Gerrako bi ume goiburua du Imanol Basañez Goiriren (Bilbo, 1930) familiak haren bizitzaren pasarteekin ondu duen liburu mardulak. Azalean, Imanol eta Juan anaiak ageri dira, sepia koloreko argazki zahar batean, haur garaian. «Gerrako bi ume... Bada, horixe izan ginen gu». Begirada xaloarekin so egin dio esku artean duen liburuari, eta lehen orriak zabaltzearekin batera egin du denboran atzera: 1937ra, hain zuzen. Urte hartan erbesteratu zituzten bera eta anaia Belgikara. Gerrako ume dira ordutik, betirako.
Ikusi gehiago:BELDURRETIK IHESI, ELKARTASUNERA
Bilbotik erbestera eraman zuten eguna ezin ahaztua dauka Basañezek. Ezin ahantzi baitaiteke sorterritik eta familiarengandik gogoz kontra banatzeko momentua. «Gogorra izan ote zen? Pentsa! Ume bat nintzen, eta nire aitarengandik banandu ninduten Santurtziko portuan». Gerraren ondorioz, haurrak babesean jartzeko ebakuazio sistema bat jarria zuen Agirre lehendakariaren gobernuak ordurako, eta, 1937. urte hartan, maiatzetik ekainera bitartean, 19.000 haur atera ziren Santurtziko portutik (Bizkaia) Europako hainbat herrialdetara bidean: Frantziara, Britainia Handira, Sobietar Batasunera eta Belgikara eraman zituzten gehienak. Gurasorik gabe, bakarrik. Horrela joan ziren Basañez anaiak erbestera.
Beste hainbat umek bezala, gerraren bonbardaketek eta hegazkinen orroek sortutako izutik ihes egin behar zuten. Gurasoek erabaki zuten bi semeak babesean jartzea —beste hiru anaiak Bilbon geratu ziren—, eta Habana ontzira igo zituzten 1937ko ekainaren 1ean. Egun hori iltzatuta dauka memorian Basañezek: «Nik ez nuen joan nahi, eta apaiz batek aitaren besoetatik tiraka askatu ninduen. Indarrez igo ninduten Habana itsasontzira, ni ostikoka eta negarrez ari nintzela, eta garrasika esan nion aitari: 'Aita, ez dut joan nahi! Zurekin geratu nahi dut, hilko zaituzte eta!'». Bere garrasiek portuko isiltasuna «urratu» zutela gogoan du Basañezek.
7 urte bete zituen egunean bertan irten zen Habana ontzia Santurtzitik, egunsentiarekin, Bilbo frankisten mende jausi baino egun batzuk lehenago. Itsasontzian 3.728 iheslari zihoazen; gehienak, haurrak: 2.318 inguru. «Aitak gela bat ordaindu zuen anaiarentzat eta biontzat, eta beste bi lehengusinarekin joan ginen». Handik egun batzuetara, La Palliceko portuan lehorreratu ziren (Arroxela, Frantzia). Bertan, hamabost egun igaro zituzten kanpaleku batean, harik eta tren batean Bruselara eraman zituzten arte. Bi urte eman zituzten han, Saint-Viateur apaiz institutuan, barneko ikasle gisa.
Ikusi gehiago:«Askotan pentsatu genuen SESBera itzuli behar ginela»
Gurasoengandik urrun egotea oso latza izan zen Basañezentzat: «Nolakoa izan zen erbestea? Izugarri bakarrik sentitzen ginen». Nolanahi ere, institutuko apaizen tratua «oso ona» izan zela aitortu du, eta lagun berri asko egin zituela, tartean Jacques Brel abeslari famatua: «Kaniketan jolasten ginen». Frantsesa sei hilabetean ikastea lortu zuen, baina gazteleraz hitz egiten «zeharo» ahaztu zitzaion.
9 urte zituela bueltatu zen anaiarekin Euskal Herrira, Donibane Garazira (Nafarroa Beherea), aita han baitzuten zain. Ama oso gaixorik zegoelako erabaki zuen aitak bi semeak erbestetik itzularaztea. «Ama, gu ikusi orduko, osatzen hasi zen. Seguru naiz bihozminez gaixotu zela, semeak ez ikusteagatik». Urtebete geroago itzuli ziren Bilbora, aitonaren etxera, artean gerra amaitu gabe zegoela. Handik lau urtera bueltatu ziren etxera gainerako senideak.
Gernikatik Frantziara
Senarraren azalpenak adi entzun ditu Miren Karmele Lauzirika Otaoleak (Gernika, Bizkaia, 1936), eta noizbehinka haren hitzak moztu ditu, bere bizipenak kontatzeko: «Guk ez genekien zer zen gerra bat: ez genuen inoiz gerrari buruzko dokumentalik ikusi; ez genuen erreferentziarik. Hori esatea ere garrantzitsua da bizi izandakoa ulertzeko». Lauzirika bera ere gerrako ume bat izan zen, nahiz eta ez duen bere erbesteratzearen kontzientzia zehatzik: «Hilabete gutxi batzuk nituen... Sei bat? Ez dakit». Gurasoek kontatutakoari esker osatu du iragana. Eta memorian du gorderik.
Gernikaren bonbardaketaren ostean, Frantziara ihes egin zuen haren amak, hiru seme-alabekin. «Nire aita kontzentrazio esparru batean zegoen orduan, eta gu gerratik ihesean.... Zein egoera tristea», kontatu du. Santandertik (Espainia) abiatu ziren, itsasontziz, eta Frantziako Fontainebleau herritik gertu zegoen mojen egoitza batean hartu zituzten. Lau hilabetez egon ziren erbestean, eta, hango familien «elkartasun sareari» esker, aurrera egitea lortu zuten.
Handik lau hilabetera, Bartzelonara joan ziren, osaba baten etxera, eta gerra amaitu arte izan ziren han. Gernikara itzuli zirenean herria «txikituta» zegoela gogoratu du Lauzirikak. Azaldu duenez, gurasoen «ahaleginari» esker lortu zuten aurrera egitea, baina ez du sekula ahaztuko zenbat «sufritu» zuten. Eta, haren hitzetan, horregatik da garrantzitsua memoria ez galtzea: «Ezin dugu ahaztu. Memoria behar dugu egindako hutsak ez errepikatzeko eta aurrera egiteko».
Ikusi gehiago:Gerrak markatutako umeak
36ko gerrako umeak. Lekukotzak
«Indarrez igo ninduten 'Habana' itsasontzira»
Imanol Basañez Goiri eta Miren Karmele Lauzirika Otaolea. Bilbotik Belgikara bata, Gernikatik Frantziara bestea. Gerratik ihes egin zutenekoa iltzatua dute memorian, nork bere modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu