konfinamendurako ezarri diren arauek, esaterako, zahar asko aski egoera larrian utzi dituztela ohartarazi du. «Kontuz jendea bakartuta edukitzearekin; pairamendu handia eragin diezaiekegu pertsona askori. Ondo dago adinekoekiko ardura sentitzea, baina martxa honetan, azkenerako denok apartatuko gara haien ondotik». Ondorio larriak izan ditzakeela uste du: «Bada jendea hauskortasun emozional handia duena; bakartzea oso gogorra izan daiteke haientzat». Bat dator Yanguas: «Bakartzea beharrezkoa da, baina, hori onartuta ere, gai izan behar dugu bakartze neurrien atzean dauden errealitateak ikusteko». Adinekoekin hitz egiten jarraitu behar dela gogorarazi du: «Leihotik leihora, besterik ez bada ere».
Alde horretatik, kezkaz ikusi du egunotan Goikoetxeak, kutsatzeak eragozte aldera, bakartu egin dituztela zahar etxeetako egoiliarrak ere: ezin dute orain senitartekoen bisitarik jaso. «Zer gaude, erotuta? Bisitarik gabe utziko ditugu datozen hilabeteetan? Orain, bakartzea bera bihur daiteke arazo». Ulertzen du bat-bateko erabaki horien zergatia, baina horien ondorioak arintzeko neurriak hausnartzen hastea premiazkoa deritzo. «Datorren aste honetan bertan hasi behar dugu». Bakartze neurriek halako garrantzia hartu duten garaiotan heriotzak nolakoak diren ere ongigogoetatu behar dela uste du. «Osasun sistemaren humanizazioaz hausnartu behar dugu. Jendea hilko da pandemia honekin; baina hilko direnen kopuruan bakarrik ez genuke pentsatu behar: pentsatu behar genuke, era berean, nola hiltzen diren ere».
Gizartearen erantzuna
Epidemia gizartearentzat erronka handia dela onartu du Goikoetxeak: «Jendeari laguntzeko aski kohesio dugun ikusi behar da. Zer egingo dugu, esaterako, egun batetik bestera beren etxeko adinekoarentzako eguneko zentrorik gabe geratu diren familia horiei laguntzeko? Ez dago deus programatuta horrelako kasuetarako;ez dakit gizarte gisara prest gauden erantzuteko». Beste biderik ez dagoela oroitarazi du, ordea, Yanguasek: «Birus honek gogorarazi digu ahulak garela. Ahulak ginen lehen ere: baina ameskeria batean bizi ginen. Inork uste du modu indibidualean aterako garela honetatik? Kooperatibo izatea beste hauturik ez dugu».
Koronabirusa. Adineko pertsonak
BIRUSAREN ETA AURREIRITZIEN MENDE
Pertsona adintsuenekin aparteko oldarkortasuna du birusak; epidemiak biluzi egin ditu gizon eta emakume adintsuen inguruko aurreiritziak ere, bere gordinean. Esaterako, nekatu arte nabarmentzen da hildako gehienak zaharrak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu