Iker Aranburu.
GEURE KONTU

EB-Mercosur ituna, izozkailutik kanpo

2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Lau urte izozkailuan egon ondoren, Europako Batasunak eta Mercosurrek berriro jarri dute mahai gainean haien arteko merkataritza librerako akordioa. Erabat prest egon dadin, azken ukituak falta zaizkio, ordea, eta, egun hauetan ikusi denez, ez da erraza izango alde guztiak osagaietan ados jartzea.

1999an hasi ziren Mercosurren eta Europako Batasunaren arteko elkarrizketak, merkataritza librea modan zegoen garai batean, baina 2019ra arte ez zuten lortu adostasuna. Akordioaren muina sinplea da: EBk atea irekiko die Mercosurreko haragiari, sojari eta beste nekazaritza produktuei, eta, trukean, EBko industriak eta zerbitzuek ez dute trabarik izango Mercosurreko lau herrialdeetan aritzeko: Brasilen, Argentinan, Uruguain eta Paraguain.

Itunaren ezaugarri horiekin, ez da harrigarria itunak aurkariak izatea Atlantikoaren bi aldeetan. Ameriketan, industria kexu da erraldoi europarrek merkatu kuota handiak kenduko dizkiola. Europan, berriz, bi dira aurkako talde nagusiak: abeltzainak eta nekazariak, produktu merkeagoen beldurrez, eta ingurumenaren aldekoak, itunak Amazoniaren deforestazioa bizkortuko duela uste dutelako.

Batzuek zein besteek ezusteko aliatu bat izan dute orain gutxira arte: Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ultraeskuindarra (2019-2022). Ituna haren lehendakaritzaren hasieran iritsi zen, baina haren erretorika faxistak eta ingurumenaren aurkako ekintzek —haren agintepean %60 bizkortu da Amazoniaren deforestazioa, esku libreak eman dizkielako lur jabe handiei, agroindustriari eta meatzaritza enpresei— ituna berresteko gogoa kendu zieten europarrei, eta pandemiak eta Ukrainako gerrak beste lehentasun batzuk ekarri zituzten.

«Europa itzuli da»

Baina egoera aldatu egin da, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du aurten lotu nahi duela akordioa.Azken lau urteetan Hego Amerikako patioan sartu zaio Txina, eta hori kezkaz ikusi dute Bruselan, haren lehengaiak behar dituelako energia trantsiziorako, eta aliatuak behar dituelako hornitzaile bakarrekiko mendekotasunak txikitzeko.

Gainera, politikoki akordio baterako baldintzak betetzen dira, Bolsonaroren ordez, presidente fidagarriago bat itzuli baita Brasiliako boterera: Luiz Inacio da Silva, Lula. Harekin, Amazonia eta, oro har, ingurumena gehiago zaintzeko promesa.

Joan den astean Brasilen, Argentinan eta Ameriketako beste herrialde batzuetan izan zen Von der Leyen, «Europa itzuli da» mezuarekin. Baina Mercosurreko herrialdeak uzkurrago aurkitu ditu Von der Leyenek. Azken urteetan EBk zorroztu egin ditu ingurumenari buruzko bere araudiak, eta Mercosurrekin dituen itunean sartu nahi ditu. Azken finean, arau horiek diote ezin dela deforestazio baten ondorio den janaria EBn saldu.

Baldintza horiek oso gaizki hartu ditu Lulak, uste baitu aitzakia protekzionista bat dela Brasilen esportazioak mugatzeko. Aste honetan Europan izan da, Erroman lehenik, eta Parisen ondoren. Bidaia horren hitzordu nagusia, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin ostiralean izandako bilera. Hasieratik izan da uzkur Paris akordioarekin: lehenik, bere elikagai industria boteretsurako arriskutsua iruditzen zitzaiolako, eta, orain, ingurumen kontuengatik. Iragan astean Frantziako Asanbleak onartu zuen proposamen bat debekatzen duena EBkoen ingurumen eta osasun baldintzak betetzen ez dituzten produktuak Frantzian saltzea.

«Harrokeria» alde batera uzteko eskatu du Brasilgo presidenteak. «Nola izan dezakezu harreman estrategiko bat, zure bazkide estrategikoak mehatxatzen badituzu?», galdetu du Lulak, eta ultimatum bat eman dio EBri: urtea amaitu aurretik itxi behar da merkataritza ituna.

Urratsak egiteko aukera izango dute aste gutxi barru, Mercosurreko gobernuburuak parte hartzekoak baitira CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Mankomunitateak EBrekin izango duen goi bileran.

Urratsak nondik etor daitezke? Nekez onartuko du EBk bere ingurumen baldintzak ez betetzea, baina trukean agian onartu beharko du bere enpresei leku txikiagoa egitea lehiaketa publikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.