Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Gerrara, norberak egindako fusilarekin

2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Ez da aste erraza izan antimilitaristentzat. Bonba, misil eta fusilen hotsek jarraitzen dute Ukrainan —eta Yemenen, Malin, Sirian, Myanmarren...—, eta munduko aliantza militar handienak erabaki du Gerra Hotzaren erretorika berreskuratzea eta bere burua berriro armatzea, uste baitu etsaiak eta aurkariak ugaritzen ari zaizkiola ekialdean.

Urteak zeramatzan NATOk existitzeko arrazoi baten bila—«garun heriotzan», Emmanuel Macronen hitzetan—, eta, Ukraina inbadituta, arrazoi ezin hobea eman dio Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Madrilgo goi bileran berpiztu da hildakoa, eta han zegoen, gogotsu, Macron bera.

Ez da gauza berria NATOren aitabitxiak, AEBek, aliantzako beste kideei eskatzea beren gastu militarra handitzeko eta barne produktu gordinaren %2ra iristea. Purrustadekin Donald Trumpek lortu ez zuena Joe Biden aise lortzekotan da. Eta, bide batez, lurperatzen ari da Europako Batasunak bere defentsa sistema propioa garatzeko aukera. Putinen oldarkortasunaren aurrean, Pax Americana.

Industria militarra

Berrarmatze hori opari ederra da AEBetako armagintza industria handiarentzat, beren lobby lan nekaezinaren saria eskuratuko baitu. Baina ez da AEBetakoa enkargu sorta handia jaso dezakeen arma industria bakarra. Espainiako Gobernuak ere nahi du pastelaren bere zatia, eta jada hautatu du noren bitartez egin nahi duen: Indra.

Garraioetan, telekomunikazioetan eta energia sektorean aritzen da Indra, eta haren %26,5 dauka Espainiako Estatuak, SEPIren bitartez. Adar militar oso inportante bat ere badu, eta horri lehentasuna emateko mugimendutan ari da Madril. Haren ekinaldiz, aurreko asteko administrazio kontseiluan, kargutik kendu zituzten bost kontseilari independente, ez ziotelako babesik eman konpainiako buru Marc Murtrari eta hark gidatu nahi duen aldaketari. Protesta gisa, kargua utzi dute beste hiruk, Ignacio Martin Gamesako buru izandako donostiarra barne.

Kargugabetze horretan, SEPIk bi aliatu izan ditu: Joseph Oughourlianen Amber funtsa eta Aperribai familiaren armagintza enpresa, Andoaingo SAPA. Ondorioz, Indrako kontseiluan sartu du Jokin Aperribai SAPAko buru eta Realeko presidentea.

CNMV merkatuen arautzailea operazioa ikertzen ari da, SEPIk gobernu korporatiboaren arauak hautsi ote dituen ikertzeko; zehazki, ebatzi beharko du SEPIk eta beste akziodunek elkar hartuta jokatu ote zuten konpainiaren kontrola hartzeko, arauek baitiote hori egitekotan akzioak erosteko operazio bat abiatu beharko luketela.

CNMVk eta epaitegiek kontrakoa erabakitzen ez duten bitartean, eskuak libre izango ditu Murtrak. Akziodunen aurrean aste honetan egindako hitzaldian, ez zuen ezkutatu Indra Madrilgo gobernuaren zerbitzura egongo den enpresa bat izango dela, «Europako inbertsio proiektu handiak gobernuek hautatzen dituzte eta».

ITP, zintzilik

Euskal Herrian eragin zuzena izan dezake Indraren operazioak, enpresa hori baita Madrilek ITP Aeron muturra sartzeko baliatu nahi duen tresna. Rolls Royce ITP Aero Bain Capital funtsaren esku uzteko baimenaren zain dago, baina Madrilek muturra sartu du operazioan, ITP armagintzan ere aritzen dela argudiatuta. Bain Capitalek akzioen %30 gorde behar izan ditu Espainiako Gobernuaren gogoko akziodunentzat. Han dago jada SAPA (%5), eta ziur aski han izango du lekua Indrak; orain ez bada, aurki. Operazio hori ekainaren 30a baino lehenago konpontzeko konpromisoa zegoen, baina luzatzen ari da.

Eusko Jaurlaritzak ere adi ikusi ditu azken egunotako mugimenduak, berak ere esku hartu nahi duelako ITP Aeroren kapitalean, partaidetza txiki batekin, enpresa Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko. Azken asteetako «zirimola» baretzeko zain dago Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, bere aukerak zeintzuk diren ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.