Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Pandak Txinara: aro bat amaitzen ari da

2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Joan den asteazkenean, Mei Xiang eta Tian Tian bikotea eta haien seme Xiao Qi Ji Washingtondik Pekinera itzuli ziren. Hegazkinez joan ziren, baina kaiola baten barruan, hirurak panda hartzak baitira. Haien bidaiak aro baten amaiera irudikatzen du: panda diplomazia deitutakoarena. Izen hori jaso zuen 1940tik aurrera Txinako gobernuek adiskidetasun keinu gisa pandak oparitzea edo mailegatzea atzerriko zoologikoei. Keinu esanguratsuena 1972an gertatu zen: Richard Nixon AEBetako orduko presidenteak Txina Sobietar Batasuneko orbitatik ahalik eta gehien urrundu nahi zuen, eta, antikomunista sutsua zen arren, Pekinera joan zen. Bi pandarekin itzuli zen etxera, eta gehiago iritsi ziren hurrengo urteetan.

Orain, apurka-apurka, panda guztiak etxera itzultzen ari dira. Erabakiari kutsu politikoa kendu dio Pekinek, baina egia da orain egoera desberdina dela. Txinak Sobietar Batasunaren lekua hartu du, AEBetako lehiakide geopolitiko eta ekonomikoaren lekua. Jada ez da nekazari pobreez populatutako herrialde umiliatua, baizik eta ekonomikoki, politikoki eta militarki AEBen hegemonia lehiatzen duen herrialdea, bere historiari eta orainari harro begiratzen dion herrialde bat.

Hurrengo egunotan, panden kontrako bidea egingo du Xi Jinping Txinako presidenteak. Washingtonera ez, San Frantziskora joango da, APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanaren bileran parte hartzera. Ezusterik ez badago, Kaliforniako hirian Joe Biden AEBetako presidentearekin bilduko da, asteazkenean. AEBetara egin zuen azken bidaian, leku informalago batean egin zuen hitzordua AEBetako orduko presidente Donald Trumpekin: azken horren Mar a Lago klubean, Floridan.

Pandarik, oroigarri kitsch-ik edo beste opari fisikorik ez da espero Bidenen eta Xiren arteko bilera horretan, baina bada itxaropen txiki bat lagunduko ote duen Txinaren eta AEBen arteko tentsioa baretzen.

«Lehia arduratsua»

Giro politiko gaiztoa ez da berria —Trumpek Txinaren aurkako erretorika eta zigorrak erabili zituen, Xiren aldeko laudorioekin uztartuta—, baina Bidenekin jo du goia. Kontrolpetik atera aurretik, azken hilabeteetan eztabaida lasaitzeko saioak izan dira. «Bi herrialdeen arteko lehia arduratsua bilatzen dugu, ez dadin gatazka bilakatu», esan zuen Bidenek irailean, NBEren egoitzan.

Beste zerbait ere esan zuen: orain AEBen helburua ez da Txinarekiko lotura haustea, harreman horrek dakartzan arriskuak arintzea baizik. Hau da, Europako Batasunaren estrategia bera, de-risking izenekoa, nahiz eta azken hilabeteetan Brusela bera den Pekinekiko harremanak tenkatzen ari dena, haren auto elektrikoen eta haize erroten inportazioen inguruan ikerketa abiatuta.

Estrategia praktikoagoa da, oso handiak direlako AEBen —eta EBren— harreman ekonomikoak Txinarekin, eta elkarren beharra dutelako: munduko bloke ekonomiko garrantzitsuenak izanik, bata bestearen bazkide komertzial handienak dira, eta hori oso arrazoi ona da soka gehiegi ez tenkatzeko.

Baina, aldi berean, tentsioaren lehen ondorioak ikusten ari diren zantzuak ikusi dira aste honetan. Batetik, merkataritza harremana txikitzen ari da. Urrian, Txinak AEBetara egindako esportazioak %15,4 jaitsi ziren, eta handik egindako inportazioak, berriz, %5,8. EBrekiko joera bera da, baina ez hain zorrotza: esportazioak %10,6 txikitu dira, eta inportazioak, %1,3 —gehiago jaitsiko ziren baldin eta Txinak ez balitu Herbehereetako ASMLren mikrotxipak saldoka erosi, AEBetako zigorrei aurre egiteko—.

Berez, Txinaren nazioarteko merkataritza osoa jaitsi da (-%6), eta faktore bat haren ekonomiaren hazkunde motelagoa da, baina AEB eta EBrekikoak gehiago apaltzeak bi mugimendu irudikatzen dituela aipatu dute analista batzuek: Asiako beste herrialde merkeago batzuetara mugitzen hasi dela hornidura katea —Vietnamera eta Indonesiara, esaterako—, eta ekoizpenaren zati bat jatorriko herrialdera itzuli dela.

Globalizazioaren aroak

Eta azken horren susmoa indartzeko, beste datu bat iritsi berri da: lehen aldiz 1998an datuak biltzen hasi zirenetik, atzerriko kapital gehiago atera da Txinatik han inbertitutakoa baino. Txinako interes tasa txikiagoen ondorio izan daiteke, baina baita beste joera batena ere: arrazoi ekonomiko hutsek gidatutako globalizazioaren amaieraren hasiera, eta aliatu politikoen blokeetan oinarritutako globalizazio baten hasiera.

Aroen arteko trantsizio hori gatazkatsua ala baketsuagoa den, hori da azken finean Bidenen eta Xiren arteko bilerek finkatu dezaketena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.