Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. Aktoreak

«Azken muturreraino eramaten dugu barrea»

ETB1ek 'Barre librea' umore saioa estreinatuko du gaur, 22:30ean. Bakarrizketak eta esketxak tartekatuko dituzte; Garmendia eta Plazaola Getari Etxegarairekin eta Kepa Errastirekin batera arituko dira taldean.

EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Losers (Galtzaileak) antzezlanaren bira apirilean hasi behar zuten Aitziber Garmendiak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982) eta Jon Plazaolak (Urretxu, Gipuzkoa, 1982). ETB1eko Zure kasatik gure kasara programan aritu dira elkarrekin azkeneko asteetan.

Norena izan da saioa egiteko ideia?

AITZIBER GARMENDIA: Taldeko ideia izan da. ETBk berak eskatu zuen bakarrizketen formatu bat, eta horri guk forma eman diogu: esketxak sartu ditugu, baita jolasak ere. Getari Etxegarai eta Kepa Errasti sormen taldean gurekin egongo dira, eta eszenatokian ere bai. Horrez gain, gonbidatuak izango ditugu astero.

JON PLAZAOLA: Lauko sormen talde bat gara. Oso gustura gaude lanean, eta funtzionamendua oso ondo doa. Esperientzia aberasgarria izaten ari da.

Nolakoa da saioaren egitura eta nolakoa espazio fisikoa?

A.G.: Eszenatoki bat izango dugu, oso goxoa, guri babesa emateko atondu duguna. Sei eserleku egongo dira, etxeko egongela bat izango balitz bezala. Sei aktoreetako bakoitzak bakarrizketa bat botako du; hiru bloketan joango dira bakarrizketak. Bi bakarrizketen ostean, esketx bat eta inprobisazio joko bat egongo da, eta, horrela, hiru bloketan. Inprobisazioek freskotasuna emango diote saioari. Sarerik gabe jauzi egitea bezala izango da zenbait unetan. Hori ikus-entzuleentzat ere erakargarria izango da. Gaur gauean, estreinako atalean, Itziar Atienza, Ramon Agirre eta Miren Gaztañaga gonbidatuko ditugu bakarrizketak egitera.

J.P.: Orain arte, bakarrizketen saioak ikusi ditugu, El club de la comedia-ren formatuan, antzoki batean grabatuta, eta publikoarekin. Guk halakorik ez dugu izango. Egoera hori bertute bihurtu nahi izan dugu, eta horregatik elkartuko gara sei lagun. Bakarrizketa egiten duen aktore bakoitza beste bost lagunez inguratuta egongo denez, gu izango gara publikoa.

Telebista eremu ona da bakarrizketentzat?

J.P.: 19 urte ditudanetik egiten ditut bakarrizketak, eta telebista ez da tokirik onena. Kafe antzokiak, tabernak, areto txikiak... egokiagoak dira telebista baino. Horregatik, dinamika bat sortu dugu bakarrizketa laburrekin. Lauzpabost minutukoa izango da bakarrizketa bakoitza. Gure artean feedbacka bilatuko dugu. Bakarrizketak, edonola ere, ez dira soilik koronabirusaren ingurukoak izango. Gai guztiak ukituko ditugu.

A.G.: 0 atala grabatzen geundenean, sentsazioa izan nuen taldeko terapia batean bageunde bezala. Bakarrizketa botatzen duen bakoitzak bere kakak ateratzen ditu, terapia batean egingo lukeen moduan.

Plazaola, zu gaztelaniazko telebistetan aritu zara dezente azkeneko urteetan. Nola ari zara bizitzen euskarazko telebistagintzara itzultzea?

J.P.: Losers antzezlaneko bira atzeratu egingo da, eta, zorionez, ez dugu galduko. Baina patua, zenbaitetan, zer den: alde batetik kendu digutena beste alde batetik eman digute. Niretzat pertsonalki proiektu bat hutsetik sortzeak ematen didan irrikak, euskaraz izateak daukan garrantziak, eta guzti horren gainetik, Aitziberrekin izateak, asko motibatzen nau.

Gure kasa-n agertu diren pertsonaiak ikusiko al dira Barre librea-n?

A.G.: Bai, saiatu gara Gure kasa-n funtzionatu duten pertsonaiak programa berrira ekartzen. Beti defendatu izan dut gure artean elkar elikatzea garrantzitsua dela. Oso gutxi egiten den zerbait da, eta ez dut ulertzen zergatik. Saio berrian, bestalde, umore nahiko azidora eta beltzera joko dugu.

Familia eta etxe askotan egoera oso gogorrak bizi iztaen ari dira aste hauetan. Baina, orain, zer garrantzia du barre egiteak?

A.G.: Handia, askotan ez gara kontziente zer garrantzia duen umoreak. Duela egun batzuk bideo bat grabatu nuen Euskadi Irratirako, eta ordu gutxitan biral egin zen. Lasaitu nintzen, ikusi nuenean jendea eskerrak ematen ari zela itxialdian alaitasuna emateagatik. Esker oneko hitz horiekin guztiekin konturatzen zara zein garrantzitsua den jendeari komedia helaraztea.

J.P.: Bagara bi pertsona gustatzen zaiguna barrea azken muturreraino eramatea. Errespetuz, baina lotsarik gabe, egin dezagun barre:barre sano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.