Irune Lasa.
GEURE KONTU

Motozerra Argentinan

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Gauza gutxi beldurgarriago tximino bat motozerra eskuan duela baino. Eta irudi hori ezin saihestu Javier Mileirekin. Argentinako lehendakaritzarako alderdien primarioetan, ustekabean botoen %40 lortu ditu eskuin muturreko ekonomistak, eta haren proposamen ekonomikoetako nagusiak, hain zuzen, Motozerra plana du izena.

Etxe Arrosara iritsi bezain pronto nahi du —eta hitz horiekin dio— «motozerra sartu gastu publikoan». Di-da batean BPGaren %13ko murrizketa egingo duela iragarri du. Asmo horien laburpen ona da sare sozialetan birala egin den bideoa, non ministerio bat bestearen atzetik deuseztatzeko arrazoiak azaltzen dituen.

Eztabaida gehiago piztu du Mileiren beste proposamen batek: Argentinako ekonomiaren dolarizazioak. Hori da, haren ustez, herrialdeak bizi duen inflazio handia mugatuko lukeen neurria, banku zentralaren finantziaketa etengo bailuke.

Orain ustekabean Mileik Argentinako lehendakari izateko aukera duela ikusita, jada galdetu diote nola egingo lukeen dolarizazioa, eta nola egingo duen Kongresuaren oniritzia lortzeko. «Plebiszitua», erantzun du. Egia da, bestalde, herrialdea jada dolarizatua dagoela zati handi batean. Pesoan konfiantzarik izan gabe, argentinarrek dolarretan aurrezten dute, dolarretan erosi ondasunak, eta dolarretan ezarri prezioak.

Neurriarekin kritikoenak direnek ere onartzen dute dolarizazioarekin printzipioz inflazioari eustea lortuko litzatekeela, baina hazkundea esportazioetako diru sarreren menpe geratuko litzateke erabat. Hots, gauzak ondo joanez gero, ondo. Baina, nazioarteko egoera edo lehengaien prezioak ahulduz gero, Argentinak ez luke ekonomia shocketatik babesteko modurik izango. Dolarizazio erabatekoak onura baino kalte gehiago egingo luke.

Dolarizaziorako baluke, hala ere, gainditu beharreko beste koska bat: dolarrak behar direla, eta ez gutxi. Blue dolarraren egungo trukean —dolarra 780 pesotan aldatu da aste honetan merkatu paraleloetan— base monetarioa 9.300 milioi dolarrekoa litzateke.

Herrialde esportatzailea denez, Argentinak atzerrirako egindako salmentetan du dolar iturri nagusia, baina une zailari lehorte gogorra batu zaio, eta esportazioei kalte egin —20.000 milioi dolarretan, zenbait iturriren arabera—. Ondorioa da Argentinako banku zentralak uneotan ez duela dolarrik. Areago, 8.000 milioi dolarreko zenbaki gorriak ditu erreserbetan.

Horrek, besteak beste, esan nahi du herrialdeak ez dituela betetzen NDF Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako helburuak. Ez da berria; bata bestearen atzetik Argentinak ez ditu bete funtsak ezarritako baldintzak. Haiek 2018ko akordiotik datoz. Mauricio Macri eskuindarra presidente zela, krisian zegoen herrialdea, 57.000 milioi dolarreko mailegua eskatu ziolako NDFri.

2022. urtean, Alberto Fernandez peronista Etxe Arrosan zela, akordioa berriz negoziatu zuten bi aldeek, ikusita Argentina ez zela maileguak itzultzeko gai izango. Ordurako 44.000 milioi jasoak zituen herrialdeak.

Ekain honetan bertan,zorra birfinantzatzeko 4.000 milioi dolarreko ordainketa bat ukatu zion NDFk, defizit eta erreserba helburuak ez betetzeagatik.

Gero, uztailean, lehortearen eragina gogoan, NDFk jaitsi egin zion nazioarteko erreserbatan izan beharreko kopurua, 8.000 milioi dolarretik 1.000 milioira. Hori bai, defizit fiskalaren helburua ez zion aldatu: urte bukaerarako defizita %2,4 ingurutik %1,9ra murrizteko eskatzen dio oraindik ere NDFk Argentinari.

Uztaileko negoziazioetan, 7.500 milioi dolarreko ordainketa baterako akordioa lortu zuen Argentinak. Diru horrek Buenos Airesera abuztu bukaeran iritsi behar du teorian, azken azterketa «tekniko» baten ostean. Orain, bilera teknikoa izan behar zuen horretara Sergio Massa Ekonomia ministro eta peronisten hautagaia joango da, asteazkenean.

Izan ere, diru behar larrian dago Argentina, zorrak ordaindu ezinik geratzea eragotzi nahi badu. Merkatuetan finantzatu ezinik dabilela, 2.600 milioi dolarren zorrak kitatu beharko lituzke datorren urtean, eta 5.600 milioirenak 2025ean.

Egoera are gehiago nahastera etorri da Mileiren garaipena. Ordainketa etena ia emantzat jotzen dute merkatuek. Eta gerta daiteke NDFk ezer ez egitea, eta birfinantzaketarako diru gehiago ez ematea abendura arte, hauteskundeen hautsak pausatu eta zer gertatu den ikusi arte.

Bitartean, gobernuak NDFren beste eskaera bat bete du, astelehenean bertan debaluatu baitzuen pesoa, eta dolar batek 350 peso balio ditu orain —780 peso merkatu paraleloetako blue dolarrak—.

Baina defizitaren murrizketa baldintzak, austeritatearen Damoklesen ezpatak, hor dirau. Horretan ez dago eztabaidarik. Argentinak doikuntza zorrotza egin beharko du, berdin du hauteskundeak nork irabazi.

Massa ari da jada gastuetan doitzea egiten bere ministeriotik, inflazioak lagunduta. Eskuineko hautagai Patricia Bulrichek ere gastu publikoaren murrizketa handia agindu dio NDFri.

Eta Mileik funtsari esan dio hark eskatutakoa baino murrizketa handiagoa egingo duela gastu publikoan: bost puntukoa. Motozerra. Omen, NDFk galdetu zion nola egingo zion aurre horrek gizartean piztuko zuen suari. Ultraeskuindarraren erantzuna izan zen doitzeak ez diela herritarrei eragingo: «estatuaren erreforma bidez» egingo dela.

Aizkora edo motozerra, %40ko pobrezia eta %113ko inflazioa nozitzen ari den herrialdean badituzte beldurtzeko arrazoiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.