Hau hasi besterik ez da egin. Beharbada horregatik ez da erraza konturatzea datozen itzelezko aldaketez. Egia da ere batzuetan historia begi aurrean pasatzen dela, ageri-agerian, Dorre Bikien erasoarekin bezala. Eta bitartean, ia oharkabean herritar soilarentzat, gehienetan historia azpiko korronteetan mugitzen da, noizean behin zurrunbiloren bat urazaleratzen dela. Euskal gizarteak ikusi zituen 80ko urteetako Euskalduna Zubiko barrikadak, eta ohartzerako, birmoldaketak, bere itzal eta argiekin, ia erabat transformatu zuen sare industrial eta ekonomikoa.
Orain are aldaketa handiagoa dator munduko ekonomiara eta herritarren bizimodura; mundua erregai fosilak atzean uztera doa, eta eraldaketa sistemikoa dakarren trantsizioaren korronte handiak abian dira; askorentzat oraindik oharkabean, nahiz eta haren lehen zurrunbiloak jada ikusten diren, hala nola argindarraren prezio errekorra edota Tubacexeko kaleratzeak...
Etorkizunera begira, esan gabe doa zenbateraino izan daitekeen garrantzitsua trantsizio ekologiko, energetiko zein digitalaren joera nagusiak eta haiek hartuko dituzten norabideak ezagutu eta ulertzea. Edo gutxienez aldaketa handiak datozela jabetzea, ohartzea. Funtsezko lehen urrats bat da, fundamentuzko eztabaidak izan eta ganorazko erabakiak hartu nahi badira.
Ariketa horretarako lagungarriak izan daitezke EHUko Udako Ikastaroetan ostegun arratseko mahai inguruan aipatutako gaietako batzuk. Euskal Herriko industria-birmoldaketetatik zer ikasi dugu deskarbonizaziorako trantsizioari hobeto aurre egiteko? titulupean eta gazteleraz, sakoneko korronteak antzematen adituak eta arituak diren lau lagun jardun ziren gogoetan: Sara de la Rica, Euskal Herriko Unibertsitateko ekonomia katedraduna, lan merkatuan espezializatua eta Iberdrolako kontseiluko kidea; Juan Jose Ibarretxe, Agirre Lehendakaria Centerreko presidentea eta EAEko lehendakari ohia; Cristina Oion, Teknologia, Berrikuntza eta Iraunkortasuneko zuzendaria SPRIn; eta Jose Ignacio Hormaetxe Euskadiko Energia Klusterreko zuzendari nagusia.
Transformazioek irabazleak eta galtzaileak sortzen dituztela larrutik ikasitako lezioa izan zen euskal enpresa eta herritar askorentzat 80ko urteetako birmoldaketa industrialetan. Eta orain aldaketa askoz ere handiagoa izango denean, derrigorrezkoa da hori gogoratzea.
Deskarbonizaziorako trantsizioan sortuko dira lanpostu berriak, enpresa berriak, sektore ekonomiko berriak, aukerak egun dauden industrientzat ere. «Horregatik izango da oso garrantzitsua lehentasunetan asmatzea trantsizio energetiko horretan». Jose Ignacio Hormaetxearen ustez, euskal ekonomiak aukerak eta denbora mugatuak ditu. «Horregatik, batetik, ondo aukeratu behar dugu zein den karbono emisioak murrizteko herri gisa egin dezakegun ekarpen eraginkorrena; eta bestetik, teknologia eta industria apustuekin asmatu behar dugu. Ez dugu baliabiderik arlo guztietan apustuak egiteko».
Energia Klusterreko buruak, epe desberdinak aipatuz, irabazleak sorgailu eolikoetan, argindar sare adimentsuetan, hidrogenoan ikusten ditu. Baina oso epe motzean mehatxupean egon daitezkeen sektoreak ere ikusten ditu: argindarraren erabileran intentsiboak diren sektoreak eta karbono emisioak murriztea oso zail eta garesti duten sektoreak.
SPRIko Cristina Oionek ere aipatu zituen argindarrean intentsiboak diren enpresak. «Kezka Handia hori delako, nola enpresa batzuk izan daitezkeen lehiakorrak Europako Itun Berdeak ezarritako neurriak bete behar dituztenean, eta beste herrialdeetako lehiakideek ez».
Ezin da oharkabean pasa: galtzaileak asko izan daitezke. Asko, ez bada ezer egiten, Sara de la Ricaren aburuz: «Epe motzera, aldaketa disruptiboa izango dela uste dut, eta sektore osoak izango direla erabat kaltetuak klima aldaketa apaltzeko hartu beharreko neurriengatik, eta, aldiz, beste sektore batzuei mesede egingo diela. Eta sektoreez ari naizela, pertsonez ari naiz, langileez. Honekin [deskarbonizaziorako trantsizioarekin] transformazio digitalarekin antzematen den fenomeno bat are gehiago larrituko dela uste dut: desberdintasun sozialaz ari naiz. Galtzaileak eta irabazleak daudenean, gizartea polarizatuz joaten da, eta lan merkatua ere polarizatuko da. Egongo dira kolektiboak eta enpresak ondo lerratuta klima aldaketa apaltzeko beharrezko ekoizpen berrietara; baina beste batzuk lerrotik, jokotik kanpo, geldituko dira».
De la Ricak ikuspegi soziala eskatu zien enpresei. «Beldur handia ematen dit, aldatzera behartuta egon daitezkeen enpresa horiek alde sozialaz ahaztuko direla, eta aldaketak kaleratzeen bidez egingo dituztela, formakuntzaren bidez talentua eta adina kudeatu beharrean».
Europaren egungo erabakitzeko moduez sinesgogor, Juan Jose Ibarretxek ere ikuspegi sozialaren garrantzia azpimarratu zuen. «Europa zaharra munduan jarriko duena ongizate estatua izango da. Munduari erakustea gai garela kudeaketa arrazoizko eta adimentsua egiteko sozioekonomiaz, eta, aldi berean, jenderik ez uzteko bide bazterrean. Hori da, gutxi asko, egiten saiatu ginena eta 80ko urte lazgarri haietatik atera genuen ikasgai nagusia».
Trantsizio hau hasi besterik ez da egin, baina presarekin jaio da, larrialdiak behartuta. Eta, ez dauka atzera-bueltarik, mahai inguruko entzuleen artean zen Antxon Olabe ekonomista eta klima aldaketan adituak ondoko hitzaldian azpimarratu zuen bezala. «Sistema fosila munduko ekonomiaren bizkarrezurra izan da duela 250 urtetik. Eta hori amaitzear da. Bizkorrago edo motelago joango gara, kontraesan ugari egongo dira, baina ontzi hori itsasoratu da, eta ulertu behar da erregai fosilik gabeko mundu baterantz goazela. Eta ez dagoela atzera-bueltarik, larrialdiak presio handia eragiten duelako gobernuetan, eta nahitaez erantzun egin behar zaiolako. Eta gurea bezalako herri txiki batek hor kokatzen jakin behar du, eta, gure deskarbonizazioa egiteaz gain, begiratu behar dugu nola baliatu joerak eta aukerak».
Horretaz jabetzen ez denari zer gertatuko zaion argi dauka Olabek.«Konturatzen ez denari eta garaiz kokatzen ez denari olatua gainetik pasako zaio, eta 20-30 urteren buruan jabetuko da aukera galduez». Ohartzerako berandu.