Ekonomia ikasketak egin zituen, herri mugimenduen teoriari eta kontrakulturaren historiari buruz idazten du, eta Contracultura aldizkariaren koordinatzaileetako bat da. Horrez gain,La apuesta perdida liburua (Bellaterra, 2021) idatzi du Pepe del Amok (Madril, 1997) Cristina Barrial kazetariarekin batera, joko aretoak ertz askotatik aztertuz. Madrildik, telefonoz hartu du BERRIA.
Ze harreman dago joko aretoen eta putre funtsen artean?
Codere, Sportium eta halako enpresak txanpon makinekin hasi ziren,eta makina horietatik atera zituzten onurekin beren jarduna zabaldu zuten. Orduan hasi ziren nazioartean zabaltzen; Hego Amerikara batez ere. Beti handinahi jokatzen dute halako enpresek, eta azkenean zor asko pilatzen hasi ziren. Hor sartzen dira jokoan putre funtsak. Blackstoneren gisakoek, esaterako, zor haiek erosi zizkieten, eta, beraz, orain enpresa horien jabetzaren zati handi bat putre funtsena da.
Putre funtsei ez ezik, nori egiten dio onura jokoaren negozioak?
Ez dio inori zuzenean onura bat ekartzen, baina egia da gaur egungo hirien eraikuntzak modu kapitalista erreproduzitzen duela. Horri guk liburuan kakaren kanporatzea deitzen diogu: txarra den guztia periferiara botatzen da. Horri jarraituz, adibidez Madrilgo Udalak diru mordoa atera zuen joko aretoak eraikitzeko lokalak putre funtsei salduz.
Egiturazko fenomeno bat da joko aretoena?
Joko aretoak errenta erauzteko modu bat dira. Ez da ohiko onura ekonomiko bat; herritarrak ludopatizatzeko modu bat dago, kapitalak onura ateratzeko dauzkan tekniken barruan kokatzen dena.
Liburuan, desirari buruz ere hitz egiten duzue; prekaritatetik irteteko desiraren inguruan, hain zuzen.
Bai. Joko aretoen dinamika hori bereziki diseinatuta dago jokalariek dirurik ez irabazteko, baina hala ere egoeraren kontrola daukatela sinetsarazteko; merituak jokalarien araberakoak direla saltzen dute. Baina bereziki garrantzitsua da bizitza hobea izateko desira hori nola zapuzten den.
Nola?
Baldintza prekario batzuetatik irteteko desira guztiz desira gizatiarra da; esan daiteke desira antikapitalista bat ere badela. 70eko hamarkadako lana ezeztatzeko eskaerak zerikusia dauka horrekin; desira bera da, baina pribatizatu egin dute. Alde horretatik, liburuan kritika egin nahi izan diegudesira horri uko egiten dieten ezkerreko diskurtsoei. Nahi hori gure egunerokoan dago. Nor ez da kokoteraino egon lanegun luze bate ondoren? Kontua da nola betetzen dugun desira hori: bide kolektiboen bidez edo pribatizazioaren bidez.
Gazteek gero eta gehiago jotzen dute jokora. Enpresek jokalariaren inguruan sortzen duten gizon zuri eta arrakastatsuaren estereotipoak erakartzen ditu?
Bai. Horrez gain, enpresa horiek komunikazio kanpainek asko jotzen dute komunitatearen kontzeptuarekin. Zure betiko futbol taldearekin lotzen dut, arrakastarekin, lagunekin batera jokatzearekin... Desira hori badago, baina gazte horien bizi baldintzak ere garrantzitsuak dira: galduta eta etorkizuneko espektatibarik gabe dagoen belaunaldi batentzat, errazagoa da joko aretoak ihes egiteko leku gisa ikustea. Eta, azkenik, beste galdera bat egin beharko genioke geure buruari: zergatik hasi da joko aretoaren gaia argitara ateratzen orain, etorkizuneko eragile produktiboak izango diren gazteei eragiten hasi zaienean?
Zertan eragiten du, beraz, klase sozialak joko aretoen auzian?
Klaseak etengabe zeharkatzen du joko aretoen auzia. Joko aretoak langile auzoetan hedatu dira gehienbat, eta, esan bezala, langile klaseari errentak etengabe erauzteko modu bat izan da, batez ere migranteei. Gainera, uste dut konponbidea ere klase perspektiba batetik planteatu behar dela; beste borroka eta arazo ugari batzen dituen elementu bat delako.
Aretoak langile auzoetan hedatu direla diozu, eta auzo horietan komunitatea sortzeko dagoen espazio faltarekin ere lotu duzue liburuan.
Hiriko espazioa beti egon da pribatizatuta, baina kasu honetan askoz oldarkorragoa da. Liburuan, adibidez, migranteen kasua azpimarratu nahi izan dugu. Poliziak, lehen, iskanbilak konpontzeko funtzioa zuen, baina, orain, funtzio prebentiboa dauka; halako auzoetan beti dago presente. Beraz, Poliziak hartzen dituen espazioek eta kontsumorako espazioek sortutako presioaren ondorioz, normala da migranteek joko aretoetara jotzea, sozializatzeko eremu segurutzat jotzen baitute.
Zer ondorio dauzkate aretoek auzo horietan?
Joko enpresak asko saiatzen dira arazoak indibidualizatzen. Ludopaten gainean erru sentimendu bat dago, eta isiltasun handia. Baina arazoa gizartearen desegituraketa da. Beraz, uste dut interesgarriena ez dela joko aretoek zer ondorio dituzten aztertzea, horiek askotan ludopatarengana jotzen baitute, eta hura errudunago sentiarazi. Interesgarriena litzateke aztertzea zer baldintzak eragin duten fenomeno horretan.
Nola eragiten du generoak auzi honetan?
Genero ikuspegia lagungarria zaigu ulertzeko zergatik jokatzen duten emakumeek, baina baita gizonek zergatik jokatzen duten argitzeko ere. Gizonek onura pertsonala bilatzen dute; emakumeentzat, berriz, errealitatetik ihes egiteko modu bat da. Generoak ere etengabe zeharkatzen du joko aretoen auzia. Emakumeak beranduago joaten dira terapiara, erruak asko eragiten dielako. Emakume ludopaten artean indarkeria jasan dutenen tasa ere oso handia da. Ludopataren profila gizon gazte batena dela uste dugu, baina beti ez da horrela.
Joko aretoak. Pepe del Amo. Ekonomialaria
«Joko aretoek bizi baldintzak hobetzeko desira pribatizatu dute»
'La apuesta perdida' liburuan, putre funtsen eta joko aretoen arteko harremanaz idatzi du Del Amok, baita arazoa «klase ikuspegi batetik» landu beharraz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu